Lehenbiziko ikasturte hura
Oraingo 46 urteetatik eskolak ematen hasi nintzen sasoira begira, 1987ra, 23 urte neuzkala, eta aurreko urteetara, iruditzen zait lana akuilu izan zekidakeela nire orduko bizimodu eta izaera bigun eta amorfoa zuzentzeko, ordukoa bezain gaur egungoa ere badena zoritxarrez; espero dut jubilatu ostean akats horiek gainditzearren egiteko asmoa dudan ahalegina arrakastatsua izan dadin eta behin betikoa.
Irakaskuntzan aritu baino lehen epe laburreko beste zenbait lanbidetan ere ibili nintzen, baina ordaindutako lanak lau baino ez nituen izan, kronologikoki zerrendatuko ditudanak: laguntzaile gure amaren eta amonaren dendan, Novedades Peluaga, Irunen; Tolosako baserri batean morroi; sukaldean garbitzaile, baina ez baxera eta mahai-tresneria garbitzen, baizik zola eta eltzetzar erraldoiak, British Gas-en, Londresen; eta laugarren, Londresen halaber, agindutako betebehar zehatza burututakoan amaitzen den lan horietako bat, South Kensington Hotel-ean: solairu jakin batzuetatik traste guztiak azpiko solairura jaitsi (oheak, telebistak, altzairuak, baita moketa bera ere, behin desitsatsi eta biribilkatu ondoren), hustutako solairua sakonki garbitu ahal izan zezaten; gero trasteak berriro igo eta zegokien lekuan kokatu behar genituen.
Lau lan apal horiek ez bezala irakaslearenak errotik aldatu zidan bizimodua. Nire eskoletan berehala nabarmendu zen gaur egun oraindik larriki kezkatzen nauen akatsa: autoritate gabezia, giro egokia ezartzeko ezintasuna programaren edukiak eraginkortasunez transmititu ahal izateko. Garbi oroitzen naiz lehenbiziko urte hartako eszena batez, arratsaldea zen (oroitzen naiz pentsatu bainuen: “hau gogoratu behar diat eta kontatu, garrantzitsua duk”): ikasle batzuk borrokan zebiltzan, elkarri aulkiak jaurtikiz burura, garrasika, elkar astinduz eta estrangulatuz mahaien gainetik; aulki eta mahai horietako hainbat eta hainbat nigandik hurbil erortzen ziren; arbelari itsatsita nengoen, zutik; ikasgela erdian beste ikasle batzuek banatu berriak nizkien apunte eta ariketekin sua piztu zuten; atzeko hormatik irratikasete batek infernuko zarata zabaltzen zuen (nire onespenaz gainera, zeren ikasleen ordezkariak, ikasturte hasieran, baimena eskatu baitzidan musika jartzeko, eskolak eramangarriagoak izan zitezen, eta nik onartu; pixkanaka-pixkanaka garbi gelditu zen musika mota eta bolumena beti beraiek aukeratzen zutela, eta oroitzen naizen egunerako beranduegi zen deus ere konpontzen saiatzeko).
Gatazkatsu deritzoten ikastetxe horietako bat zen. Lehenbiziko egunean, heldu berritan, ikasketa-burua, Elena, bere bulegoan instruitzen ari zitzaidanean, neska ikasle bat sartu zen, eskumuturrak bendaturik. Elenak naturaltasunez esan zion: “Hori mania zuena, suizidatzen ahalegintzekoa”. Nire harriduraz ohartuta, eta behin ikasleak, Idoiak, alde egin ondoren, Elenak azaldu zidan aurreko urtean Idoiaren adiskide bat, neska ere, arrakastaz suizidatu zela. Gure institutuan galiziar ikasle batzuk genituen, apaiz batek erreformatoriotik atera eta bere etxean hartu zituenak, Errenterian; eta gure ikastetxea esleitu zieten. Itxuraz, heroina saltzen zuten ijito batzuen erdi lagun egin ziren; ijitoek Idoiari eta bere adiskideei heroina-kopuru handi baten salmenta agindu zieten, baina galiziarrek, saldu beharrean, zainetik sartu zuten; ondorioz, gameluek bortizki mehatxatzen zituzten eta hainbat bider jipoitu zituzten, dirua berreskuratzeko itxaropenez. Elenak zioenez, presioa pairatu ezinak bultzatu zuen Idoia ahaleginera eta bere adiskidea suizidiora.
