Libertario. Desobedientzia zibilaz
Michel Onfrayk uste du Thoreau libertario bat izan zela. “Littré” hiztegiko definizioari ondo egokitzen zaio Thoreauren aiurria: libertarioa “askatasun indibiduala mugatzea inolaz ere onartzen ez duena da, ez gizarte kontuetan, ez politikan.” Nola jokatzen du libertarioak bere buruarekin, besteekin, munduarekin?
Beregain duzu Thoreauren jakintsua, gai da bakarrik bizitzeko, badaki bere buruaz pozten, ez ditu besteak behar. Azken batean, besteren zoriona ez dut neuk sentitzen, gehienez ere horren lekuko izan ninteke, baina bakoitzak bere aldetik gozatzen du. Hagineko mina ere, nork berea. Bakarrik egiten dugu amets. Eta inor ezin da nire ordez hil. Gure bakardadea metafisikoa dela onartu beharra dago; baina libertarioak maite ere egiten du bakardade hori. Lagunen bisitekin, esan bezala, Thoreau pozik; bisitarik gabe, pozago.
Besteekiko harremanari dagokionez, izan ere, gizakioi trikuari neguan bezalaxe gertatzen baitzaigu: hurbilegi, elkarri eztena sartu, nahi gabe ere elkar zauritu; urrutiegi, berriz, erabateko bakardadean, inolako komunikaziorik gabe, hotzak hilzen gaitu. Libertarioa distantzia egokia aurkitzen saiatzen da.
Munduak, azkenik, ez dio ardura Thoreauri. Mundu osoaren deuseztea zuzenean ikusi ahal izateko ez luke alboko kale-kantoira joateko lanik ere hartuko. Are, munduaren suntsitzea eragoztea bere esku balego, ez omen luke egingo.
Bestalde, Thoreau libertarioari pairagaitz zaio otzantasuna, domestikotasuna, bai abereengan eta bai gizakiengan, piztia basatiak basati behar du eta patetikoa da otsoa etxabere bilakaraztea. Hiriak patologia indibidual eta kolektiboak eragiten ditu; naturarekin harremanik ez izateak enkoniadura eta goibelaldia dakar. Aitzitik, naturak bakea eta sosegua pizten ditu. Naturaren baretasuna ezagutu dutenek sekula ez dute etsipena, tirania edo menpekotasun espiritual zein politikoa sorrarazi.
Thoreauren gisako libertarioak bizimodu soila bilatzen du: ez lanik, ez sendirik, ez aberririk; ez inoren ez ezeren menpeko; joan, etorri, alde egin, gura legez: inori azalpenik eman behar ez; ez obeditu, baina ezta gidatu ere, dizipulurik eta eskolarik ez; dagokizun unean bizi eta zure denboraren jabe izan; harremanak, soilik nahi duzunarekin eta, nahi izatean, harremana eten; zure naturari entzun, zure joerak bete, zure baitako bizi indarrak nahi duena onartu; eta ametsak bizi, bizitza amestu, arte-lan bilakarazi.
Edozein gisaz, Thoreauk bere buruari bezperako iritzien kontrakoei eusteko askatasuna ere ematen dio, libertateak zure atzoko usteen menpean ez bizitzea eskatzen baitu. Eta zenbait berezilariren ustez, Thoreauren azken urteetako jarrera politikoa filantropikotzat jo liteke, “Walden”en nabari den misantropiaren aurkakotzat. Gogora dezagun konbertsio antzeko hori Anthony Burns eta John Brownen aferek erabaki zutela: gobernuak lege bat aldarrikatu zuen esklabo iheslariak salatzera behartuz eta Thoreauk hori Estatuaren gerra-aldarrikapen gisa hartu zuen beraren aurka (aurretik ere iheslariak lagunduak zituen eta bere etxean aboliziozaleen batzarrak eginak… “misantropo” deitu garaian!). Estatuaren erabaki doilor horrek bere onetik atera zuen, naturaren ikuskizunaz patxadaz gozatzea eragotzi, txangoak eta hausnarketak arranguratu…
DESOBEDIENTZIA ZIBILAZ
Michel Onfrayk dioenez libertario bat izan zen Thoreau, bai, baina ez anarkista. Ez zuen proiektu komunitario, komunista, berdinzale edota sozialistarik. Ez zuen iraultza politikoan sinesten, baizik iraultza espiritualean. Anarkistek eta liberalek ez bezala, ez zuen Estatua abolitzeko militatu. Zerga jakin batzuk ez zituen ordaintzen, baina ez zuen zergen sistema arbuiatu. Hiritar zintzotzat zuen bere burua, gustura ordaintzen zituen herri-bideak egin ahal izateko zergak. Esklabotza eta Mexikoren aurkako gerra sendotzeko zergak ordaindu beharra izan zen inolaz ere onartu ez zuena, eta horrixe egin zion zehazki uko.
