Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Marko Aurelioren "Ta eis heauton"

Marko Aurelioren "Ta eis heauton"

Markos Zapiain 2024/12/13 11:25
Bere buruarentzat idatzia

Epikteto esklaboaren “Eskuliburua” ez ezik, Epiktetoren jarraitzaile Marko Aurelio enperadorearen “Meditazioak” ere har dezakegu geure eskuliburua idazteko eredutzat. Gaztelaniaz “Meditazioak” izenburutu den arren, berez ez zuen izenbururik. Izenburuak antzinatean ez zituzten irakurleak erakartzeko ipintzen. Soilak izaten ziren: “Naturari buruz”, “Kritias”, “Hipias”, “Nikomakori Etika”, “Politeia”… 

“Meditazioak” horrek gaizki-ulertzetara eraman izan gaitu. Marko Aureliorena ez da ohiko liburua, ez da balizko irakurlearengan pentsatuta idatzia. Bere buruarentzat idatzi zuen, antzeko ideiak behin eta berriro errepikatuz, zuzen bizitzeko funtsezko printzipio filosofikoak etengabe gogora ekartzeko. Horregatik jarri zioten Editio princeps delakoan “Ta eis heauton”, hots, “Bere buruarentzat idatzia”. Latinez “De seipso et ad seipsum” ipini zioten Londresen 1643an, hau da, “Bere buruaz eta bere buruarentzat”; ingelesez, “Conversations with Himself”; frantsesez, “A moi-même”.

Beti deitu izan du arreta liburuaren izaera desordenatuak. Egunkari intimo bat dirudi batzuetan. Bere burua indartzeko maximak idazten ditu enperadoreak: “Laster ahaztuko duzu guztia, laster ahaztuko zaituzte guztiek”; “Oro da efimero eta iragankor, nola oroitzen duguna hala oroitzen ez duguna”.

Pierre Hadotek uste du Erroman jende jantzi askok zuela idatzizko oharrak biltzeko ohitura, erabilera pertsonalerako; ez ziren ohar informatiboak, baizik eta formatiboak, idazlearen hobetze izpiritualaren bultzatzaile eta aldi berean lekuko.

Edukia sistematikoa ez den ber, ez dirudi Marko Aureliok idazteko ordutegirik edo metodorik zuenik: behar eta ahal zuenean idazten zuen. Beste autoreen esaldiak kopiatzen ditu zenbaitetan, jatorria aipatu gabe, kortesia horrek ez baitu zentzurik izkribua zeuretzat bakarrik nahi eta pentsatu baduzu. VII. eta XI. Liburuetan aipamen-bildumak daude, beren eraginkortasun etikoarengatik aukeratuak: besteak beste, tragikoenak, Platonenak eta Epiktetorenak.

Marko Aureliok plagiatzen bazuen, zergatik ez du Nahia Agirrezabalek plagiatzeko eskubiderik izango. Ikasleak eskuliburua idazteari ekin baino hilabete lehenago, Epikurori, Lukreziori, estoikoei, eszeptikoei eta Spinozari buruzko dokumentuak bidaltzen dizkiet, autore horien erranairuak jasotzen dituztenak, edo autore horiek inspiratutakoak. Halatan, ikasleak, berak asmatutako maxima eta dogmez gain, dokumentu horietatik komeni zaizkion esaldiak ere erabili ahalko ditu; nahi izanez gero, hitzez hitz kopiaturik; bestela, moldatuta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.