Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Lazunen izariaz

Lazunen izariaz

Markos Zapiain 2024/11/06 12:35
Joseba Mikel Ugalderen azkeneko liburuaren hitzatzea

Hasiera batekin amaitzen duen arren Joseba Mikel Ugaldek Lazunen izariaz hau, liburu osoa kontuan hartuta alde handiz gailentzen zaio amaiera hasierari. Ugaldek ez du liburu gehiago argitaratuko. Hain nabarmen azpimarratu digu liburu hau akabantza dela, irudi bailuke, idazlearen obraren bukaeraz gain, Joseba Mikel lagunaren bukaera ere iradokitzen ari zaigula. Larregi erretzen du. Ezinegonak jo nau.

Dena den, ez gaitzala drama-goseak behar baino arinago amildu putzuan. Egunak iluntzea eta goiztiria biltzen dituen legez, lazunaren izariak —xumea bada ere— lortu du irakurlea beltzaren muinetik muino koloretsuetara eramatea; bizitza, liburuaren esanetan, beltza barruan dakarren ortzadarra baita.

Kolore horiek pizteko, Ugaldek ez ditu baliatu gaur egun nagusitu zaizkigun joera literarioak, erosoago baitabil Raymond Roussel, Ramón Gómez de la Serna eta Markos Gimenoren mundu olgetakoetan. Eta, Markinan egia baldin badiote, olgetak dakar beneta. Ez da harritzekoa Gimenok eta Ugaldek beren liburuak elkarri bidali izana, unibertso bertsuan bizi baitira.

Nagusien zein gazteen literatura nagusian kontakizuna duzu funtsa, eta kontakizunaren baitan kokatzen dira hitz-olgetak, apaingarri gisa, edo albo-kalte. Aldiz, Bermeoko idazleak hitz-jolasa izaten du oinarri eta abiaburu, eta hitz-jolasaren garapenak dakar kontakizuna. Patuak agindu zuen, adibidez, Jokinen ogibidea:

“Jokinek ikasketetarako dohain bereziak zituen, baina Geologia, Teologia, Pedagogia eta Ekologia karrerak bukatu ondoren, azkenean okin bihurtu zen. Herrian, patuak idatzia zegoela zioten. Izena eta izana, sortzetik ‘jota’ zituen”.

Jostari eta dantzari baitabil bermeotarra hizkuntzarekin. Ezusteko fonetikoak eta gramatikalak, zentzu bikoitzak, analogia absurduak eta edozein brikolaje darabil efektu erritmiko eta komikoak sortzeko eta asmakizunak eta istorioak eratzeko eta eraldatzeko. Betiko logika zapartaturik, hitzaren eta errealitatearen arteko harremanen ezaugarri bitxiak ikusarazten dizkigu. Ametsetan balego bezala ikusten du batzuetan lazunak eguneroko bizitza, eta horri esker suma dezake zenbait gaizki ulertze interesatuak direla:

“Botilak, errukiz, ‘Utz nazazu’ esan zion, baina gizon ahul eta malenkoniatsu hark ‘Huts nazazu’ entzun zuelako itxurak egin eta edaten jarraitu zuen”.

Edozein bide har dezake lazunaren berbak, edozertarako baliatzen du Ugaldek, hala nola protesta sozialerako, irakasleak Anttoniri “arrakastatsu” zer ote den hiru hitzetan azaltzeko eskatu eta neskak “ar kastadun ahaltsua” erantzuten dionean; edota “aberats” eta “abere hats” bereizi eta batzen dituelarik: ez dira gauza bera, diru zikinaren kiratsa edo sunda askoz ere jasangaitzagoa izaten delako animaliena baino. “Zurea ‘aberastasunda’ da!!” Inoiz ez genuke klase-perspektiba ahaztu behar.

Edozelan ere, kezkaturik utzi nau lazunaren despedida-aire horrek. Zergatik ez zuen tabakoa utziko. Banoa eskelak begiratzera.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.