Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Nolotil

Nolotil

Markos Zapiain 2008/08/19 13:13

Gogorrak izaten ditut hagineko minak. Ez dakit zehazki noiz hasi zitzaizkidan. Oinazearekin batera tristura astun bat jabetzen da nitaz. Dena den, ez dakit ziur hagineko minak ote dakarkidan tristura ala tristurak eragiten didan hagineko mina, tristurak dakarren defentsen jaisteak eta desbabesak zaurgarriago edo bulnerableago egiten baitzaitu.

Batzuetan iruditzen zait mina sortzeko orudan txokolatea eta limoia bezalako jaki jakin batzuk bereziki kaltegarri zaizkidala… Baina jaki horiek zeharo saihestuta ere mina etorri egiten da.

Bilboko haginlari batzuek nerbioa desbitalizatu zidaten. Ofizialki oinazerik sentitu ez dezakedan arren, halere, sentitu egiten dut. Beste haginlari batzuenean ere ibili naiz baina ez dugu deus ere erdietsi.

Litekeena da hagineko mina kaltetutako beste gorputz atalen baten isla izatea: gibela ezin omen da sentitu, baina txarto dabilelarik beste atal zenbaiten bidez adierazten du bere urradura, besteak beste hagineko minaren bidez.

Sinesgaitza dirudien arren nanoteknologiaren eta kohete termonuklearren garai hauetan, ez dago hagineko oinaze zehatzaren aurkako botikarik. Edozein oinaze baretzeko botika horietakoak erabiltzen dira, analgesiko painkilerrak: aspirina, espidifen, termalgin, kodeina, parazetamola... 

Dakitenek diotenez, otordu bakoitzaren amaieran Iboprufeno bi hartzea da hagineko mina kentzeko egokiena.

Niri ordea  soilik anpuluetako Nolotilak eztitzen dit oinazea. Kapsula ez zait aski. Anpuluaren eragina kapsularena halako lau da.

Kontua da EAEko botiketan errezeta eskatzen dizutela. Gainera, Nolotila anpulutan eskatuz gero mesfidati begiratzen dizute, farmazia atrakatzera joan bazina legez, Nolotila ukatzeak zugan erreakzio eroren bat sortzeko arriskua balekar bezala, jonkia bazina bezala zimino betean.

Suizidek gero eta gehiago erabiltzen dituzte analgesikoak: Koldo Goitiaren ustez, horrek azal lezake EAEko botikarien ximurkeria.

Edozein gisaz, EAEn ez bezala  Nafarroan batere arazorik gabe ematen dizute Nolotila, sarritan irribarrez. Behin baino gehiagotan galdetu izan didate zenbat kutxa nahi ditudan. Hots, hiruzpalau anpulu-kutxa Nolotil eskatzea Nafarroan ez da deigarri edo kezkagarri.

Ordea, analgesikoen eta suiziden gaineko Koldo Goitiaren hipotesia aintzat hartuta, baliteke Nafarroako farmazialarien itxurazko eskuzabaltasun horren azpian ni suizidiora bultzatu nahia ezkutatzea, beren irrika isila izatea nik lehenbailehen nire buruaz beste egin dezadan: EAEko turista bat gutxiago. Hein batean, ulergarria litzaidake.

Aitortu nahi nuena da udan, Lizarrako, Tafallako, Berbinzanako eta Erriberriko farmazietan erromes, Nolotil anpulu-kutxa mordo bat erosten dudala, negua lasai pasatu ahal izateko.

Azkeneko menian Loiolan politikoak Nafarroan eta EAEn erakunde komun bat abian jartzeko aukeraz mintzatu ziren. Hori garrantzitsua da, jakina, baina niretzat bederen oraingoz premiazkoagoa litzateke EAEko farmaziek eta farmazialariek Nafarroakoen araudia eta adeitasuna bere egitea, adeitasun horren zinezko zioa gorabehera.

Nolotil aferaz denaz bezainbatean, bistan da “Nafarroa Euskadi da” ez dela bidea, baizik EAE Nafarroara biltzea eta Nafarroan txertatzea. 

 

Patxi
Patxi dio:
2008/10/09 03:00

Mina eraman ezinda, 100 euro baino prezio garestiagoa ere pagatuta nago ni. Urte asko dala, Arrasaten, su garretan zegoen orratza utzi nion "sorgin" bati nere belarrian iltzatzen, bizkarreko nerbio bat hil eta mina akabatuko zidalakoan. Ez zidan akabatu nerbiorik, ez zidan kendu minik, majo kobratu zidan, eta haragi errearen usaia oraindik ondo txertatuta daukat oroimenean.

Nolotila askoz eraginkorragoa da. Edonola ere, asko pozten naiz minik ez izateaz, Markos. Idazketan berriz aldaketarik ez, zorionez

Patxi
Patxi dio:
2008/08/22 10:38

"Dena den, ez dakit ziur hagineko minak ote dakarkidan tristura ala tristurak eragiten didan hagineko mina"

"Ofizialki oinazerik sentitu ez dezakedan arren, halere, sentitu egiten dut".

Psikoanalistarena eginez, zure beste mezu bateko pasarte honetan aurki liteke erantzun posible bat:

"Amy Winehousek bere burua ez du batere gustuko eta horregatik sentitzen dugu hainbatek eta hainbatek oso hurbila"

Zure burua zigortzen ari zera, apika.

Hala balitz, bere burua gutxiesten duten neska eder perfekzionista hoien taldean kokatuko zintuzket. Beren buruaren edertasunaz konsziente izan arren, perfekzioa obsesiboki bilatzen dutenak, eta arrazoirik batere izan gabe ere, ez dagoen tokian akatsak aurkitzen dituztenak. Akatsak zuzenduko dituen modurik aurkitzen ez eta, inpotente, horregatik zigorra.

Terapia gisa, zure testuetan akats gramatikalen bat txertatzea gomendatzen dizut. Sintaxiari ostikoren bat tarteka ere, ez legoke gaizki. Perfekzioarekin lotzen zaituen katea puskatzen hastea, alegia. Batek daki, akaso funtzionatzen du, eta hagineko minak desagertu egiten zaizkizu. Haundia da anpuluetako Nolotilak eskeintzen duen plazera, baina oinazea, nik ondo ezagutzen det, ez da plazeraren maila berekoa, askozaz ere bortitzagoa baizik. Merezi du proba egitea.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/10/08 11:55

patxi, hasia nauzu gaizki idazten, gero eta traketsago eta inperfektuago, ohartuko zinen noski, eta hobekuntza nabarmena sumatu dut haginetan, minik ez aspaldi handian; hor dauzkat anpuluetako nolotilak pilatuta erabili barik, izango da EAEn baten bat anpulu bakoitzagatik 100 euro ordaintzeko prest: pribatutik konponduko gara

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.