Nice eta necio
Anthony Burgessek Language Made Plain bitxian dioenez, erro etimologiko bera dute, latinezko "nescius", nola ingelesezko "nice" (jatorra, atsegina), hala gaztelaniazko "necio" (inozoa, ergela) adjektiboek.
Deriba semantikoaren adibide jakingarritzat du. Hitz bera kontrakoa adieraztera darama zenbaitetan esanahiaren bilakaerak, aldaketa sakonak gertatzen baitzaizkio herririk herri eta menderik mende. Beste adibide bat: kontrakoa da “samur” Iparraldean eta Hegoaldean.
Erromatarren garaian, “ezjakin” esan nahi zuen “nescius" adjektiboak. Bi zatiz osatuta dago: "ne-" aurrizki negatiboa (ez), eta "scire" aditzaren erroa (jakin). Erro horretatik datoz “zientzia” edo “kontziente” bezalako hitzak.
Jatorri komun horretatik abiatuta, “necio” eman zuen espainolez “nescius”ek. Ia bere horretan eutsi zion, horrenbestez, jatorrizko esanahi negatiboari. Ingelesean egin duen bidea da harrigarria, “nice” eman baitu. Ez da denboraren joanak iraina laudorio bilakatu duen kasu bakarra.
Erdi Aroan igaro bide zen Latinetik frantsesera. XIII. mende aldera badago “nice” elearen lekukotasunik frantses zaharrean, "ergel", "memelo" edo "sinple" esanahiarekin. Frantsesetik ingelesera, berriz, XIV. mendean pasatu zen. Normandiarrek sartu zuten hitza Ingalaterran.
XV - XVII. mendeetan gertatu zen esanahiaren fintzea. Orduan pasatu zen “ergel” izatetik "lotsati” edo “delikatu” izatera. Gero, "delikatu"tik abiaturik, “zehatz”, “fin” edo “dotore” esanahia hartu zuen. Oraindik ere gordetzen da zentzu hori “a nice distinction” bezalako esapideetan, "oso bereizketa zehatz eta sotila" adierazten baitu, horrelako zerbait.
Azkenik, XVIII. mendetik aurrera erabaki zen gaur egungo esanahia: pertsona “fin eta dotorea” igaro zen izatera “atsegina”, “jatorra” edota “ona”.
Beraz, anglofonoak “very nice” zarela esaten badizu, espainolak “necio” deituko balizu adierazi nahi lukeenaren kontrakoa ari zaizu esaten, biek darabilten arren erromatarrek ekarririko hitz bera. Herrien psikologiak ere izango du zerikusia beharbada. Litekeena da ingelesentzat jatorra dena erdi memeloa izatea espainolentzat, zeinentzat bakarrik zakar antipatikoa izan bailiteke benetalaria eta autentikoa.