Thoreau ez dator bat anarkisten baikortasun ireniko aingerutarrarekin, ez du uste Iraultza Handiaren ostean gizakia hobetuko denik, jabetza pribatua deusezteak jelosia ere desagerraraziko duenik; aldiz, libertario pragmatiko gisa dihardu. Estatuaren kontra borrokatuko da baina ez beti eta nonahi, Estatuaren ideia absolutuaren aurka, soilik Estatua gizabanakoaren bizimoduari poxelu zaion heinean. Libertarioak badaki Estatuak ez duela definizioz askatasuna trabatzen; zenbaitetan babestu eta bermatu ere, egin dezakeela. Anarkismoaren katekesian nekez kabitzen da halakorik.
Sosegu filosofikoa aztoratu ziolako ekin zion beraz Thoreauk Estatuaren aurkako indarkeriarik gabeko borrokari. Gizabanako gisa galarazi zioten patxada berreskuratzeko asmoz murgildu zen politikan. Bere bizitzako azken urteak eman zizkion, batez ere azkeneko zortziak, turbekulosiak jo ostekoak.
“Desobedientzia zibilaz” 1849an argitaratu zen. Oso laburra da, filosofia politikoko beste maisulan batzuk bezala (“Borondatezko morrontzaren diskurtsoa”, Printzea”, “Alderdi Komunistaren Manifestua”). Onfrayk dioenez, “Walden” etikari zaiona zaio “Desobedientzia zibilaz” politikari.
Liburuko lehenbiziko ideiaren arabera, gobernurik onena gutxien gobernatzen duena da; eta gobernu perfektua, bat ere gobernatuko ez lukeena litzateke.
Bestalde, gobernuek agintea ezartzen dute ez zilegizkoak direlako, baizik indarraren jabe direlako, Weber-ek “indarraren monopolio” deituko zuenaren jabe, armadaren, epaitegien, espetxeen eta polizien jabe. Thoreauri erantzun geniezaioke egoera demokratiko batean gobernuari hauteskunde garbiek zilegitasuna ematen diotela; Thoreauk ihardukiko zigukeen Estatuaren funtsa, edozein gisaz, ez dela zilegitasun hori, baizik indarra, polizia eta legea ezartzeko bide irmo eta bulartsuak.
“Printzea”n Machiavellik politikariari aholkatu zion helburu politikoa lortzeko lehoi bortitz zein azeri maltzur bilaka zedila, komenentziaren arabera; nolanahi ere, politika, proiektu politikoa, Italiaren batasuna, etikaren gainetik jarri zuen; Thoreauk, ostera, aurrena etika jarriko du, gero politika. Zuzentzat duzuna egizu; ez duzuna, aldiz, legala izan arren, ez egin. Legeren bat ez bazaizu morala iruditzen, ez ezazu bete, ez obeditu lege inmoralei, kontzientzia legearen gainetik baitago, eta lehenago gara gizaki hiritar baino.
