Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Maialen Lujanbio Bermeoko portuan

Maialen Lujanbio Bermeoko portuan

Markos Zapiain 2010/01/18 08:38

Maialen Lujanbiok tentuz lantzen du kristalezko bertsoa, bertso alanbikatua, joskera ekilibrista, zilargina. Bertsoa irun egiten du, josi, brodatu, astiro, goxo, sintaxia aldi berean behartuz eta mimatuz.

Gaiari dagokion emozioaren muinean geruzaz geruza barneratzen da, Uxue Alberdik idatzi duen legez: “Gai bat entzun eta azalez azal mamiraino sartuko balitz bezala, eta mamiaren dardarak mugiaraziko balitu bezala kanpoko geruzak, berriro banan-banan, mamitik azalera jantziz arrazoia, teknika, estetika, hizkuntza, musikalitatea, gorputza.”

Amonek buru gainean eraman behar izaten zuten gobadaz oroitu zen azken agurrean Lujanbio, eta amona haien ildotik ontzen du halaber hernaniarrak bertsoa, garbitegirako bidean bokata buru gainetik ez erortzeko behar den orekari eutsiz. Berriro Uxue Alberdi: “Aurrera begira, burua zuzen, ezer falta zaion edo pisua daraman sentsaziorik gabe. Ezker-eskuin mugiarazten gaituen bizitzaren penduluan zentrorantz tiratzen duten pertsonak dira gobada eramaile onenak.”

Zer da ordea garraiatu beharreko arropa, izara eta trapu zikin mordo hori? Lujanbiok berak erantzun digu astearteko Berriak zekarren elkarrizketan: “Emakumeen hitza ozen, plazan eta jende aurrean ez da batere errekonozitua, ez apreziatua, ez baloratua, ez onartua izan.” Horixe baita  gizon bertsolariek eta gizonek oro har egin beharrik ez dugun lan erantsia, horixe euskal garbitegian ikuzi beharreko kraka. 

Esaten da Lujanbio, Elortza eta horien belaunaldiak hartu duela bertsoaren zuzia eta lekukoa. Ez al da beldurgarria?

Behinola gure ikastetxeak bertso-saioak antolatzen zituen. Orain dela hamar bat urteko saioan, Elortza Bermeon barik Arrietan agertu ei zen. Jon Maiari ahaztu egin zitzaion etortzea. Maialen Lujanbio oso berandu iritsi zen. Zulo bat erakutsi nion autoa aparkatzeko, frontoiaren aurrean, eta portura erortzeko zorian egon zen. Atzeko gurpil biak airean gelditu ziren biraka portuko uraren gainean.

Saioa amaituta, tabernan, Silveirak sekulako porru tzarra liatu zuen. Bertsokide asko eta antolatzaileren bat aiduru gelditu zitzaizkion, noiz pasatuko ote zien. Baina berak bakarrik erre zuen Silveirak goitik behera porru osoa. Marmarka adierazi zuten gainerakoek kexua.

Pozgarria dea halako artistak izatea gure etorkizuna eta gure orainaldia? Nekez imajina liteke Xebaxtian bat porru osoa berak bakarrik erretzen, bertsokideen egarriari ezaxol.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.