Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Miren Larrion: "Nire buruak ni engainatu ninduen"

Miren Larrion: "Nire buruak ni engainatu ninduen"

Markos Zapiain 2022/12/08 12:25

Pairatu ez duenari zaila zaio disoziazioa zer den ulertzea. Horregatik, irakaskuntzan, besteak beste, harribitxiak dira Miren Larrionenaren tankerako biluzteak, psikiatrikoetako pazienteenak bezala, ikasleen aurrean mikroa hartu eta beren eritasunaren jatorria eta bilakaera azaltzen dutelarik (eskizofrenikoak izaten dira ia beti). 

Miren Larrionek Faktorian eta Biba zuek!-en kontatu du bolada batean arriskupean sentitzen zela, edozein unetan eraso bortitza jasateko zorian. Eraso-mehatxua zertan zen zehazki, oraingoz ezin du jakinarazi, oraindik ez baitu oroitzapen gisa prozesatu, biziberritu egiten zaio. Mehatxu horrek eragin zion trauma, eta psikiatrarekin lantzen ari da. 

Kontua da zenbaitetan ezin ziola izuari aurre egin, eta halakoetan burmuinak babes antzeko bat garatzen du: sentimendu jasangaitzari loturiko errealitatea alde batera utzi eta larrialdiko funtzionamenduari ekiten dio, eria fikzio batean bizitzera eramanda. Garbi bereizten ditu Larrionek alde batetik “nire burmuina” edo “nire burua” eta bestetik “ni”.

Tentuz haatik: bihurkaria adierazteko euskaraz “burua” erabiltzeak ez dio laguntzen Larrionen azalpenaren ulermen zuzenari. Berez, “nik neure buruari laguntzen diot” eta “neure buruak neure buruari laguntzen dio” parekoak dira gutxi gorabehera. Aldiz, Miren Larrionek “nire burua” eta “nire burmuina” sinonimo gisa darabiltza, "burua" organo anatomikora mugaturik. Hortxe da beharbada Larrionen edo euskararen originaltasuna disoziazioa adierazteko orduan: neure buruak ni izateari utzi eta nire burmuinarekin identifikatzen da. Eta sendatzea, alderantziz, osatzea izango da, integratzea, neure burua eta ni berriz ere bat etortzea, berex ibilirikoa berriro osotasunaren baitan kokatzea.

Disoziazioak dakarren larrialdiko defentsan, halatan, burmuina bide batetik doa, pelikularen bidetik, eta gorputza eta sentimendua bestetik, oinazean hondoraturik. Ezin dira konektatuta egon, bestela guztiak eztanda egingo luke. Horixe baita disoziaturik bizitzea: Larrionen oinazea bere buruak benetako kausatik aldendu eta beste pelikula batera proiektatu eta aldatu zuen, ez zena berez erreala, baina Larrionentzat bai. Sentitzen zuen beldur mingarria objektiboa zen; eta bere buruak sortu zion pelikula ere bai Larrionentzat berarentzat. Beste inorentzat ez, ordea. Eta Larrionen pelikulan baino ez zuten zentzurik Bilduko lankidearen kartera ebatsi eta bere nortasuna ordezteak.

Ingurukoei kontatzen zienean zer ari zen gertatzen, inork ez zion sinesten, ezta ulertzen ere. Ordu arte, maila arruntaren gainetik zerion Larrioni ziurtasuna; bizitza osoan izanak zitzaizkion fidagarriak bere burua, bere burmuina, bere adimena, bere iritzia: esaterako, ez zekien zer zen inguruko pentsamolde nagusiaren aurrean beste barik makurtzea. Krisian ziurtasun hori galdu eta zalantzan jartzen hasi zen bere burua: bere burua eta bera ez ziren elkarren fio. Azkenik, Larrion zeharo fidagaitz bilakatu zen bere buruari zegozkionetan.

Eta guztia publiko egin zenean, ekaitz mediatikoaren zurrunbiloan, Miren Larrion batek ez zuen nahi kobazulotxoan sartu eta kuzkurtu baizik, ez zuen inon agertu nahi; beste Larrion batek, berriz, lasaitu ederra hartu zuen. 

Bere buruaz ezin, eta ordutik aurrera bere psikiatraz eta lagunez hasi zen fidatzen; eta konfiantza horrek eraman du sendabidera. Ingurukoen babesari esker, iluntasunetik irten eta onezkoak egiten ari da bere buruarekin, elkarren konfiantza berreskuratzen ari dira. Eta orain bere buruari bera salbatu izana eskertzen dio, fikziozko pelikulara lekualdatu eta han egonarazita: "Auskalo nola amaituko nuen bestela".

Disoziazioa gainditu eta osotasunaren integrazioa erdiesten hasi delarik, zabalik ikusten du nolabaiteko normaltasunera itzultzeko aukera. Bat izaten hasi baitira ostera ere bere burua eta bera, natural erabil dezake "neure burua" bihurkari gisa. Eta horri esker eman dezake orduko pairamenduaren berri. Krisialdian bertan ez zatekeen gai izango, egia osoa adierazten ahalegintzen den kontakizuna eta disoziazioa ez dira-eta konpatibleak.

Politikan ez da ohikoa izaten Miren Larrionek erakutsi zuen eskuzabaltasuna: Gasteizko alkatetza xenofobia xaxatu berria zuen Javier Marotori kendu eta Larrionek berak baino boto gutxiago lortu zituen Gorka Urtaranen esku utzi zuen. Handia izan zen edonondik erakarri zuen miresmena. Eta, krisialdiak krisialdi, ezin hobeto eutsi dio Larrionek hain berea duen betiko eskuzabaltasun horri, bere eritasunaren gorabeherak jendeari jakinarazirik. Edonoiz sufri lezake gutako edonork antzekorik, eta putzuan zaudela eskertzekoak izaten dira argira itzultzeari ekin diotenen lekukotasun fidagarriak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.