Makinak beti autonomia ments
Giltzarri bitan dira kontrakoak Von Neumannen eta Txillardegiren ikuspuntuak eta jarrerak. Zuhur ageri zaigu donostiarra makina bizidunaren aukerari dagokionez, eszeptiko, hankak lurrean, Suediako Kristina erreginaren antzera, zeinak, Descartesek esan ziolarik gorputza makina dela, ihardetsi baitzion sekula ez zuela erlojurik ikusi erlojutxoz erditzen. Txillardegirentzat ere, gizakiaren eta makinaren arteko aldea funtsezkoa da, eta izango. Adibide bat: makinek problemak ebatz ditzaketen arren, gizakiak baino ezin ditu problema horiek planteatu:
«Tresna zibernetikoek eta ordenadoreek gaur egiten ez dutena —eta itxura denez behin ere egingo ez dutena— hauxe da hain zuzen: problema berriak ASMATZEA. Asmatzea gizakiari dagokio».[1]
Organismo biologikoen pareko izatera heltzeko makina autoerreplikatzaileei falta zaiena, besteak beste, gizakiagandik autonomo eta beregain izatea litzateke, eta era espontaneoan izaki berriak sortzeko ahalmena.
Izan ere, gaur egun, oraindik ere, ezin esan daiteke adimen artifiziala, bizidunen antzera, modu autonomoan haz, bilaka eta ugal daitekeenik, nahiz eta urteak eta urteak diren Silicon Valleyn baliabide ikaragarriak darabiltzatela amets hori gauzatu guran. Adimen artifizialak, haz dadin, ezinbestekoa du datu-kopurua eta kalkulatzeko ahalmena handitzea, eta algoritmoak zorroztea; alta, hori oraingoz ezinezkoa zaio gizakiaren esku-hartzerik gabe: bizidunen antzik handiena duten makinak ere gizakiak jartzen ditu abian, gizakiak ditu zuzentzen eta gainbegiratzen. Automaten autoerreplikazioa ere ezin da giza ekimenetik askatu, ez da benetan autonomoa izatera heldu; eta, klona klon, artifizioak ez du erdietsi izaki biologikoa legez ugaltzea. Zientzia-fikzioaren esparruari dagokio oraingoz gizakiek sorturiko makinak gizakiagandik askatzeko ametsa, John von Neumannen dizipulu Philip K. Dickena bezalako obretan.