Michel Foucault eta Daniel Defert
Michel Foucault 1926ko urriaren 15ean jaio zen Poitiersen, familia burges katoliko batean. Kirurgilariak zituen aita eta amaren aita. Ikasle bikaina, etxean jakinarazi zuenean ez zuela Medikuntza ikasiko aita zapuztu zuen. Mesfidantza erakutsiko zuen beti Medikuntzari dagokionez, batik bat Psikiatriari. Foucaulten anaia txikia ere kirurgilaria izan zen. Foucaultek, gerora, Psikologiako irakasle zelarik, idazlan hauxe agindu zien ikasleei: “Idatzi folio bi familia neurotikoari buruz, hau da, familiari buruz”.
1936ak ekarri zion lehenbiziko harridura eta ezinegon handia: Espainiako gerra zibiletik ihesi, errepublikazale asko errefuxiatu baitzen Poitiersen, euskaldun asko tartean. Berehala nagusituko ziren naziak Foucaulten herriaz.
1946an utzi zuen Foucaultek Poitiers, 19 urte zituela, Parisko École Normal Supérieure ospetsuan onartu baitzuten. Onarpen hori zen garai hartan ikasle batek Frantzian lor zezakeen kontsakrazio gorena. Lau urtez bizi izan zen Ulm kaleko egoitzan. Liberazioaren poza gorabehera, ordea, gaizki pasa zuen han Foucaultek.
Bere homosexualtasunak barne gatazka mingarriak zekarzkion, puritanoa eta moralista baitzen gerraosteko Frantzia hura. Batzuetan, anbienteko lokaletara gauez irten eta egoitzara itzulirikoan ohean etzanda gelditzen zen hainbat egunez, errudun eta depresioak jota. Erasokor, intolerante eta asoziala dugu bolada hartako Foucault. Egun batean, ikaskide baten atzetik ibili zen korridoreetatik garrasika, labana eskuan. Zurrutari eman zitzaion. 1948an bere burua hiltzen saiatu zen. Psikologo eta psikiatrek tratatu zuten. Aurrenetakoa izan zen neuroleptikoen errezetak jasotzen. Edonolako drogek pizten zioten jakin-mina. Inoiz adikzioan jausi ez bazen ere, muturreko esperientziak egin zituen. Ezagunena, 1975ean Kaliforniako Heriotzaren Ibarrean LSDarekin egin zuena, inoizko bere bizipenik zoragarriena, Foucaultek berak esatera.
Behin batean adierazi zuen bere liburuen oinarrian bultzada biografikoren bat dagoela; besteak beste, eromena, eritasuna, psikiatrikoa, heriotza, kriminala, perbertsoa, kartzela, sexualitatea, anormalak aztertuko zituen bere liburuetan. Foucault agertu arte, Filosofiak egundo jorratu gabeko aztergaiak ziren horiek guztiak. Hori bai, liburuetan ez zuen bere buruaz hitz egiten. “Autore” funtzioa auzitan jarri zuen. Bere buruaz askatu eta ahazteko idazten omen zuen, bere aurpegia galtzeko, bera ez bezalako beste norbait bilakatzeko. Foucaultek idatziriko testu garrantzitsuak dabiltza oraindik harat-honat “Maurice Florence” batek izenpetuak. "Louis Appert" ere izan zen.
Pixkanaka armairutik atera eta 70eko hamarraldian bere gay izaeraz eta zaletasun sadomasokistaz libre mintzatzen amaituko zuen aldizkari eta elkarrizketa publikoetan. Gay gisa, uste zuen kontua ez zela gay identitatea azpimarratzea, baizik eta gay bizimoduak sortzea. Sadomasokismoari dagokionez, Foucaultentzat ez da, esan ohi den legez, botere-egituren erreprodukzioa harreman erotikoaren baitan, ez da jarduera bizarro edo perbertsoa, baizik eta botere-harremanen antzerkiratzea eta gozamen ineditoen iturria. Plazera desexualizatu eta botere-harremanak erotizatzeko modu bat ei da. Sadomasokismoan botere harremanak, gizartean ez bezala, alderantzikagarri bilakatzen dira. Jolas sadomadoa hasten denean, protagonistetako bat nagusia izan daiteke, eta bestea esklaboa, eta amaieran alderantziz. Rolen transgresioa aldez aurretik adosten da.
Mundu Gerraren amaierak eta liberazioak AEBetako bizimodu eta kultur ereduen lilura piztu zuten Frantzian; aldi berean, pentsalari gehienak Alderdi Komunistak erakarri zituen. Ospe itzela zuen orduan Frantziako Alderdi Komunistak, erresistentziaren eta fusilatuen Alderdia baitzen. Louis Althusser adiskidearen eraginpean egin zen Foucault Alderdi Komunistako kide 1950ean. Edozelan ere, urte bi ere ez zituen egin alderdikide gisa, Moskuko agintekeriaren berri izan bezain laster utzi baitzuen. Aurrerantzean, etengabe saiatuko zen ezker berri antiautoritario bat asmatzen. Garaitsu hartan ezagutu zuen hil arte maiteko zuen Daniel Defert.
Maiz egiten zitzaion Paris itogarri. Ihes egin eta Suedian, Polonian, Alemanian eta Tunisian ibili zen irakasle. Herri horietara bizitzera joan zelarik, epe labur samarrerako baino ez bazen ere, Foucaultek egin zuen aurreneko gauza bertako hizkuntza ikasten ahalegintzea izan zen, nahiz eta harentzat beharrezkoa ez izan.
