Noeren eta Kamen arteko harreman fisikoa (Hasiera, 9)
Ezin ederragoa da, noski, Biblia. Liburu batzuk beste batzuk baino biziagoak, ezin bestela. Ikasketa biblikoak aurrera doaz. Lan handia egin dute historialariek, filologoek eta hermeneutek azkeneko hamarraldietan. Nahum M. Sarna bezalako jakintsuei esker, gero eta egiantzekoagoak dira pasarte zehatzen interpretazio eta berrirakurketa onartuenak, nahiz eta Bibliaz berriki arte uste izan ohi denarekin sarritan bat ez etorri.
Adibidez, bada Noeri eta bere semeei buruzko pasarte bat (Hasiera 9:18-27), gero eta ulergarriago bilakatzen ari dena, alde fisikotik zein psikologikotik. Honelaxe dio sarean dabilen itzulpen batean (Elizen Arteko Biblia, Editions du Cerf):
NOE ETA HAREN SEMEAK
Ontzitik atera ziren Noeren semeak: Sem, Kam, Kanaanen aita, eta Jafet.
Noeren hiru seme hauetarik sortu ondokoak munduan barna hedatu ziren.
Noe laboraria zen eta mahastia landatu zuen.
Arnoa edan zuen batez, mozkortu zen eta bere oihal-etxolaren barnean biluzi.
Kanaanen aita Kamek, aita biluzik ikusi zuenean, kanpoan ziren beste bi anaieri jakinarazi zioten.
Sem eta Jafetek, soingaineko bat hartu, sorbaldan bien artean ezarri eta, gibelka joanez, aita biluzia estali zuten. Bestalderat behatzen zutela, ez zuten aita biluzik ikusi.
Bere mozkorretik atzarri zenean, jakin zuen Noek bere seme gazteenak egin ziona.
Orduan, erran zuen: «Madarikatua Kanaan! Bere anaien esklaboen esklabo izan bedi».
Erran zuen, gainera: «Benedikatua Jauna, Semen Jainkoa! Kanaan izan bedi Semen esklabo!
Jainkoak heda beza Jafet! Bizi bedi Semen oihal-etxoletan! Kanaan izan bedi Jafeten esklabo!»
Uholdeaz geroz, ehun eta berrogeita hamar urtez bizi izan zen Noe. Orotara bederatziehun eta berrogeita hamar urte bizi izanik, hil zen.
POPATIK
Ontzia, uholdea, elkargoa, ortzadarra, belea eta usoaren ostean gertatu da pasadizoa. Itzulpenetan mozorroturik gelditzen dena (ez osotoro hala ere, zeren agerian baitugu, besteak beste, "gibelka joanez, aita biluzia estali zuten" iradokitzaile hori): Noek eta bere hiru semeek, Sem, Jafet eta Kam-ek, egundoko mozkorra harrapatu dute. Oihal-etxolaren barruan biluzi dira. Halako batean, Kam eta Noe bakarrik gelditu eta semeak sodomizatu egin du aita.
Gisako gertaera larri batek baizik ezin azal lezake biharamunean Noek Kamen ondorengoen aurka botako dituen madarikazioen bortizkeria. Aita biluzik ikusi izana eta horren berri kanpoan diren beste bi anaiei jakinarazi izana ez baita aski.
Horra hor hermeneutika modernoak egiaren bila eginiko beste aurrerapauso adoretsu bat.
Nahum M. Sarnak aukera posibletzat jotzen du, halaber, Kamek aita Noe zikiratu izana. Aldiz, ez zaio sinesgarria iruditzen eztabaidatu izan den beste hipotesi bat, hots, Kamek Noeren emaztea biolatu izana. Sarnaren hitzak (aurreko estekak daraman liburuko artikulu honetan daude: "The Anticipatory Use of Information as a Literary Feature of the Genesis Narratives", hirugarren oinoharrean): “Wheter Ham was guilty of castrating his father or of practising sodomy upon him is discussed in Sanh. On the basis of Lev 20:11, S. Gevirtz, “A Father's Curse,” Mosaic 2/3 (1969): 56-61, believes that Ham violated his father's wife. Howewer, what is described in Gen 9:22-23 would be hard to reconcile with such an explanation.”
BELTZAK ESKLABO, JAINKOAREN AGINDUZ
Bestalde, Historian, Afrikako beltzen esklabo-izaera zuritzeko erabili izan da pasarte hori, Kamengandik omen baitatoz beltzak (juduak Semengandik bezala, eta europarrak Jafetengandik). Jainkoak berak erabaki zuenez beltzak europarren eta juduen esklabo izatea, esklabismoa borrokatzea Jainkoaren aurkako krimena da. Arrazoibide hori Erdi Aroan agertu zen. Maiz erabili izan da esklabo beltzen komertzioa zuritzeko, eta gailurra jo zuen XIX. mendeko AEBetan. Gaur egun, kristau mormoiek darabilte batik bat, Azken Egunetako Santuen Jesu Kristoren Elizetan. Zain dauzkazu Bilbon, Agirre Lehendakariaren Etorbideko 3an.