Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Mitotik puskailetara (Gandiagarekin 4)

Mitotik puskailetara (Gandiagarekin 4)

Markos Zapiain 2010/03/10 18:49

 

Hilezkortasuna ukatzeko asmoz, arima hilezkorraren eta hilondoko bizitzaren ideien antropomorfismoa azpimarratu izan da. Baina hori ez da zentzuzko kritika bat. Ezkila hautematea ere antropomorfikoa da, gizakiak dagien guztia ezinbestean baita antropomorfiko. Ez antropomorfismoa, baizik honako hauxe duzu erlijioaren arazoaren giltza postmodernian: “Jainkoa, arimaren hilezkortasuna, zerua, infernua, denak mezu bat ematen du zoragarria eta gaizki kontatua. Giza hizkuntzaren ahalean ez dagoelako ongi kontatzea.”

Miresgarriak izan daitezke erlijioak eta fededunari laguntzen diote. Joxe Azurmendik ordea ezin ditu guztiz bere egin: ez hilezkortasun platoniko-kristaua, gorputzaren eta arimaren dualismoa oinarri, soilik arima jotzen duena hilezkortzat; ezta edonon aurki litekeen eta oso antzinatik datorkigun sentimendua, naturarekin bat kosmosean urtutakoaren hilezkortasuna. Sentiera primitibo hori bereagoa du hala ere. Arimatxo ugari dugu gure baitan eta Azurmendiren horietakoren batek oihartzun egin liezaioke Mariaren kantuari. Baina aldi berean unibertsoarekin bat egitera itzultze guztizkoa eragotzia du, sakonegia baita honezkero naturaren eta gure arteko etena. Behialako batasuna bizitzaren eta heriotzaren artean “bion oposizio dago bilakatua, bata bestearen ukoa”.

Azurmendik ez du Gandiagaren eta bere amaren segurtasunik, bere baitako arimatxo horiek sarritan ez baitatoz bat. Ez daki sinesten duen, ez duen, ez daki zer egiten duen. Eszeptizismo bizi batek dirudi bere bihotzeko puskailarik barnekoenetakoa.

Kontua da nola pentsatu gaur egun bizitzaren zentzua, heriotza, gizakiaren patua, munduaren azkena. Gogoetagai horiek nekez geuregana ditzakegu ganoraz hizkuntza mitologikoa erabili ezean. Hilezkortasunari eta betikotasunari zentzua eman ahal izateko, egundaino, ez dugu erlijioarena bezain hizkera egokirik asmatu. Baina honezkero galdua dugu fedeak eskatzen zuen xalotasun intelektual eta morala. Jaiotzen eta hiltzen jarraitzen dugu, baina ez dakigu zelan mintzatu bizitzaz eta heriotzaz. Azurmendirentzat, horrenbestez, “problema gurea da, ez mitoarena, mitoarentzat ez daukagulako alternatibarik: zentzuaren galdera inolako hizkuntzarik gabe utzi dugu.”

Bestela esanda: antzinako mundutik hainbat sentimendu bizirik dago gure baitan, eta mundu modernotik ere anitz jarrera geureganatu dugu, "baina gu ez gara ez mundu batekoak ez bestekoak, eta geure mundu bat ez daukagu. Mila fragmento gara eta ez gara inongoak. Puskailetakoak gara gu."

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.