Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Nancy: egiazkoa da gezurtiaren asmoa

Nancy: egiazkoa da gezurtiaren asmoa

Markos Zapiain 2026/05/11 12:40

Aurreko testu biak gaurko honen testuinguru gisa edo balio behar lukete.

Walter Benjaminek 1929 eta 1932 artean haurrei eta gazteei zuzendutako irrati-saioak idatzi zituen. Berlingo eta Frankfurteko irrati publikoetan emititu ziren saio horiek. Gero, liburu gisa jaso eta  Aufklärung für Kinder izenburupean argitaratu zituzten: Haurrentzako ilustrazioa, Haurrentzako argibideak.

Aufklärung alemanez bi gauza da batera: Ilustrazioa (XVIII. mendeko mugimendua), eta argibidea, azalpena, norbaiti zerbait ulertaraztea.

“Lumières pour enfants” itzuli zuten frantsesez, eta egokiro gordetzen du jatorrizkoaren polisemiaren ñabardura.

Ez zion Benjaminek berak eman liburuari izenburua; hala ere, ondo laburbiltzen eta adierazten du Benjaminen asmoa: haurrak ilustratzea, baina moralizatu barik, munduaren arrakalak disimulatzeke.

Benjaminentzat, ilustratzea ez baita haurra babestea, baizik eta munduko egia gordinak erakustea, lurrikarak ere aipatzea, iruzurrak, lapurretak, sorginkeria, hondamendi teknologikoak… Alegia, haurtzarotik bertatik laguntzea modernitatea ulertzen.

Gilrberta Tsaï-k, bere aldetik, lan handia egin du frantziar antzerkia deszentralizatzearen alde. Gainera, “hitzalditxoak” antolatzen ditu umeentzako (eta umeekin joaten diren helduentzako), oiartzuarra balitz bezala, eta “Lumières pour enfants” deitu die, Benjaminen omenez.

Halako batean, hitzalditxo horiek liburutxoetan jasotzen hasi zen, eta Bayard argitaletxeak “Les petites conférences” bilduman plazaratzen ditu. Hor agertu dira Françoise Heritier-en “Sexuen diferentzia”, Alain Badiouren “Finitua eta infinitua”, Ryoko Sekiguchiren “Marmita bat da Lurra”. Orobat, Jean-Luc Nancyren “Gezurren egia”.

Ipuinaren eta irrati-fikzioaren bidez kontatzen zion sarritan Benjaminek haurrari munduaren egia. Antzeko jarrera baliatuko du Jean-Luc Nancyk gezurraren egia aztertzeko: fikzioa ez baitu egiaren aurkakotzat, baizik eta egiara heltzeko bidetzat. Erran gabe doa, bestelakoak dira fikzioa eta gezurra. Hemen ez gara arituko gezurraz baino.

Bordeletarra zen Jean-Luc Nancy, Derridaren hurbila, Derrida baino hamar urte gazteagoa (1930ean jaioa Derrida, Nancy 1940an). Hamar urtetik gorakoentzako Nancyren hitzaldi bat jasotzen du "Gezurren egia"k.

Hor kontatzen du txikia zenean bere aitak lan-kontuengatik maiz hartu behar izaten zuela hegazkina. Egun baino are ezohikoagoa zen garai hartan. Dena den, ikaskideen eta lagunen artean zuen irudia eta errekonozimendua sendotzeko, asmatu zuen aitak hegazkinetako hegaletatik eskegirik bidaiatzeko ohitura zuela.

Egiari estu loturik dakusa Nancyk gezurtxo hori, beste guztien antzera: lehenik eta behin, gezurra eraikitzeko oinarrizko materiala, ametsetakoa bezala, benetakoa delako, errealitatetik eratorria.

Bigarrenik, gertakaria den heinean ere, egiazkoa da gezurra. Esanikoa faltsua izan arren, egiazko gertaera baita esatea bera. Aita hegazkin-hegaletik zintzilik bidaiatzen duela ez da egia; ezin ukatu haatik semeak horixe esan duela. Ondorio ontologikoa dakar egiaztapen horrek: gezurra ez da egiaren absentzia hutsa, ez da gabezia, ez da deuseza, baizik eta munduan jazotako ekintza.

Horregatik ditu Nancy umearen gezurrak ondorio errealak munduan: besteak beste, entzuleen harridura eta miresmena, harremanak moldatzea, gezurtiaren irudi soziala eratzen laguntzea.

Hirugarrenik, eta oraingoz azkenik, gezurraren edukia faltsua izan arren, egiazkoa da gezurra asmatzeko bulkada. Haurrak edo nerabeak, gezurra esaten duelarik, zenbaitetan ez du xede nagusi errealitatea estaltzea; oroz gain, bere burua zizelkatu nahi izaten du. Nancyren hausnarketan interesgarriena ez da gezurraren gaineko mintzamolde morala (hori ere badarabilen arren), ezpada existentziala.

Egia afektiboak “aparta da nire aita” esatera leramake gezurtia, baina ezin da hori esatera mugatu, ez zaio aski. Ezinbestekoa zaio fabulazioaren emendioa: “abioietako hegaletan bidaiatzen du aitatxok”. Aise irudikatzen da, “aparta da nire aita” baino askoz ere zehatzagoa eta biziagoa da, eraginkorragoa.

Ezkutatu baino gehiago, erakutsi egiten du gezurrak maiz. Esaldi gezurtiaren edukia faltsua bada ere, bistan da zinezkoa dela zeharka adierazten duen egia: aitarenganako miresmena, bere burua besteen aurrean nabarmendu nahia, errekonozimenduaren bilatzea. Subjektuaren egia darakutsa gezurrak. Nancy umearen fantasiak ez digu aitari buruzko egia ematen; bai ordea Jean-Lucen nahi ezkutuari buruzkoa.

Mekanismo sakon bat dakusa Nancyk haurraren gezurretan: helduok baino are nabarmenago, haurra ez da soilik “badena” edo “ageri dena”; “izan nahi lukeena” ere bada. Horrela, naizenaren eta izan nahi nukeenaren arteko zubi-lana egingo luke nolabait gezurrak, adierazten baitu zer nortasun mota dudan helduarorako helburu. Haurraren gezurrak irudimenaren lana darakutsa, helburu hori lortzeko ahalegin inkontzientean. Aita heroiko baten seme naizela aldarrikatzeak superboterez apainduriko identitate baten bidean jartzen nau. Antzekoa litzateke umeak gizon gihartsu fortzudoak etenik gabe marraztearen zentzuetako bat.

Beraz, horrela korapilatzen dira Jen-Luc Nancyren ustez gezurra eta egia: alde batetik, gezurraren materiala egiazko mundutik dator; bestetik, egiazkoa da halaber gezurra adierazi izana, gertakaria bera; eta, azkenik, gezurtiaren nahi oharkabea ere egiazkoa da.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.