Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / "Londres kartoizkoa da" izenburuaz

"Londres kartoizkoa da" izenburuaz

Markos Zapiain 2010/01/16 19:15

Ez da txarra "Londres kartoizkoa da" irakurtzea egia balira bezala Elorriagak Berria-n Ainara Gorostizuri bota zizkion argibide aizunak eta aztarna faltsuak, zeren horrela intrigak eta ezustekoak irabazi egiten baitu.

Pertsonaien desagertzea funtsezkotzat duen eleberri hau gure panoraman hain berezi egiten duena, beharbada, bertatik maitasuna eta sexua osotoro desagertu izana da.

Unai Elorriagaren beraren eleberrigintzan ere maitasuna oso garrantzitsua izan zen "SPrako tranbia"n, baina gero mehetzen joan da.

"Vredaman"en Samuelen eta Piedaden arteko ezintasunera mugatzen zen, eta "Londres kartoizkoa da" izugarri honetatik, berriz, zeharo desagertu da. Hain zuzen, berunezkoak izan daitezke maitasunik gabeko munduak, baina batzuetan kartoizkoak izaten dira, eta materia biziki noblea duzu kartoia. Zergatik?

Nondik nora izenburuko "Londres" hori? Zergatik hain zuzen kartoizkoa?

Anjel Lertxundik ganoraz ikusarazi dizkigu kartoiak barnebiltzen dituen zenbait esanahi: “Ohikoa baino astunago eta zurrunagoa den paper lodiari deitzen diogu kartoia. Buruko ile bakantzen hasiak kaskezurrean utzi ohi dituen soilguneei ere kartoi deitzen diegu. Kartoizkoak dira hezurdura eskaseko istorioak. Kartoizko ideiak deitzen diegu topikoei. Egunetik egunera ikusten ari gara jakin bagenekiena: kartoizkoak ziren Irakeko gerra piztu zuten arrazoiak.”

Ironiaz jaso du Elorriagaren kartoiak airean dabilen hori guztia.

Baina baliteke izenburuko "kartoizko" horrek Vredaman-eko pasarte honekin ere zerikusia izatea (47 or.):

“Mateok, liburuak lapurtzera joaten zen bakoitzean, kartoi bat eramaten zuen poltsikoan. Kartoi deigarria eramaten zuen; kartoi gorria, berde fosforeszentea, horia. Eta lapurtutako liburuaren apalean uzten zuen Mateok kartoia, eta idazten zuen: ‘Hemen zegoen liburua lapurtu dut.’ Ondoren, liburuaren egilea idazten zuen kartoian, izenburua, argitaletxea, urtea eta, astia bazuen, identifikazio zenbakia ere bai.”

"Londres kartoizkoa da"n, “Eskualde” zehaztugabe batean kokatzen dira gertaerak: Ikazkinen Liburu Brodatuaren diktadura ankerra, beronen aurrekariak eta ondorioak…

Eskualde itogarri honetatik ihes egiteko moduko hiriburu zabal bat da Londres. Ikazkinen atzaparrak ez dira bertara iristen. Londresen ez dute Liburu Brodatuko lege zapaltzailerik: ez dago debekatuta teilatuetan ibiltzea, grabazioak egitea; telefonoz ere, nahi adina mintza liteke Londresen.

Eskualdean, lau medikuk “Errun” izeneko txostenak idazten dituzte: ohi ez bezalako zerbait sumatzen dutenean, txosten ofiziala idazteaz gain, benetan pentsatzen dutena Errun txostenetan jasotzen dute. Liburu Brodatuaren kontrafigura osatzen dute Errun txostenok. Eta Eskualdean arriskua larritzen delarik, Londresera joko dute mediku txostengileok.

Londres kartoizkoa, hortaz, Vredaman-eko kartoia bezala, lapurtutako liburu baten ordez dago, Errun txostenek osa lezaketen liburuaren ordez zehazki. Errun txostenek egia adierazten dute. Diktaduretan zein gurea bezalako garaietan ere, adostasun beroegietako garaietan, egia lapurtu egin behar baitzaio uste nagusiari. Arriskatuz lapurtu behar zaio noski; eta batzuetan ez dago egia aldarrikatzerik ez bada mozorrotuta, edo gordean.

Londres beharrezkoa da iritzi nagusia eta egia bat ez datozen heinean. Egiak Londresen aurkituko du babesa. Errun txostenetako egia erauzi eta ebatsi egin behar zaio, dela diktaduretako ikuspuntu ofizial bakarrari, dela demokrazietako kontsentsu zarratu histerikoari. Lapurtu behar ez balitz, agintarien eta hauen bozeramaileen borondaterik ez balego gezurra, edo, gehien jota, beren uste hutsa besterik ez dena, egia bakar bilakarazteko, ez genuke Londresik behar. 

Unai Elorriagak estimu berezia dio normalean zapaldu egiten den kartoiari. Bilintxek, kale-garbitzailearen zaldia deskribatzeko, "kartoiakin egina dela dirudi" esan zuen. Unai Elorriagak kontatu du emazteak ohartarazi ziola “euskal literaturan kale-garbitzaileak behin eta berriro agertzen direla. Orain arte ez naiz konturatu baina egia da. Nik ikazkinak sartu ditut. Sasoi bateko enpresaburuak dira ikazkinak. Eta gaur egun zer da gure mundu ustez librean enpresa baino diktadore handiagoa. Véase farmazeutikak.”

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.