Maleta hutsik (The Big Lebowski 3)
Ezustean buru argitasun kolpe batek ezkutuko amarrua ikusarazi dio Morroiari: hasieratik beretik hutsik zegoen maletatxoa. Elbarriak bahiketaren aitzakiaz umezurtzak laguntzeko fundaziotik milioi dolarra atera eta beretzat gorde zuen. Maleta hutsa eman zion Morroiari, hau ohartuko ez zelakoan, ergeltzat baitu: berari egotziko zion nihilistekiko tratuan dirua galdu izana. Nihilistek, behin konturatutakoan maletak ez zeukala dirua, hil egingo zuten beharbada Bunny, baina Lebowskiri berdin zitzaion nihilistek Bunnyrekin egin zezaketen edozer, sakela bete milioi bat dolar eta ibili munduan.
Morroiaren intuizioaren arabera, bahiketa bezain inexistentea da horrenbestez maletako sosa. Bunnyren desagertzea, Jackie Treehornen atzaparretatik ihesi edo auskalo, nihilistek erabili nahi izan zuten aurrena, Lebowskiri bahiketa bat zela sinetsarazi eta milioi dolarra eskatzeko emaztearen truke. Eta gero Lebowskik berak nihilisten bahiketa aizuna aprobetxatu nahi izan zuen milioia umezurtzen funtsetatik bahiketaren aitzakiaz desbideratu eta bereganatzeko.
Morroiaren hipotesiari jarraiki, itxura hutsa izan zen Lebowskiren haserrea ohartu zenean Morroiaren bitartekaritza lanek huts egin zutela: ez zen izan Morroia erantzule sentiarazteko antzerkia baizik.
Eta hezur-haragi zinezkoa baldin bazen ere ebakitako behatza, beren burua bahitzailetzat saldu nahi zuten nihilistek elbarri ustez aberatsari milioiaren ordainketa azkartzeko presio gisa bidali ziotena, ez zen haatik Bunnyrena, nihilistek ziurtatu eta elbarriak sinetsi legez, baizik alemaniarretako baten neskalagunarena.
Film osoan Morroia eta bere lagunak maleta baten atzetik dabiltza, milioi bat dolar gordetzen ei duena, baina, Morroiaren ustez bederen, hutsik dago. Sekulako buruhausteak, ikerketak,arriskuak, zafraldiak, are Donny lagun-minaren heriotza, maletagatik; eta maleta hutsik.
Jesukristoren hilobi hutsak bezala kristauei, erakutsiko ote dio zerbait Morroiari, tokaio elbarriak eman dion maletako hustasunak?