Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Milaka kilker horman silikonaz itsatsirik, hilzorian

Milaka kilker horman silikonaz itsatsirik, hilzorian

Markos Zapiain 2010/09/28 13:06

 

Donostiak gaur bertan aldeztu beharko du Europako kultura-hiruburu izateko bere hautagaitza, Caceresekin lehian. “Caceres 2016” partzuergoak bultzatzen du hautagaitza hori.

 

Bada Caceresen “Habana Espazio Libre” izeneko areto bat, Pizarro kalean. Bertako gelak sortzaileei uzten zaizkie, margolari, zinemagile eta argazkilariei, erakusketak egin ditzaten.

 

Irailaren 14ean Ismael Alabadok, 34 urteko madrildarrak, instalazio bat ireki zuen Habana Espazio Libren. Alabado Arte Ederretan Lizentziatua da Salamancako unibertsitatean, eta Milango Arte Ederretako Akademian diplomatua.

 

“Zorba” bataiatu zuen instalazioa: mila kilker baino gehiago hormetan silikonaz itsatsirik, eta lau mila inguru lurrean botatako kutxetan itxirik; denak hilzorian. Erakusketa hau izan da “Caceres 2016” partzuergoak diruz lagundu duen lehenbizikoa. Donostiarrek Alabadoren instalaziorena erabil dezakete Caceresen hautagaitza desakreditatzeko, kilker-killer kirtenak.

 

Izan ere, instalazioak anitz ikusle oinazetu du, zirraragarria baita xomorro koitaduen hanken astintzea; gainera, aldi berean, kutxetako kilkerrek soinu altu eta monotonoa sortzen dute, aski makabroa, elitroak marruskatzearen ondorioz.

 

Erakunde ekologista batzuek erakusketa ireki bezain laster salatu zuten. Extremadurako Elkarte Zoologikoa ere kexatu egin zen, kilker bizien aurkako tratu txarrarengatik.

 

Sara Polok, Habana Espazio Libreko gerenteak, onartzen du berehala izan zutela deitoreen berri; baina ezin ei zuten instalazioa zarratu: “Ezin genuen zentsuratu, gure izen propioaren aurka joango ginatekeen”.

 

Emakume baten lekukotasuna: “Instalazio berriak ikustera joan nintzen, Habana Espazio Librean, eta ikaratuta gelditu nintzen gela batean sartu eta ehunka kilker ikusi nituenean hormari itsatsita ezin askaturik hankak astinduz, hiltzera kondenatuak. Ez dut krudelkeria hori ulertzen. Hori artea dela? Arduradunei kexatu nintzaien eta esan zidaten ezin zutela ezer egin. Erantzun nien beraiek ez baziren gai sufrimendu hori guztia desagerrarazteko neronek egingo nuela. Etxera joan, intsektizida batekin itzuli eta kilkerrei bota nien, beren oinazea amai zedin.”

 

Ordea, intsektizidak ez zuen kilker bakar bat ere hil, euli-hiltzekoa baitzen, ez edozein xomorro.

 

Bestelakoa da noski artistaren sentimendua, Ismael Alabadorena. Honen iritziz, “emakume horrek talibanek bezala jokatu du, askatasun sortzaile eta kulturalak zapaldu baititu. Bada jendea mindu dena, baina hori soilik gertatzen zaio instalaziora adimen eta gogo zabalez ez doanari, begien bistan duenetik harago joaten ez dakienari”.

 

Behin eta berriro errepikatzen du kilkerrek ez dutela sufritzen. “Ezin dute sufritu ez baitute nerbio-sistemarik. Landare bat ebakitzea bezala da. Bestalde, ni animalien aurkako tratu txarren kontrakoa naiz.” Antitaurinoa omen da, baina inoiz ez litzateke manifa batera joango, edozeren gainetik errespetua baloratzen baitu, tolerantzia.

 

Egia ote da kilkerrek ez dutela sufritzen? Adituak ez datoz bat. Jose Luis Perez Bote, Extremadurako Unibertsitateko Zoologia irakaslearen ustez, sufritu sufritzen dute: “Milaka kilker horiek, horman lekedaz itsatsita, sufritzen ari dira. Karramarro bati hanka bat kendu eta ematen du ez duela oinazerik sentitzen. Baina inurri bat zapaldu eta ikusten duzu minak okertzen eta bihurrikatzen duela. Dirudienez, zenbat sozialago zomorroa, hainbat sentituago oinazea; inurriek eta erleek, kasu, sakonki pairatzen dute”.

 

Perez Botek garbi ukatu ditu Alabado artistaren adierazpenak: “Kilkerrek badute nerbio-sistema, baita nerbio-sistemako errezeptoreak ere, eta horregatik erreakzionatzen dute argiaren eta beroaren aurrean.”

 

ALABADOREN AMETS ZAPUZTUA

 

Ismael Alabadok instalazio organikoak ditu gogoko. Aurretik espagetiekin edo pipekin ere lan egin izan du; zapi baten gainean kokatzen zituen espagetiak, giza esperma irudikatzeko. Oraingoan berriz kilkerrak: “Bilatzen dudana da ikusleak uler dezan ezen kilkerrak horman itsatsita dauden bezala, gutako bakoitza ere gizarte-arau batzuetara itsatsita dagoela, munduari lotuta, eta ez garela ohartzen une oro amaitzen ari den guztiaz.”

