Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Mamut iletsua desiraungi

Mamut iletsua desiraungi

Markos Zapiain 2024/07/25 13:50

Teknozientziaren eta etikaren artean Txillardegik sumaturiko tentsioa bortizki sentitu dugu edizio genetikoa erabilita mamut iletsua berpizteko eginahalen inguruko eztabaidetan, Philip K. Dicken narrazioak bezain fantastikoak. Mamut iletsuaren DNA ia osoa aurkitu dute eta mamuta desiraungitzeko aukera sortu da. George Church genetikari ospetsua dabil horretan buru.

Haatik, egin daitekeen guztia ez da egin behar. Aspaldikoa da ikerketaren eta moralaren arteko gatazka, jakin-minaren eta errukiaren artekoa. Gainera, legedia ikerketaren atzetik joaten den arren, denbora luzea behar den arren praktika gaiztoen berri izateko eta debekatzeko —gaizkileei alferrikako sufrimendua eragitea erraztuz—, badira hala ere ezkutatu edo itzuri egin nahi ez duten ikerlariak, lehenbailehen bilatzen dutenak jendartearen eta komite etikoen oniritzia, diru-laguntza publikoak erakartzeko besterik ez bada ere. Halatan, ezohiko zerbait egin nahi baduzu geneekin, zertarako galdetzen dizute, zer helburu duzun, onespena eta dirua emateko edo ukatzeko.

Zertarako nahi duzu mamuta berpiztu eta ehunka edo milaka mamut klonatu? George Churchen erantzuna: eurasiar estepan aske uzteko. Horrela, bioaniztasuna aberasteaz gain, mamutek ingurumenean eragingo dituzten aldaketek klima hotzago mantentzen lagunduko dute. Atzera eta aurrera dabiltzala, mamutek tundra zapaldu eta elur-geruza trinkoagoa sortuko dute. Horrek permafrosta —izotz iraunkorra— babestuko du, ez baita urtuko. Berotegi-efektuko gas ugari gordetzen ditu permafrostak. Hartara, artifizialki birjaiotako mamutek, lur azpiko aire beroa irtetea eragotziko dutenez, eta murriztu egingo dutenez metanoa ekoizten duen landaretza-mota —berotegi-efektudun gas indartsua da metanoa—, berotze klimatiko globala ahultzen lagunduko dute.

Erantzuna zentzuzkotzat jo dute: ez dirudi Churchen esku-hartze genetikoak oinazerik eragingo duenik; alderantziz, sentimendu eta xede onargarriek bultzatua da; beraz, ikerketak aurrera darrai. Dirudienez, 2027an izango dugu berriro mamut iletsua bizirik.

Txillardegik animaliak maite zituen eta eskatu zuen ez egiteko zuhurtzia etikoa gaindituko zuten esperimentu genetikorik. Zer irudituko zitzaiokeen George Churchen asmoa? Arretaz hausnartuko zukeen bai aldeko eta bai kontrako arrazoiei buruz. Zer diote mamut iletsua desiraungitzearen aurka daudenek?    

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.