Nola irudikatu estralurtarrak?
Nolabaiteko adimena lukeen izaki estralurtarra irudikatzeko orduan Lurzentristegiak izan gara, antropomorfismoaz abusatu dugu: “Hirugarren Faseko Elkartzeak”, “ET”, “Independentzia eguna”, “Bederatzigarren plana kanpoko espaziotik” (historiako filmik txarrena, dakitenek diotenez), “Martitzen erasoa”, “Cocoon”, “Ixa espedientea”, “Stargate”…
“Munduen gerra”ko Lurraz kanpokoak makinak dira; haien Jainkoa horrenbestez gizakion antzirudiko suposatu dute.
Gehienez ere, erdi gizaki erdi ugaztun asmatzen ditugu (“Alf”, “Galaxietako gerra”…); edo erdi gizaki erdi olagarro (“Simpsondarrak”).
“Alien” bera, antropomorfismoa gainditzeko ahalegin ederra izan bazen ere, ez ote da zomorromorfikoegia, Lurtarregia azken batean, “Planeta Gorria” filmeko txingurri hiltzaile haiek bezala?
Ez da harritzekoa Lurraz kanpokoa “hautemangarri” irudika dezagun, guk gutxi gorabehera ulertzeko modukoak botako lituzkeen estralurtarra gogoratzean zinemako eta telebistako martiztarrak baitatozkigu batez ere burura, eta zineman zaila litzateke ikus ez daitekeen pertsonaia bati inolako protagonismorik ematea, izan dadin lurtar izan dadin alienigena.
Egia da irudikatzen dugun guztiak aurretik ikusitakoa duela oinarri, eta zeharo berriak zaizkigun izakiak lehenago ezagututakoen ezohiko konbinazioek osatzen dituztela. Horien berri eman ahal izatekotan, kasu, forma geometrikoak eta koloreak aipatu beharko ditugu ezinbestez, ez baitakigu bestela ikusten.
Hots, kontua ez da estralurtarrak irudikatzeko orduan giza ahalmenak gaindi ditzagun exijitzea. Dezentzia pixka bat, besterik ez dugu eskatzen.
AEBetatik datozkigu ia beti estralurtarren filmak. Ingelesez, “alien” deitzen zaie estralurtarrei.
Alta, AEBen etorkinei ere “alien” deitzen diete.
Dirudienez, estralurtarrak irudikatzeko Hollywooden bilakaera, bat etorri da Lurreko etsai beldurgarrientzat hartu izan duenarekin: orain dela berrogeita hamar urte kolektibistak ziren martzianoak, orain berriz gero eta mairuago.
Euskal zinemak oraindik ez digu estralurtarrik ekarri.
Ausartuko denerako, izango ahal da teknika zinematografikoa “Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia” eleberriko protagonista den Christopher-en gogoeta hau kontuan hartu ahal izateko bezain perfektua :
“Eta denbora puska batean euri-hodei gris izugarri hari begira egon ondoren, poliki-poliki mugitzen ikusi nuen, estralurtarren espazio-ontzi bat ematen zuen, ehunka kilometro luzekoa itxuraz, “Dune”, “Blakeren 7ak” edo “Hirugarren Faseko Elkartzeak” filmetakoak bezalakoak, salbu eta ez zela material solidoz egina, baizik eta lurrun ttanttantxo kondentsatuz, horrela baitira eginak hodeiak.
Eta izan zitekeen estralurtarren espazio-ontzi bat.
Jendeak uste du estralurtarren espazio-ontziek solidoak izan behar dutela eta metalez eginak, eta argi pila bat izango dutela gainaldean eta poliki mugituko direla zeruan, zeren eta guk horrelakoak egingo genituzke, gauza bagina. Baina estralurtarrak, existitzen badira, gu ez bezalakoak izango dira ziur aski, oso bestelakoak. Baliteke bare handiak bezalakoak izatea, edo erabat zapalak, islak bezalakoak. Edo baliteke gorputzik ez izatea. Izan litezke soil-soilik informazioa, ordenagailu batean dagoena bezalakoa. Eta baliteke espazio-ontziak hodei itxurakoak izatea, edo loturarik gabeko objektuz eginak, hala nola hautsez edo hostoz”. (Xabier Olarraren itzulpena, 105-106 orr.)