Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Makrokontzertu batean

Makrokontzertu batean

Markos Zapiain 2008/07/07 19:26

Amy Winehouseren kontzertuan, Argandan, joan den ostiralean, bazetorren “Wake up alone”, ñabarduraz beteriko abesti delikatu bat, arreta osoa eskatzen dizuna, hasi da kantua eta tipo batek “aizu, barkatu, bultzatu zaitut” (“oye, perdona, que te he empujado”).

Ni ohartu ere ez nintzen egin balizko bultzakadaz, atseginak zaizkit kontzertuetako bultzadak, autobusetako igurtziak adina, eta abesti baten barruan zaudenean bost axola gorabehera horiek.

“Baina azaldu nahi nizuke ez zaitudala bultzatzeagatik bultzatu, baizik ni ere bultzatu nautelako, eta gainera ez letorkidake txarto apur bat aurreraxeago kokatzea” (“pero quiero explicarte que no te he empujado por empujarte, sino porque a mi vez he sido empujado y además no me vendría mal situarme un poco más adelante”).

“Lasai, ondo da, eskertuko nizuke ñabarduraz beteriko abesti delikatu hau entzuten uztea, adiskide” erantzun nion.

“Ba zure itxuragatik ziurtatuko nuke Shakirazaleagoa zarela Amyzalea baino” (“pues dado tu aspecto juraría que te va más la Shakira que la Amy”).

Bermeotik Madrileraino minutu horien bila joan eta tipo komunikatibo horren erruz alferrik galdu. Handik pixka batera, nigandik oso hurbil, kuadrilla bat oihuka: “¡yo soy españool, yo soy españool!”. Ezin “You know I’m no good” aditu.

Abestia bukatutakoan, tentsioa askatzeko eta bide batez laguntza eske edo, “Amyyyy!!!” garrasi egin nuen. Iruditu zitzaidan so egin zidala, esanez bezala “pazientzia, lagun euskaldun hori, niri ere bidegabeki espetxeratu didate senarra, nire Blake, nire Arnaldo”.

Gero morroi batzuk tirolina izeneko txikota batzuetara lotu eta atzera eta aurrera labandu ziren Rock and Rioko zerutik. Amyk harri eta belarri begiratzen zien.

(Bob Dylanek atzo berdin. Nacho Gay El Mundoko blogariak kontatu duenez, "ante sus narices pasa un tipo volando sobre una tirolina. Le mira y con el gesto dice: 'Gilipollas'".)

Amy Winehousek ia beti oparitzen ditu Bis bi. Espainiatik berriz ziztuan ospa egin zuen.

Biharamunean Madrilgo egunkarietan Winehouseri hoztasuna leporatu zioten ez zuelako Bisik eskaini, ez zelako kontzertu ostean Madrilen parrandan geratu (ordea, artikulu berean zioten poliziak etxean atxilotua duela, etxetik soilik irten daiteke kontzertua ematera, ondoren berehala buelta) eta ez zituelako futbolean Europako Txapeldun izateagatik zoriondu.

Susmoa dut bultzakadaren azalpenak eman zizkidana izan zela horrelakoak idatzi zituen kazetarietako bat. Baina baliteke, eta okerragoa litzaiguke, tankera horretako komunikatibo piloa ibiltzea, beste barik, Espainia aldean.

Makrokontzertuetan entzule askok emanaldi osoan behin ere ez diote artistari begiratzen, beren ahotik kanporatzen dituzten zozokeriekin liluratuta. Beren kalaka artistaren perlen pare jartzen dute, ez dira miresteko gai, berdinkeria inposatzen dizute.

Aitzitik, Plateruenan Gu ta gutarraken despedidan edota Bermeoko Kafe Antzokian Ueken kontzertuan ez zebilen berritsukeria harroputz itogarri hori.

Makrokontzertuan baino harreman intimo sakonagoak izan nituen Amy Winehouserekin Alsa autobusean, etxera itzultzean, bere abestiak MP3an entzunda.

Demonocrazy
Demonocrazy dio:
2008/07/07 22:44

Makrokontzertuak gauza onak eta txarrak dituzte, askoz erakargarriagoa da talde bat toki txiki batean ikustea, hurbiltasunez, bere sentimenduak sentitzeko errazago. Baina famatuak diren artistekin ezinezkoa da beraz sufritzea tokatzen zaigu. Niri ere Madrilen aurtengo Electric weekend musikaldian pare bat "skinetok" serj tankiaren kontzertua izorratu zidaten. Batzutan herriko txosnan bertako talde txikiekin gehiago disfrutatzen da, hollywood etik etarata diruditen beste jaialdietan baino.

Komunikabideei buruz, betikoa. Ondoren euskaldunak gara nazionalistak, baina oraingo berri batean ez bada Espainiako selekzioa aipatzen zureak egin du, nahiko albistegi pozoitu digu futbolak. Bisbal, bustamante... bazen artista edozein arrazoiekin defendituko zuten.

Nire blog-a: www.goiena.net/blogak/demonocrazy

OlATZ
OlATZ dio:
2008/07/12 19:31

Zuri bakarrik okurritzen zaizu horrelako txirinbolo batera joatea.Pertsona batzuk ez daude horrelako lekuetara joateko prestatuta.Nik neuk ere nahiago dut nire logelako intimitatean izaten ditudan kontzertu psikologikoak.Egia da zerbait lortzeko zufritu egin behar dela, baina lelo bat badaukazu ondoan ez dena isiltzen, bere paketea igurtzi besterik ez duena egiten edo zure gainean errebotatzen duen baten ondoan bazaude, akabo kontzertua. Baina beste kasu batzuetan horrelako kontzertuetan ere lagunak egiten dira,eta zurelako sentimenduak dituzten jendearekin ahurkitzen zera. Maitagarria da milioika pertsonak zurekin batera kanta bera kantatzea,eta horrek ere makrokontzertuak ematen dizute. Momentu batzuetan intimitate hori norbaitekin pasatzea unkigarria da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.