Tunisiako Unibertsitatean harrapatu zuen Foucault hango 67ko erreboltak. Ikasle matxinoei lagundu zien. Urte haietan irakurri zituen Rosa Luxemburg, Che Gebara eta Pantera Beltzen testuak. 68ko maiatzak Frantzia zeharo aztoratu eta betirako aldatuko zuen. Boterean zentratuko zen aurrerantzean Foucaulten gogoeta, eta oso eragingarria izango zen protesta eta erreboltak antolatzeko orduan. Gaur egun, Foucault iraultzaile hiperraktibo hura da, ziurrenik, haren aurpegi ororen artean ezagunena.
1969an Vincenneseko Unibertsitate esperimental ezkertiarreko irakasle izendatu zuten eta 1970ean Frantziako hezkuntza-erakunderik ospetsuena den Collège de France-rako hautatu zuten. Bizikletaz joaten zen klaseak ematera, garai hartan Parisen deigarria baitzen, Franco Ministro Kontseilura patinetez joan balitz bezain. Foucault beti egon zen prest goi-mailako jakintsu izateak ematen zion prestigioa kale gorriko borroka zailetan arriskuan jarri edota sakrifikatzeko.
1971n “Espetxeei buruzko informazio taldea” sortu zuen, Daniel Defertekin batera, presoek berek hitz egin zezaten beren izenean, ordezkari barik. Botereak, ziurtasunaren izenean, bere buruari baimenzen dizkion irregulartasunen aurka jaiki zen Foucault, adibidez aginteak berehala zuritzen dituen gehiegikeria polizialen aurka: tortura, etorkinen, langileen edo militanteen hilketa “zoritxarrekoak”... Idatziz zein jardunez, behin eta berriz salatu zituen polizien eta Estatuen botere-abusuak.
1973an Libération egunkari ezkertiarra sortu zuen, Sartrerekin eta beste lagun zenbaitekin batera. Zero alean, Foucaulten eta Renaultek kanporatutako langile militante baten arteko eztabaida agertu zen.
1975ko irailean, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide heriotza-zigorrera kondenatu zituztenean, Madrilen agertu zen Simone Signoret, Costa Gravas, Yves Montand eta beste batzuekin. Aurretik ez zen antzekorik egin eta arriskutsua izan zitekeen. Kazetarien aurrean, Montandek testu bat irakurri zuen, Foucaultek idatzia, kondenatuentzako eskatuz berme juridikoak beteko zituen epaiketa bat. Halako batean, polizia aretoan sartu zen. Hainbat kazetari atxilotu zituen. Foucaultek zeuzkan eskuan panfletoak. Polizia batek kendu nahi izan zizkion. Foucaultek amorruz egin zion aurre. Parisa itzuli eta heriotza-zigorren aurka ondoko egunetan egin ziren manifestazio jendetsuetan ibili ziren Defert eta Foucault.
Jasangaitza zitzaion edozein poliziaren kontaktu fisikoa eta poliziaren edozein aginduri obeditu beharra. Foucaultekin zeregin militanteetan ibilirikoak bat datoz haren adore fisiko harrigarria deskribatzeko orduan, manifestazio eta protestetan polizia gainera zetorkiolarik bere gorputza jokoan jarri eta defentsan zein erasoan zerabilen biolentzia arraroa. Basakeriaz atxilotu eta ankerki jipoitu zuten. Behin batean, polizia batek saihetsezur bat hautsi zion. Foucaultek zioen polizien lana goitik datozkien aginduak betearazteko indar fisikoa erabiltzea dela, eta muga horretaraino heltzera behartu behar ditugula. Azkazalen azpiko zikinkeria aterarazi behar da edozein giza harremanetan.
80ko hamarraldian, Foucault eta bere lagunak (Defert, Deleuze, Guattari, Châtelet) Iparraldeko euskal errefuxiatuak deportatu eta Espainiaren esku uztearen aurka ere borrokatu ziren. Lagunarte hartako kideek zein haien ondorengoek, hala nola Emily Deleuze zinemagileak, Josu Urrutikoetxea libre uztearen aldeko eskaerak izenpetu dituzte berriki.
Azkeneko urteak erretiratzeko nahiak markatuko zituen. Foucaultek sumatzen zuen arrakastak eragozten ziola bere ikerketetan behar bezala sakontzea. Libreago sentitzen zuen bere burua Kalifornian Frantzian baino, eta Paris abandonatu eta Defertekin batera San Frantziskon bizitzen jartzeko proiektua zeukan. Gainera, hainbeste ordu igarotako liburutegiak behin betiko uzteko asmoa ere bazuen. Eta idazteko ohiturari ere despedida eman nahi zion sekula betikoz.
1984an Foucault ohartu zen eri zela eta hiltzera zihoala, baina berdin jarraitu zuen kurtsoekin eta idazten; eta bereziki hunkigarria gertatzen da zein modu finean aztertu zuen azkeneko ikastaroan, “Egiaren ausardia” deitua, Sokratesen heriotza Platonen “Apologia”, “Kriton” eta “Fedon” elkarrizketetan, eta bereziki Sokratesen azkeneko hitzak: “Kriton, ez ahaztu oilar bat zor diogula Asklepiori”.
1984eko ekainean hil zen, Parisen, hiesak jota. Ordutik aurrera, Daniel Defertek hiesaren aurkako aktibismoari ekin zion. 2023ko otsailaren 7an hil da Daniel Defert.