Le papillon, la mariposa
Txillardegik Ferrolera soldadutza egitera joan aurretik, Mitxelenari jakinarazi zion Knut Hamsunen Pan eleberria euskaratzeko asmoa zuela. Mitxelenak beste bide bat hartzera animatu zuen haatik: barruak agindutako zerbait idaztera, sormenezko eleberri bat, inoren obra itzuli beharrean. Eta Leturia idatzi zuen Txillardegik.
Mitxelenaren aholkuaren testuingurua Joxe Azurmendiren Gure klasizismo txikia-k erakutsi digu ondo. 50eko urteetan baziren euskarazko aldizkari nagusi bi: Mitxelenaren inguruko Egan, eta Jokin Zaitegiren eta Andima Ibinagabeitiaren Euzko-Gogoa. Itzulpena lehenesten zuten Euzko-Gogoakoek, oroz gain klasikoena, kultura jasoa, eta Eskilo, Sofokles, Platon, Zizeron, Virgilio, Ovidio euskaratu zizkiguten. Ostera, Mitxelenak eta Eganek sorkuntza propioa hobesten zuten, garaikidea, gure arazo berrien berri gure moduan ematea. Hortxe aurkitzen dugu Mitxelenaren aholkuaren zentzua.
Itzulpenari dagokionez ere, polemika gogorrak izan zituen Txillardegik, batez ere marxistekin. Halako batean, Txillardegik “ez dago itzultzerik” idatzi zuen. Hizkuntzek mundu-ikuskera berezia baldin badute, gorri ez da rojo ez rouge, eta txukun ez da ordenado ez propre. Hizkuntzen mundu-ikuskera bereziak unibertsalismo abstraktuari kontrajartzeagatik leporatu zion Ereño marxistak Txillardegiri solipsista hutsa izatea.
Dena den, itzulpen piloa egin zuen Txillardegik berak; gainera, “ez dago itzultzerik” idatzi zuen ez bere izenean, baizik eta Whorf erlatibistaren muturreko interpretazio baten berri ematean. Bere izenean, “ez dago hitzez hitz itzultzerik” idatzi zuen Txillardegik. Hain zuzen, hizkuntza batetik beste batera itzultzean galtzen dena da poesia, eta herriek hizkuntzak sortzen dituzte poetak olerkia legez.
Ez dagoela hitzez hitz itzultzerik dioelarik, Txillardegiri ez zaio arrazoirik falta, gaur egungo hizkuntzalarien ekarria aintzat hartuz gero. Esate baterako, genero gramatikalak eragina ei du hiztunen garunetan. Gramatikan genero-markak dituzten hizkuntzen hiztunak sarriago “ohartzen” dira gauzen “sexu” metaforikoaz. Adibide bi ikusiko ditugu.
Euskarak ez du generorik, baina latinak eta hizkuntza erromanikoek badute. Victor Hugoren testu hau aipatzen du Koldo Mitxelenak: «La pauvre fleur disait au papillon céleste: ‘Je reste, tu t’en vas’». Gaztelaniaz: La pobre flor decía a la celeste mariposa: «yo me quedo, tú te vas». Victor Hugok emakumearen egoera salatu nahi zuen, lore gaixoa lurrari bezala bizi baitzen etxean erroturik eta loturik, “gizona batetik bestera alaiki lorez lore zebilen bitartean. Baina, zer dela eta ezin itzul daiteke gaztelaniaz honela? Papillon gaztelaniaz, mariposa, femenino delako, eta hain zuzen ere horretantxe datza poesia honen funtsa. Behar-beharrezko da hemen lorea emakume izatea eta papillon zerutarra gizonezko, eta irudi hau generoetan datza”. (Idazlan guztiak II, 277-278)
Errusiar Itziar Laka dugun Lera Boroditsky psikolinguistarena da bigarren etsenplua. Boroditskyren ikerketek erakutsi dutenez, hitz jakin bat hizkuntza batean maskulinoa baldin bada (hala nola, gaztelaniazko “el puente”), hiztunek “sendo”, “luze” edo “astun” legezko adjektiboekin deskribatzeko joera izaten dute. Aldiz, femeninoa izanez gero (alemanezko “die Brücke”), “dotore”, “polit” edo “hauskor” bezalako adjektiboetara jotzen dute gehiago.
Generoak gure hautematea eta ulerkera koloreztatzen duenez, zuzen zebilen honetan ere Txillardegi: hitzez hitz itzultzera ez gaitezke hurbildu baizik egin.

Ondorengoak Jorge Luis Borgesen hitzak dira:
«De acuerdo a los diccionarios, los idiomas son repertorios de sinónimos, pero no lo son.
Los diccionarios bilingües, por otra parte, hacen creer que cada palabra de un idioma puede ser reemplazada por otra de otro idioma. El error consiste en que no se tiene en cuenta que cada idioma es un modo de sentir el universo o de percibir el universo».
Bere pentsamenduaren adibide, poesia itzultzeari buruz honakoa Borgesen iritzia:
«Las traducciones de sonetos no pueden ser literales y conservar el sentido».
('Miscelánea; Jorge Luis Borges, DeBolsillo; 689. orria).