Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Amaren maitasunaren deslokalizazioa

Amaren maitasunaren deslokalizazioa

Markos Zapiain 2008/05/28 17:27

 

Rowena Bautista filipinarrak Clinton eta Princela Bautista seme-alabak Filipinetan utzi eta AEBetan beste bi ume zaintzen ditu. Azkeneko bi Gabonetan ez da Filipinetan egon. Berriki itzuli delarik, Clintonek, 8 urteko mutikoak, ez du ama ukitu nahi izan. “Zergatik etorri zara?” galdetu dio kopetilun.

Gero eta gehiago dira Rowenaren antzera sorleku txiroa utzi eta denboraldi luzeetan atzerri aberatsagoan lan egitera behartuta dauden amak. Rowenak bere amari utzi dizkio seme-alabak eta Washingtonera joan da. Edozein neskamek kobratzen baitu Washingtonen, sendagileak Filipinetan adina.

Dena den, Rowenaren ama irakaskuntzan dabil eta goizeko 7etatik arratseko 21:00ak arte lan egiten du. Halatan, Rowenak Anna de la Cruz neskamea kontratatu behar izan du Clinton eta Princela egunez jagoteko. Anna de la Cruzek, berriz, bere seme nerabea  80 urteko bere amaginarrebaren ardurapean uzten du.

Rowenaren bizitzak gero eta zabalagoa den joera mundial bat erakusten du: herrialde aberatsek goxotasuna eta laztanak inportatzen dituzte herrialde txiroetatik. Berriki arte “brain drain” delakoa baino ez zen aipatzen, buru pribilegiatuen ihesa herri atzeratuetatik lehen mundura. Orain “care drain” edo “zaintzaren ihesa” ere badugu.

Amak alde egin dien umeak pilo ikaragarria dira. Filipinetan, esaterako, umeen %30 (8 milioi inguru) bizi da gutxienez gurasoetako bat atzerrian duela (ia denak AEBen; AEBeko filipinar etorkinen %70 emakumea da; eta ia denek "care" edo "zaintza" arloan lan egiten dute. AEBen gaur egun langileen %20 "care" delakoari loturiko lanetan dabil, oroz lehen umeak, zaharrak eta eriak zaintzen).

Nazio Batuek 1959an aldarrikatu zituzten Haurren Eskubideen seigarren artikuluaren arabera, umeak “maitasuna behar du, eta ulerberatasuna, eta, ahal den heinean, bere gurasoen erantzukizun eta  zaintzapean behar du hazi”, eta “ume txikiak ez du bere amarengandik bereizi behar, salbuespenezko egoeretan izan ezik”. Oraingoz, aldarrikapen horiek ez dira onkeriazko ametsak baino, ez dira gai umeak globalizazioaren arriskuetatik babesteko.

Marxen eta Freuden kategoriek arazo berri hauek argitzen lagun diezagukete. Ugazaba kapitalista langilearen lanari dagokion plusbalioa bereganatuz dirua pilatzen eta desberdintasun ekonomikoa areagotzen doan bezala, lehen mundukook hirugarren munduko amen maitasun-plusbalioa gureganatuz heziketari eta garapen psikologikoari loturiko aldeak sakontzen ditugu. Eta Freuden transferentzia: hirugarren munduko amen berezko maitasuna, beren umeenganakoa, gure umeengana erakartzen dugu, boterearen eta diruaren bitartez.

Oro har, edozein dela ere ama hauek beren seme-alabak aurrera ateratzeko asmatzen dituzten konponbideak, gehienek oinaze handiz sentitzen dute bereiztea, erruz eta damuz. Vicky Diazek, Filipinetan bost haur utzi dituen irakasle batek, dioenez, “egin dezakezun gauza bakarra da zure maitasun guztia zaindu behar duzun umeari ematea. Nire umeak ez daudenez, zaindu beharrekoei emango diet”. Horrela, Vickyk berak bilatu ez duen arren, mundu mailako afektuen deslokalizazioan esku hartzen du. Lekuz aldatutako neskame eta zaindariek ez baitute soilik denbora eta kemena sorlekutik atera eta herri aberatsera bideratzen: maitasuna ere bai. Zentzu honetan, maitasuna injustuki banatutako indarra da, herrialde jakin batzuetatik erauzten den sentimendua, beste batzuen onurarako. 

Migratu behar izan duten amek txarto pasatzen badute, ez dabiltza hobeki beren seme-alabak. Hauen emaitza akademikoak bereziki kaxkarrak dira. Ikaskideekin alderatuta, maizago gaixotzen dira, sarriago daude amorratuta, nahastuta eta apatiko. Maizago eta sarriago erabiltzen dituzte delinkuentzia eta suizidioa.

Ume hauek nozitzen duten afektu-gabezia eta herri aberatsetako umeek gozatzen duten maitasun-oparotasuna alderatuz gero, nabarmena da bidegabekeria. 

Mundu-mailako politikak batik bat politika ekonomiko behar luke, eta desoreka lotsagarri horiek konpontzen ahalegindu.

Aipaturiko datuak eta beste asko, liburu honetan:

GLOBAL WOMAN: Nannies, Maids, and Sex Workers in the New Economy, Edited by Barbara Ehrenreich and Arlie Russell Hochschild, Metropolitan Books, 2003.

Arazo honen inguruko artikulu interesgarri bi: 

1-Robert Frank: “High-Paying U.S. Nanny Positions. Puncture Fabric of Family Life in Developing Nations

2-Arlie R. Hochschild, “The nanny chain”

 

Patxi
Patxi dio:
2009/06/26 21:23

Bideo motx hau ikusi det eta, mezu honekin akordatu naiz. Ederra. Fijatu paretetako dekorazioan.

leire
leire dio:
2008/05/28 23:23

Aupa, Amrkos Post sakona eta interesgarria. Zelako gizartea eraiki dugu, maitasuna eta afektua inportatu behar badugu? Gehiago ere ausartuko nintzateke, asko eta asko hirugarren munduko emazte bat lortzen dute (senarra gutxiagotan). Horrek beti zer pentsatu handia eman dit. Inoiz ez dira maitemindu, eta Kubara joan dira hamabost egunetarako eta gutxira ezkondu! Teoria bat eta dena daukat! Ondo segi

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.