Maitasuna, falta bezain opari
Beste aztergai askorekin bezala, maitasunari dagokionez ere, ganorazko zerbait esateko, Platonengandik abiatzea komeni da; oraingo honetan, egiari zor, bai abiatzea eta bai errematatzea.
Sinposioa-n dio maitasuna zerbaiten edo norbaiten desira dela beti: ez zarena duzu desira, ez daukazuna gura duzu, falta zaizuna. Bazenu, ez zenuke nahi behar izango. Gabezia da hortaz funtsean desira. Eta maitasuna, oroz gain, desira ei da.
Halatan, arazo eder bat sortu zaigu hemen: nondik nora maite ote dezakete elkar bikotekideek luzaro samar? Bikotekidea ez zaizu falta, alboan duzu egunero; ordea, maitasuna desira baldin bada, eta desira falta, orduan, definizioz, ezin duzu bizikide duzun bikotekidea zinez maitatu.
Egia da bikotea iraunaraztea arte zaila izaten dela, eta protagonistek hainbat trikimailu asmatzen ohi dituztela bikotekidearen falta sentitzeko eta bikotekideari beren falta sentiarazteko: etxe, herri, are kontinente desberdinetan bizitzea; noizbehinkako liskarra eta elkarrengandik urrutiratzea, harik eta elkarren hutsaldia sentitu eta berriro desirari bide eman arte, azkenik onezkoak egin ahal izateko, errekontziliazio-txortaldi deitu izan den horrekin ospatua, film kostunbrista askok erakusten dutenez…
Nolanahi ere, Louis Aragon poetak zioen ez dagoela amodio zoriontsurik, eta egia da desira funtsean falta baldin bada, zaila dela irudikatzea etxe berean luzaro amoroski biziko den bikotea.
Alta, Platonek iradokitzen duenez, maitasuna bere konplexutasunean ulertzeko, kontuan hartu behar da desirak, gabeziaz gain, gabeziaren kontrako ezaugarriak ere barnebiltzen dituela, alegia, emankortasun gutxi-asko desinteresatua eta oparotasun eskuzabala. Amodioa, eskasia ez ezik, opari litzateke halaber, poz-iturri, lorategi eder.
Desiraren bigarren bereizgarri hori ere aintzat hartuz gero, ulergarriago egiten da zenbait bikoteren iraupen luze zoriontsu samarra, elkarrekin bizi arren.