Zenbait irakasle libertariorekin ikasia nintzen, bai Hondarribiko institutuan eta bai karreran, Zorroagan; erakargarrienak zitzaizkidan, eta irakasle-lanetan hasi nintzelarik imitatu egiten nituen, batzuetan nahi gabe; horrek maiz utzi ninduen irrigarri lehenbiziko urte hartan, hala nola tutore gisa gurasoekin eduki nuen lehenbiziko bileran: Antonio, matematikako irakasle zintzo eta zorrotz bat, aholkulari zaildu gisa laguntzera etorri zitzaidan, eta txundituta utzi nuen nire buruari ozenki galdetzeari ekin niolarik, gurasoen aurrean, ea zergatik onartzen ote den beste barik nire hitzak, ikasgelan eta edonon, beren seme-alabenak baino baliotsuagoak direla, zer eskubide dudan inor isilarazteko nire mintzoa inposatzearren, zein uste ote dudan naizela gure gazteria erreprimitzeko, hain bizipen interesgarriak dauzkana, helduok entzuteko irrikaz behar baikenuke; eta garrantzitsuena ez dela ikastea baizik bizitzea, eta eskola, azken batean, gure gizartea definitzen duen espetxe-sistemaren gune nagusietakoa dela. Aita batek esaldi arraro batzuk bota zituen zezelka, mozkortuta zegoen. (Zenbait egunen buruan ikastorduan bere alaba supituki zutitu, leihoa ireki eta goitika egin zuen. Goitikina, aski solidoa, leiho-koskan gelditu zen.)
Batzarraren ostean Antoniok aholkatu zidan, arrazoi osoz, hurrengo solasetan mugatu nendila gurasoei behin eta berriz errepikatzera beren seme-alabek asko ikasi beharko zutela ikasturtea gainditu ahal izatekotan, hurbildik zaintzeko etxeko lanak egin zitzaten, titulu bat ongi etorriko zitzaiela bizitzan baina lortu ahal izateko beharrezkoa zela nolabaiteko diziplina eskolan bezala etxean ere...
Antoniok, eskarmentu luzea izanagatik ere, makurtu ez zen gutxi horietakoa zen. Besteak beste, uko egiten zion egiarekin trapitxeatzeari, are hezkuntza-delegazioarekin tratuan. Aitortu zidan intrantsigentzia horrek bikote-bereizte batzuk ere ekarri zizkiola ondorioz.
Hamazazpi urte zeramatzan irakaskuntzan lanean eta egundo ez zion ikastetxera joateari utzi: ez eritasun arin, ez trafiko-arazo, ez deus. Asistentzia-falta bakar bat ere ez hamazazpi urtean. Nire lehenbiziko ikasturte hartan, egunsenti batez iratzargailuak ez zion jo. Frogagirian idatzi zuen: “Ez naiz lehenbiziko ordura iritsi iratzargailua matxuratu zaidalako”. Delegazioan ez zuten onartu, eskatu zioten ordeztu zezan “eritasun arina” edota “trafiko-arazoak” idatzirik, asistentzia-falten justifikatzaile gisa ofizialki onartutako eragozpenak bi-biak. Marianok ez zuen onartu, ez baitzetozen egiarekin bat. Ez zuen amore ematen burokraziak bultzatzen duen zinismo lausoaren aurrean. Bertantxe goxo egin nuen nik lehenbiziko ikasturte hartan berehala, baina jubilatu ondoren Marianorekin berriro kontaktatzen ahaleginduko naiz.