Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Musukoa pixkanaka erantzi

Musukoa pixkanaka erantzi

Markos Zapiain 2020/10/04 13:50
Arazo eta konponbide berriak

Joan den astean nire tutoritzakoek argazki bat ateratzeko eskatu zidaten, taldeko whatsappean jartzeko. Ikastetxe desberdinetatik datoz Botikazarrera, askok ez dute elkar ezagutzen, eta, musukoen erruz, inoiz ez diote ikaskideari aurpegia ikusi.

Argazkia atera baino lehen, gela ondo aireztatu eta musukoa segundo batez eranzteko proposatu nien, argazkian behintzat elkarren aurpegiak ikusi ahal izateko. Aita Santuak ahal badu, hemen Bilbon ez gara ba gutxiago izango. Ikasleek ez zuten nahi izan. Zuhurtziagatik, pentsatu nuen, beldurragatik.

Biharamunean, ordea, uko horretaz hizketan ari ginela, ikasleek esan zidaten ez zela zuhurtziagatik izan, baizik eta lotsagatik. Belarriak, begiak, bekokiak eta ileak iradokitzen dutena ederragoa izaten da errealitatea baino: Gestalt-ak, pertzepzioa ikertzen duen pentsamendu-korronteak, erakutsi digu zatitzat jotzen dugun edozein figura ikusiz gero, berez jotzen dugula osotasuna irudikatzera, eta, hauxe da garrantzitsuena, onerako joera ei du gure pertzepzioak, borondate onez jokatzen du, osotasun hori aiseago edo automatikoago irudikatzen baitu eder itsusi baino.

Bestalde, ikasle batzuek Instagram-en bitartez baino ez dituzte beste batzuk ezagutzen, eta Instagramen, kontrolpean duzunez zer igo eta zer ezkutatu, itxura ahal bezain ederra ematen ahalegintzen zara, Photoshop-a lagun edo bestela.

Batez ere ikaskideen dezepzioa ez eragiteko egin zioten uko musukoa eranzteari. Gero eta konfiantza handiagoa behar da lagun hurkoari ezpain-sudurrak erakusteko. Belo islamdarraren kasuan bezala, ahoa pixkanaka desestaltzeko prozesua erotizatzen ari gara, musukoa eranztea streaptisaren aldaera bat ari da bilakatzen.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.