Jarrera honen aurka gure artean Arantxa Azurzak eta Joseba Arregik jo izan dute. Bi-biok aldarrikatzen dute legea edozein kasutan bete beharra, eta, bidegabetzat joz gero, adostasunean eta gehiengoetan oinarrituta aldatu beharra. Kristautasunari estu loturiko heziketa nozitu dute, eta baliteke horregatik agertzea beren ikuspuntuan legea aura sakratu antzeko batez apaindurik.
Thoreau ez zegokeen ados. Eta, Thoreauren jarrerak, Azurza eta Arregirenak ez bezala, faxismoaren aurkako erresistentzia ahalbidetzen du: nazien eta Vichykoen lege antisemitak legezkoak ziren, baina erresistentziak zorionez ez zituen etikotzat onartu eta borrokatu egin zituen. Gaur egun Frantzian lege-agindu bat aldarrikatu nahi omen dute, hiritarra paperik gabeko etorkinak salatzera behartzeko; aise irudika liteke Thoreauri zer irudituko zitzaiokeen eta zer jarrera hartuko zukeen.
“Desobedientzia zibila”k dakarren beste ideia interesgarri bat: bidegabekeriaren eta injustiziaren laguntzaile bilakatzen zara, ez badituzu salatzen, ez bazara haiek abolitzeko borrokatzen. Maila berean jartzen ditu Thoreauk lege zitalen bultzatzaileak eta lege horien aurka ezer egiten ez duten hiritarrak, lege bidegabeak desaktibatzen edo oztopatzen ahalegintzen ez direnak: erantzule, kolaboratzaile eta errudun.
Thoreauk gainera azpimarratzen du Estatuak automatikoki etsaitzat jotzen duela obeditu aurretik bere kabuz zalantzatzen eta hausnartzen duen edonor.
Eta ez dago arrazoi egokirik esklabotza aldezten duen gobernu bat deusetan ere onartzeko. Errepideak eta eskolak xarmanki egin ditzake gobernu horrek, baina badira bete beharreko gutxienekoak. Ezin da inondik inora bat egin esklabismoa zilegitzen duen Estatuarekin. Kontzesiorik ez.
Thoreaurentzat, ongi da esklabotza amai dadin eskatzea, manifestuak izenpetuz eta abar. Baina are zuzenagoa da intsumisioa, desobedientziazko ekintza; esaterako, zergak ez ordaintzea.
Lege bidegabeak ez dira bete behar, bistan da; eta, gobernu bidegabearen aurkako kontrabotererik eragingarriena, gizabanakoen ekintza da. Estatuaren injustiziaren aurka borrokatzeko ez duzu Alderdiak zer egin erabaki arte itxaron behar, edo zure taldexkak. Ez duzu zertan Iraultza Handiaren zain egon, baizik eta zerorrek, gizabanako zehatz horrek, orain bertan egin beharko zenuke zerbait, albait arinen iharduki. Egia bada ere lan guztia ezin duzula zeuk bakarrik egin, zerbait egin beharko zenuke lehenbailehen.
Gutxi garateke hasieran; baina, Thoreauren ustez, gutxiengoa garaitezina dateke, bidegabekeria eragoztera serioski deliberatzen delarik.Talde txikiek ondorio handiak ekar ditzakete, blokeoa erabakimenez bilatzen dutelarik. Ez duzu gehiengorik behar erabakigarri bilakatu ahal izateko; gutxiengo batek Estatua eragotzi dezake: bidea Estatuari aurre egiteko elkartzea da, intsumisoen antzera sareak eratzea, Onfrayk “Lilliput-hastapen” deritzonaren arabera, Gulliver erraldoia sareztaduran harrapatu eta ibilgetzea lortu zuten txikerren omenez. Behin desobedientzia hedatuz gero, Estatuak ezingo dituenez desobedientzialari guztiak espetxeratu, bere burua amore ematera derrigortua ikusiko du, makurtu egingo da azkenean. Eta, Estatuak atzera egin eta borroka uzten duenean, iraultza egina dago, iraultza baketsua.
