Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Lehen Wittgenstein. Tratatu logiko-filosofikoa

Lehen Wittgenstein. Tratatu logiko-filosofikoa

Markos Zapiain 2024/02/07 18:02

Hauxe da Wittgensteinen gogoeta abian jarri zuen harridura: hitz egin, hitz egiten dugu, noski, baina zer da zehazki egiten duguna mintzo garelarik? Nola funtzionatzen du zentzuak esaldian? Kanten galdera ezagut dezakedanaren mugen gainekoa bazen, Wittgensteinek itaunduko du zer ote den era onargarriz esan dezakedana.

Erantzunaren arabera, Wittgenstein bi bereizi izan dira, eta biek izan dute eragin handia filosofian: lehenbizikoak Vienako Eskolaren neopositibismoa bideratu zuen, eta bigarrenak filosofia analitikoa, edo hizkuntza arruntaren filosofia, batez ere ingelesez mamitua. Edonola ere, Wittgensteinek urruti ikusten zuen bere burua bai neopositibosmotik, bai filosofia analitikotik.

 

LEHEN WITTGENSTEIN

Tratatu logiko-filosofikoa liburuak darakutsa lehen Wittgensteinen pentsamendua. Baina kontuz: vienarrak dioenez, zati bi ditu Tratatuak: idatzirik dagoena, eta idatzirik ez dagoena. Eta bigarrena ei da garrantzitsuena.

Lehen Wittgensteinentzat, badago egia, mintzoz adieraz daiteke, egia adierazten hasi eta bukatu egin behar dugu, eta egia adierazi ostean filosofia baztertu eta jolastu, maitatu, bizi. Arazo filosofiko guztiei behin betiko konponbidea eman omen die Tratatuak, eta, hortaz, ez du zentzurik aurrerantzean ere arazo horiek buruan bueltaka erabiltzen jarraitzeak. Gainera, Tratatuak bere burua deuseztatzen du. Aldi berean du Wittgensteinek egia aldaezintzat eta gainerako filosofia-liburuak bezain absurdotzat. Dagoenari buruzko ikuspuntu zuzenera daraman eskailera bat da, eta, igo ostean, bota egin behar da. 

Lehen Wittgensteinentzat, tautologia eta kontraesana dira zentzuz esan daitekeenaren mugak: tautologia beti da egia, baina ez digu ezer esaten munduaz; kontraesana beti da gezurra, eta ez digu ezer esaten munduaz. 

Tautologiaren eta kontraesanaren artean dagoen esaldiak, zentzuzkoa denean, mundua irudikatu egiten du. Hizkuntzak eta munduak forma logiko berdina dute, isomorfoak dira: adibidez, izenak bat datoz gauzekin. Eta izenak esaldian modu jakin batean konbinatzen diren bezala konbinatzen dira gauzak gertaeran. Hizkuntzaren eta munduaren karkasa da logika. 

Beraz, munduaren irudi legez funtzionatzen du esaldi onargarriak. Hizkuntzaren izaera figuratiboaren ideia auto-istripu baten inguruko epaiketa baten berri irakurri zuenean bururatu zitzaion Wittgensteini: panpinen eta figuratxoen bidez errepresentatu zituzten autoak, etxeak, jendea. Antzera irudikatuko luke esaldiak munduko gertaera edo egoera.

Alabaina, ezin da esaldien bidez munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komuna azaldu. Hori norberaren lokartze unea zehazki kronometratu nahi izatea litzateke. Esaldiek forma logiko hori “erakutsi” egiten dute; ezin dute  “azaldu”, edo “adierazi”. Hizkuntzan adierazten dena ezin dezakegu guk hizkuntzaren bidez adierazi. Era berean, margolanak paisaia irudika lezake, baina ezin du irudikatu formek eta koloreek paisaia nola irudikatzen duten. 

Tratatu logiko-filosofikoan, izenaren zentzua bere erreferente erreala da. Eta mundua deskribatzen dutenak dira esaldi onargarriak; hots, Natur Zientzietakoak. Esaldi filosofiko klasikoak ez bezala, errealitatearekin bat etor daitezkeen esaldiak egiazkoak ala faltsuak izan daitezke. Natur Zientziak egiazko esaldi guztiak bilduko lituzke. Ordea, Natur Zientzietako gaiak ez dira garrantzitsuenak gizakiontzat. Zientziaren galdera guztiei erantzunda ere, gure funtsezko arazoak ez genituzke ukitu ere egingo. 

Sakonkien dagozkigun gaiak etikoak, estetikoak, metafisikoak dira. Baina ezin dira hitzez adierazi, ez dira gertaeren pinturak, ezin dira egiazkoak edo faltsuak izan. Hil ala bizikoak dira, baina ez dute zentzurik. Hizkuntzak ezin du etikaren berri eman. Ez da gai, katiluak Atlantiar Ozeanoa har ez dezakeen legez. Horregatik, bizitzaren arazoak ez du erantzunik. Arazo hori desagertzeak adieraziko luke konpondu dela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.