Leibnizen infinitu batzuk (II)
ZAZPI PRINTZIPIO
A-bereizezinen identitatearen printzipioa, “Leibnizen printzipio” deitua:
-gauza desberdin bi ezin badira bereizi, bat baldin badatoz ezaugarri orotan, orduan gauza bat eta bera dira; arrazoi infinituak ez du ezer alferrik egiten; hosto bi, ur-tanta bi, puntu bi, bikien hatz-markak, oso-oso antzekoak izan arren desberdinak dira ezinbestez
B-identitatea eta kontraesana:
-Descartesentzat, Jainkoa matematikaren eta logikaren gainetik zegoen; zirkulu laukizuzenez bete zezakeen mundua; aldiz, Leibnizentzat mundu posible guztiak eta Jainkoa bera identitatearen eta kontraesanaren printzipioen menpe daude, matematikaren eta logikaren menpe; Leibnizentzat, Jainkoak ezingo luke 2+2=7 ezarri, edo zirkulu karratua
C-arrazoi askia:
-gertatzen den guztiak badu arrazoi bat, gure adimen mugatuak ezagutu ez arren; horregatik iruditzen zaizkigu hainbat gertaera absurdo eta jasangaitz, adimen infinitu batek ulergarri eta ezinbestekotzat joko lituzkeenak: margolanaren detaileak edo barakuiluaren lerdeak bere horretan ez dute zentzurik, obraren eta naturaren osotasuna hartu behar da kontuan beren zentzua eta beharra ulertu ahal izateko; era berean, unibertso infinitua osotoro behar da ulertu, mingarri eta ulergaiztzat dugunaren zentzua onartu ahal izateko
D-jarraitutasuna:
-unibertsoan ez dago hutsunerik, naturak ez du jauzirik egiten; adimen sortzaile infinituak guztiari ateratzen dio onura eta hutsa ez da ekonomikoa, ez dago arrazoi askirik hutsari izatea baimentzeko
-identitateak ezartzen ditu beharrezko egia logiko matematikoak, baina jarraitasunak ezartzen ditu existentziazko egiak: analisi infinituan predikatu batetik bestera igarotzen gara, gero beste batera, jarraitasunik handienaren arabera
-existentziazko egietan bi elementuren arteko erlazio infinituki txikiak ziurtatzen du jarraitasuna; bi elementu jarrai izango dira, baldin bien artean erlazio infinituki txikia ezartzen bada
-zer esan nahi du Julio Zesarrek Rubikon zeharkatzearen eta Erromako inperioa gorbernatzearen arteko jarraitasunak?
-bi predikatu horien artean erlazio eta tarteiferentzia bat dagoela, baina ahal bezain txikia, diferentzia ebaneszentea, desegiteko joera duen diferentzia
E-bateragarritasuna:
-mundu posibleak infinituak dira, baina soilik gure mundu honekin bateragarria dena dator existitzera; Hitlerrek bigarren mundu gerra irabaztea ez da kontraesanezkoa baina ez da gure munduarekin bateragarria; aldiz, zirkulu karratua kontraesanezkoa da, eta hortaz ez dago halakorik inongo mundu posibletan, identitate eta kontraesan printzipioen menpean baitaude, esan bezala, adimen infinitua eta mundu posible infinituak
-Borges: “Banatuz doazen bidexken jardina”: gure mundu honetan aldi berean mundu desberdinak genituzke, serie bateraezinak mundu berean; Leibniz: gure mundu honekin bateragarriak ez diren munduak ez datoz existitzera, mundu posible infinituek elkar baztertzen dute
-Borges leibnizianoa: marra zuzena da labirinturik ikaragarriena, marra zuzen infinitua
F-mundurik onena:
-mundu posible infinituen artean, adimen infinituak onena aukeratu du existentziara ekartzeko; gure mundu hau da mundu posible infinitu guztien artean onena, alegia, ume errugabeak torturatzen diren mundua
-mundurik onenak dauka bateragarritasunak baimentzen duen aniztasun eta desberdintasunik aberats eta muturrekoena
-gure mundu honetan sufrimendua eta gaizkia dago besteak beste onena izanik aniztasunik aberatsena daukalako: era berean, mp3ko zerrendarik onena ez da soilik maisu-lanak dituena, Bob Dylan eta Lou Reed infinituki errepikatuak; maila eskasagoko sasikantuak ere eduki behar ditu, Nyno, Metallica, Manolo Escobar… Liburutegirik onena ez da soilik Platon, Shakespeare eta Nietzsche dituena; kontsumo-literatura ere bai, Ikeako katalogoak…
-orobat, mundurik onenean ez daude soilik goi mailako atleten gorputz perfektuak; haur batzuk itsu jaiotzen dira (Diderotek aipatuko zituen: ume errugabeen aurkako gaizki mota horren errudun ez da gizakia; nola baimen lezake Jainko on eta aldi berean ahalguztidunak? Diderot, arazoa planteatzeagatik, espetxera)
-Leibniz: mundurik onenean dibertsitaterik handiena dago, bikain ikusten dutenengandik itsuenganaino; eskasagoa litzateke denek bikain ikusten duten mundua, berez baita barietatea on
-diferentziaren eta integrazioaren filosoforik handiena da Leibniz; ez zuen alferrik asmatu, matematikari gisa, kalkulu diferentzial eta integrala
-infinituak badu alde gaizto ikaragarri bat: Leibnizen Jainkoaren adimena da ziur aski asmatu den kontzepturik beldurgarriena: Jainkoaren adimena lapiko itzel bat da, bertan daude mundu posible infinituak, denak gurea baino oinaze eta hondamendi handiagokoak, tentsioan, existentziara igaro ahal izateko elkarren aurka borrokan
G-aurrezarritako harmonia:
-adimen infinituak, mundua kalkulatuz sortzen zuen aldi berean, patata, zorri, gizaki guztion izaera eta gertaera guztiak aintzat hartu eta abian jarri zituen. Elkar ikusten, entzuten, ulertzen, hiltzen badugu, mundua sortukeran Jainkoak gutako bakoitzaren pertzepzio-segida berez autista, besteenarekin harmonizatu zuelako da. Baina berez ez dugu harremanik besteekin, munduarekin: espiritu-automatak gara, Jainko onak era posible guztien artean hoberenean harmonizatuak
-izaki bati gertatzen zaiona bat dator beste guztiei gertatzen zaienarekin, nahiz izakiek ez dioten zuzenean elkarri eragiten; erori den kristala apurtu da aldez aurretik apurtzeko programatua dagoelako, bere baitan “badakielako” apurtu behar duela, eta ez lurraren aurkako kolpeak apurtu duelako
-Leibnizek dio filosofoari batzuetan iruditzen zaiola kaira sartu eta azkenik atseden hartu ahalko duela, sistema biribildu; baina ezustean uhin-zartako bortitz batek, filosofia-eragozpenak, itsaso zabalean galdurik uzten du berriro. Aurrezarritako harmoniaren kontzeptua Leibnizi naufragiotik sistema koherentearen abarora itzultzeko txikota izan zitzaion