Leturia eta Don Juan (eta III)
Ikuspuntu existentzialista batetik joko du Leturiak Mikelen bizimodua inautentikotzat: Leturiak garbi ikusi du hautatzeak beti dakarrela galera, baina susmoa du Don Juanek zein Mikelek ere ez ote duten ez aukeratzea aukeratu. Seduzitzailearen bizimodua inautentikoa da, konpromisoari ukoagatik ez ezik, aukeramenari eta askatasunari berari ere muzin egiten diolako. Seduzitu bezain laster ihes egiteko premia neurotikoaren jopu da.
Leturiarentzat, Sartrerentzat bezala, gizakia libre izatera kondenatua dago, eta aukeraketen bidez eraiki behar du bere burua. Aldiz, Don Juanek eta Mikelek fede txarrez jokatzen dute; alegia, beren burua zein emakume konkistagaiak gauza bilakarazten dituzte. Autentiko, inautentiko, aukeramen, konpromiso eta askatasunarekin batera, kontzeptu giltzarria da “fede txarra” existentzialismoan. Sartrek asmatu zuen.
Emakumeak konkistatzeko makinak balira bezala jokatzen dute Don Juanek nahiz Mikelek: horrelakoxea naiz ni, ezin naiz aldatu, neure sena da. Libertatearen baztertze hori aitzakiatzat hartzea duzu fede txarra. Rol jakin baten gatibu bizi da jende inautentikoa. Mikelek uko degio gizakiak atxikirik duen libertateari, seduzitzaile petoaren maskara janzteko. Maskara hutsa da ordea; ez da egia Mikelek ez duela rol hori jokatzea beste erremediorik.
Bestalde, Kierkegaardek dioenez, Don Juanek ezin du egoera estetikotik egoera etikora jauzi egin, eta engainuaren mendean bizi da, unean uneko bulkadaren eta plazeraren morroi. Errepikatu egiten ditu konkistak, baina antzuak dira errepika horiek. Aurrekoaren kopia hutsa da konkista berri oro. Etengabe ibili behar du estimulu berrien bila, barneko hutsunea estaltzeko, eta geroari begiratu ezinik. Inautentikoa da haatik etorkizunera begirako proiekturik aukeratzen ez duenaren bizitza, ezin baitu ezer berririk sortu. Hortik dator Leturiaren aldarria: “Aske izan nahi dut nik, neure esku!! Neuk izan behar dut neure geroarean aukeratzailea”.
Engaiatzea da benetakotasun existentzialistaren adierazpen nagusia, zeure burua helburu bati edo pertsona bati lotzen diozularik ari baitzara askatasuna modu arduratsuan erabiltzen eta erantzukizunez jokatzen.
Don Juanen eta Mikelen jarreren oinarrian, zinezkotasunari beldurra dago, askatasunari maitasuna baino gehiago. Hutsala da seduzitzailearen bizitza, ez du ez norabiderik ez ganorarik. Inautentikoa da, eta ez du arrastorik edo zentzurik uzten; zenbakiak baino ez, konkisten zerrendak.