 

Alabadoren asmoa leiho berri bat zabaltzea omen da organikotasunaren kontzeptuari; urteak daramatza horretan lanean, baina bere asmoa ez da “behin eta berriz erabiliriko jarrerak errepikatzea, baizik eta berrikuntza itzela ekartzea, berrikuntza sakona.” Horixe erdietsi omen zuen espagetizko espermaren bidez: Alabadok, azken batean, gizakia deskontestualizatzea du xede.

 

Zorba-n, hasieran labezomorroekin lan egitea pentsatu zuen, susmoa baitzuen kilkerrak erabilita elkarte animalia-zaleen erantzuna ez zela oso goxoa izango; aitzitik, gizaki askori zaizkienez labezomorroak nazkagarri, uste zuen ekologistak-eta ez zirela gehiegi mugituko; edonola ere, azkenik ez du kilkerrak erabiltzea beste erremediorik izan; hori bai, azpimarratu du labezomorroen eta kilkerren oinarri neurologikoa berdina dela funtsean.

 

Artistak erakutsi nahi izan du “zer gertatuko litzatekeen bizitzeko egun gutxi batzuk gelditzen zaizkigula jakinda; helarazi nahi izan dut arte-obra ere bizirik dagoela; kilkerra hiltzen ari den bezalaxe, halaber gizakia; eta horixe da preseski jorratzen dudan kontzeptu organikoaren oinarria.” Kilkerrak pixkanaka hiltzen joatea zen ideia, ikusleek hausnar dezaten bizitzaren iragankortasunaz.

 

Era berean, obra honen bidez “kontzeptu enpatiko baten bila abiatu da, Jendea jar dadila kilkerraren tokian (baina ez ordea kilkerra humanizatuz); horrela, ikuslea ohartuko da bizitza iragankorra dela. Kontzeptu horixe dago erakusketaren izenaren oinarrian, alegia, “Zorba”, hitz grekoa berau, adierazi nahi duena “bizi ezazu bizitza, gozatu une bakoitza eta listo”.

 

Erantsi du bizitza gaixotasun antzeko bat dela, “baina ez negatiboa; sintoma batzuk dauzka eta heriotzarekin amaitzen da.”

 

Edonola ere, artistaren asmoak gorabehera, instalazioak eztabaida gehiago eragin du gogoeta baino, polemikaren zarata ozenagoa izan da zoritxarreko kilkerrena baino, eta azkenik itxi egin dute. Caceresen hautagaitzaren aldeko partzuergoak, hasiera batean kilker koitaduen erakusketa diruz lagundu zuen arren, azkenik instalazioa ixtearen alde egin du. Extremadurako Juntako Nekazaritza Sailak mehatxu egin die instalazioaren arduradunei: 15.000 euroko isuna, artearen aitzakiaz animaliei oinazea arrazoi barik eragiteagatik. Extremadurako Juntako presidenteak berak obraren erretiratzea eskatu eta zenbait orduren buruan itxi dute. Guardia Zibila bertaratu egin da, arazoa in situ aztertu eta konponbidean jartzera, ohi duenez. Azken erabakia Alabadorekin batera erakusketa kolektiboan esku hartzen ari ziren gainerako 19 artistek hartu dute beren gain.

 

Alabadok traizionaturik sentitu du bere burua eta ixtearen aurka agertu da askatasunaren izenean, artearen kontzeptu organikoaren izenean: “Egun bakoitza da amaieraren hasiera”, aldarrikatu du berriro.

 

Artistaren hurrengo ekimen sortzaileei dagokienez, iragarri digu kontzeptu organikoekin lanean jarraitzeko asmoa duela, eta, ziurrenik, bere obra berriko protagonista nagusia labezomorroa izango dela.

leire
leire dio:
2010/09/29 20:43

Eta hori artea da? Berba hori guztiz desitxuratu dute, instalazioen aitzakiarekin. Milaka kilkerren heriotza artea! Hamaika iksuteko jaio ginen! "Artista" horren suiziadiaren grabazioa ere artea litzateke? Sutan jartzen naute txotxolo horiek guztioriek. Gainera, besteon gainetik daudela uste dute! Zewlako jendilajea!!

markos zapiain
markos zapiain dio:
2010/09/29 22:54

Leire, ba antza denez Frantziako artista ospetsu batek instalazio batean bere kaka-mokordo batzuk utzi ditu; denboragarrenean euliak erakarriko ditu, gero eta ustelagoa izango da giroa, eta horrek guztiak "ororen usteltze ezinbestekoa" kontzeptua adierazteko balioko du. Erosiko diogu erdibana bere sormen-lanaren emaitza? Oso garestia omen da, baina agian erdibana iritsiko ginateke. Berehala hasiko ginateke ordea liskarrean: noren etxean gorde artelana? Gure arteko harreman ona pitzatuko litzateke. Nire ustez, Leire, hobe erosi barik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.