Tolstoi, Luther King, Gandhi, Sabino Ormazabal eta Jose Bovék Thoreauren maisutza aitortu dute. Thoreauren pentsamenduek ondorio nabarmenak izan dituzte historian eta gizabanako askoren jokabidean. Maiz amaitzen du desobedientzialariak espetxean itxirik. Adibidez, militarren aurkako Bovéren ekintzek lau hilabete igaroarazi zizkioten presondegian; McDonalds-en aurkakoek, berriz, hiru hilabete. Azkenik, Bovérentzat, transgenikoak badira legalak, baina bere etikak ez dio bidezkotzat hartzea baimentzen, eta, horrenbestez, bere buruari transgeniko-plantazioak erretzea zilegitu zion, ondorioz presondegia pairatu beharko zuela jakin arren, zigor-kode frantziarrak ekintza kriminaltzat jotzen baitu. Oraingo honetan hamar hilabete barruan.
Emerson espetxera joan omen zitzaion bisitan Thoreauri, eta galdetu zion: “Baina zer dela-eta zaude zu hemen?” eta Thoreauk erantzun: “Eta zer dela-eta ez zaude zu hemen?” Alegia, zinez harrigarria, bere burua zintzotzat duenak legedia injustuari beste barik men egitea da. Borrokak espetxeratzea badakar, espetxera. Norbera gainera, bizilaguna zertan ote dabilen jakin guran ibili gabe.
Desobedientzia zibila eragingarria izaten da maiz, eta, besteak beste, Espainiak derrigorrezko soldadutzari dagokionez eta Frantziak transgenikoen aferan atzera egin eta jarrera aldatu behar izan dute. Luther King eta Gandhik ere arrakasta lortu zuten. Hori bai, asesinatu egin zituzten biak.
berriz ere ñabardura bitxiak ikusten ditut libertarioaren eta anarkistaren artean bereizteko. anarkismoan joera libertario asko sartzen dira, bai banakakoak (stirnerren indibidualismoa, esaterako, thoreauren ideietatik gertuago dago) bai gizartekoak (kropotkin edo malatestaren komunismo libertarioa). anarkismoaren itsasoa oso zabala da, beraz, thoreauren libertarismotik urruntzeko erabilitako argudioek anarkismo mota batzuetarako baino ez dute balio. thoreauren ideia gehienetan edozein anarkistak ikusiko lituzke bereak, indibidualismo neurriaren arabera. tolstoi bera anarkistarik garrantzitsuenetakoa izan da, eta gandhik eta luther kingek thoreauren ideietatik edan bazuten, are gehiago edan zuten tolstoiren anarkismo kristau bakezaletik. besteak beste, gandhik erresuma batuko gobernuari india "jainkoaren anarkiari uzteko" eskatu zion. thoreauk estatuari edo gobernuei buruz esandakoak edozein anarkistak esango lituzkeen berberak dira. beraz, apur bat behartua gertatzen zait libertarioa eta anarkista bereizi nahi hori. nik thoreauri libertario indibidualista eta naturazalea esango nioke, eta holako anarkista asko dago egon. baina, nire ustez zorionez, beste anarkista askok indibidualismoaren aurretik gizartea jartzen dute. ez dut uste anarkisten libertarismoa ukatzerik dagoen. anarkista orok, behintzat, libertariotzat dauka bere burua. baina uste badugu nork bere buruari ezarritako "etiketak" baino balio handiagoa daukala beste norbaitek kanpotik ezartzen diona... esaterako, chomskyk ez du bere burua inoiz anarkista aitortu, beti esan du anarkismoaren bidaidea dela, baina nahi gabe ere gizarte anarkistaren (edo komunismo libertarioaren) aldeko ikuspuntua ateratzen zaio galdetzen zaion orotan. beraz, kanpotik ez diot anarkista etiketa ezarriko, baina nahiago nuke holako "ez anarkista" gehiago balego. gauza bera esango nuke thoreauri buruz. dena dela, eztabaida interesgarria da.