Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Molekulak, zentzumenak, garuna, adimena

Molekulak, zentzumenak, garuna, adimena

Markos Zapiain 2024/01/08 13:24

Giza kontuetan hizkuntzak duen omnipresentzia hainbat esparrutan mamitzen bada ere, biologiako agerpenak harritu zuen bereziki Txillardegi. 1972rako adierazia zuen kromosomaren hizkuntzatasunaren aurreko txundidura, eta hizkuntza estrukturalaren hedatzeari lotu zion Anaitasuna aldizkariko “Bi jakintsuren aitorrak” idazkian: zelulako kromosoma, programa zibernetikoa eta liburuko izkribua berdintzen ditu jakintsu horietako batek, François Jacob biologoak, Roman Jakobsonen ideien ildotik. “Materialismo zibernetiko” deitu izan denetik hurbil dabil pasarte honetan Txillardegi:

«Zuntz genetikoaren luzeran «irakur» daitezkeen kimika-radikalak, eta Fortran-programa baten lerroetan «irakur» daitezkeen sinboloak, benetan zaizkio kide hertsiak [François Jacobi]: bakarka harturik adikizunik ez badute ere, elkarturik «mezu» bat dakarte, operabide bat; eta operabide hau gero Zibernetikaren arabera obratzen da; alegia, azken funts zolan, «bai» ala «ez» arrapostu bikunaren bidez.

Kateko elemento bakar baten aldakuntza edo lardaska, bai zuntz genetikoan, bai programa elektronikoan, ondorio berbera dakar: programak ez duela, eman behar zukeena ematen; edo, huts hori egin delako, beste ondorio bat dakarrela. «Huts» hoietaz baliatuz azaltzen ditu gaur Biologiak mutazioak eta eboluzioa».[1]

 

ZENTZUMENEN ERAGIKETAK ETA ADIMENARENAK BAT DATOZ

Hainbat filosofok aldarrikatu du hizkuntza eta pentsamendua ez dagozkiola gizakiari baizik. Alderantzizkoa erakutsi du kode genetikoaren aurkikuntzak: biziaren oinarrizko estruktura hainbat mailatan gauzatzen eta garatzen da. Adibidez, giza hizkuntzetan eta giza pentsamenduan. Biziaren beraren oinarrizko ezaugarriak berragertzen dira giza mintzairan eta pentsamenduan. Estruktura biologikoen jokabideak erreplikatzen dituzte giza mintzairak eta pentsamenduak; hots, beste maila batean bikoiztu, errepikatu eta garatu. Antzekoak dira biziaren eta zelularen estrukturak, batetik, eta, bestetik, giza hizkuntzaren eta pentsamenduaren estrukturak. Estrukturala da kode genetikoaren eta hizkuntza artikulatuaren arteko analogia. Estruktura biologikoak, elementu sinpleen konbinazioaren bitartez, izaki bizidunak eratzen ditu: molekulak eta zelulak. Gizakion gaitasun linguistikoak eta giza komunikazioak beste maila eta esparru batean erreplikatzen dute jarduera hori: berez esanahirik ez duten zeinuak konbinatuz sortzen dituzte esanahiak. Molekulen arteko komunikazioaren hastapen estrukturalen arabera daude eratuak estruktura linguistikoak.[2]

François Jacoben eta Txillardegiren ikuspuntuaren zehaztapen eta garapen interesgarria osatzen dute donostiarraren maisu Claude Lévi-Straussen ideia hauek ere: munduari ez diogu bere horretan antzematen. Kontzientziara heltzen zaizkigun datuak ez dira gordinak, berehalakoak; aitzitik, zentzumenek eta garunak kodeturik heltzen zaizkigu. Antzera jokatzen dugu testuekin: beste hizkuntzetara itzuli ahal izateko edozein testu deskodetu behar den bezala, zentzumenek eta burmuinak aurretik kodeturikoa deskodetzen eta interpretatzen du ondoren adimenak.

Bestalde, ez dago funtsezko alderik bi eragiketa horien artean: berdintsu dabiltza kodetze-eragiketen oinarri diren prozesu fisiko-kimikoak eta deskodetze-lanean gogamenak darabiltzan prozedura analitikoak.

Halatan, adimenaren bideak eta bitartekoak ez dagozkio soilik gorentzat jotzen den jarduera intelektualari; aitzitik, zentzumenen organoetan jadanik abian dauden eragiketa intelektualak erreplikatu egiten ditu adimenak.[3] Lévi-Straussek azpimarratzen du isomorfismo eta erreplika horiek ez direla metaforikoak, errealak baizik. Zinez datoz bat kode genetikoaren estruktura eta giza hizkuntzetako kodeen azpian datzan estruktura.

Zorionez, Lévi-Straussi, François Jacobi eta Txillardegiri esker, gero eta zehazkiago dakigu nola gauzatzen den gorputz-arimetan hizkuntzaren nonahikotasuna.



[1] “Bi jakintsuren aitorrak”, in Anaitasuna, 1972-05-15, 6-7. orr.

[2] Nous sommes tous des cannibales, 257-258 orr.

[3] Le regard éloigné, 164. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.