Leturia eta Don Juan (II)
Leturiari bere buruaren eta bizitzaren gaineko galdera sakonak eginarazten dizkiote beti Mikelen jokabideak eta iritziek. Susmoa du, bere bihotzondoan ez ote duen Mikel bekaizten.
Udazkeneko laugarren atalean solasten dira azkenekoz. Mikelentzat, hasiera da maitasunean politena, eta hasieratik hasierara doa bera beti. Beti liluraturik, beti pozik, inoiz konprometitu eta ezkondu gabe.
Miriamez amorosturik dabil orain. Ezkontzeko asmorik ote duten galdetu dio Leturia ezkondu berriak.
“Nondik nora ezkonduko ni? Hilabete batzuetan ibiliko gaituk elkarrekin, biok pozaren pozez, eta gauza xamurregi jartzen ari dela ohartu eta laster moztu egingo diat. Hau bai: honetarako bihotzik ez: tenk egingo diat ezertako errukirik gabe. Ohituta nagok”.
«Eta Miriam?»
«Bazakik hark ezkontzeko asmorik ez dudana, neuk hala esanik. Hasiera duk polita; horretaz: has gaitezen ahalik eta gehienetan. Orain, esate baterako, irrikan nagok ni, ia olerkari bihurtuta, Miriam dela bide. Eta hau galtzea eskatzen didak? Nola gal nezake zorionerako dudan bide bakarra? Hobe nikek burua moztu!
Bazekiat nik bati lotu, eta higuinak harrapatuko ninduela ezinbestez. Nola nahi duk, bada, neure eskuaz neure burua urkatzea? Ezin diat. Nire askatasuna zagok guztien gainean, hura gabe galduta naizela bai baitakit.
Bazakiat, besteko, ezkondu den batentzat ezbide handia dela hau, eta bizitza txatxukeriatan hondatzea. Bainan, besteak beste, honetarako jaio nauk ni!»
Leturiak pentsatu izan du, ez ote duen Mikelek bere burua ezagutuko berak berea baino hobeto, eta Mikel beti alaiak bere izaeraren arabera jokatzeak eragiten diola agian aipatu inbidia ezkutua.
Dena den, aukeratzeari ukoan dagoela Mikelen bozkarioaren giltza hausnartuko du berehala Leturiak. Gabezia larria da haatik aukeratzearen ondorioak ez ikusi nahi izatea. Mikel seduzitzaileari buruzko Leturiaren gogoeta:
“Baina, sakonago aztertuz, libre al da? Ez aukeratzea aukeratu du, nire ustez, eta zentzugabekeria da hori. Bere burua engainatzea baino ez. Pentsatu ondoren hartu izan balu bederen bere bide hori... Baina ez dut uste. Oharkabean edo pentsatu gabe, aukeratu du itsutasunaren bidea; eta hori saldukeria da, gizonak egin dezakeen saldukeriarik galduena. Mikelek jakinez eta burubidez, bizitza autentikoa hautetsi beharrean inautentikoa hartu du bidetzat. Ezin bat etor harekin”.
