Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Laikotasunaren alde (kontrakorik gabe)

Laikotasunaren alde (kontrakorik gabe)

Markos Zapiain 2019/01/27 14:10
Berria-n 2019-01-26an argitaratua

Itziar Diez de Ultzurrunek eta Eneko Marinek laikotasunaren inguruko eztabaida falta deitoratu dute; Hezkuntza Sailak erabaki garrantzitsuak hartu behar dituen honetan agian ez da desordukoa izango Erlijioa ikasgaiak ikastetxe publikoetan izan beharko lukeen tokiari buruzko artikulu bat.

Karikatura interesatu bat da laikotasuna eta antiklerikalismoa nahastea, edo laikotasuna erlijioaren aurkako jarrera gisa aurkeztea. Kontua da gurean honezkero bukatua dela teokrazia, ez Jainkoak diktatutako legeek baizik eta gure kabuz sortutakoek gobernatzen dutela gure elkarbizitza, era ahal bezain autonomoan ahalegintzen garela herria antolatzen. Inor ez litzateke baztertu beharko sexuagatik edo arrazagatik, baina ezta sinesmenengatik ere. Espazio publikoan ez lirateke pribilegioak onartu beharko. Zesarrari Zesarrarena eta Jainkoari Jainkoarena: estatu laikoak ez ditu diruz edo bestela lagunduko erlijio partikularrak, baina babestuko du edozein hiritarrek bakarka zein taldean bere fedea praktikatzeko duen eskubidea, etxean, Elizan zein Logia Masonikoan. Kontzientzia eta adierazpen askatasunaren aldeko argitasun eta begirune horrek eraman ditu fededun asko laikotasuna aldeztera. Laikotasuna ez da ideologia bat, gatazkak saihesteko metodo bat baizik. Latzak baitira pairatu behar izan ditugunak, monoteismo orok bizitza publikoaz jabetzeko erakutsi duen irrikaren erruz. Ez da harritzekoa Historia ondo ezagutzen duten jakintsu kristau, musulman eta juduek hainbat liburu idatzi izana laikotasunaren alde. Eta Hezkuntza Laikoa elkarteko kide bat baino gehiago joaten da bileretara Jainkoari otoitz eginez, bilera lehenbailehen amai dadin erregutuz.

Estatuari dagokio Hezkuntza Publikoa. Hor ere ez litzateke onartu beharko ikasleak eta familiak arrazoi erlijiosoengatik bereiztea. Ordea, katolikoek berdintasun printzipioa hausten duten pribilegioak dituzte. DBH-n aski da kristautasuna ikasi nahi duen ikasle bakar baten eskaera talde bat osatzeko, halako kasu bat dugu Bermeoko Institutuan. Gainerako erlijioek ez dute abantaila hori, nahiz eta gero eta musulman gehiago dabilen. Berez, Kristautasun Katolikoa, Kristautasun Ebanjelikoa, Islama eta Judaismoa dira Hezkuntza Sailak eskaintzen dituenak. Halatan, Agnostizismoa edo Ateismoa ikasi nahi luketen ikasleak eta beren familiak zokoratzen dira, bigarren mailako hiritar izatera menosten. Bidegabekeria horrek Espainiak eta Vaticanoak 1976an negoziatzen hasi (Konstituzioa onartu aurretik) eta 1979an izenpetu zuten Konkordatua du oinarri. Geroztiko Espainiako gobernuak ez dira ausartu Konkordatua bertan behera uztera, ezta sozialistenak ere. EAEn edo Nafarroan, itxuraz laikotasunaren aldekoenak liratekeen Bilduren eta Podemosen koalizioak bagenitu ere gobernuan, ezingo litzateke Konkordatua desaktibatu, EAE eta Nafarroa Espainiaren menpean baitaude. Dena den, egia izan arren Konkordatuak dirauen bitartean gure Hezkuntza Sailek ezin diotela ofizialki Erlijioa ikasgaia eskaintzeari muzin egin, badira hainbat bide laikotasuna xede aurrerapausoak egiteko modukoak, adibidez sarkinkeria eragoztea eta dirua zentzuz banatzea.

Intrusismo ebidentea baita, batetik, Eskola Publikoan irakatsi beharreko programazio bat Munillak eta enparauek Gotzaindegian egitea; eta, bestetik, Eskola Publikoan lan egingo duten Erlijio irakasleen egokitasuna edo desegokitasuna Gotzaindegiak edo Islamaren Elkarteak erabakitzea. Orobat, ez da zilegi Hezkuntza Sailak, bai iazko ikasturtean eta bai aurten, hain gomuta mingarria pizten duen Gazteluetari eta Opus Deiko gainerako ikastetxe segregatzaileei 13 milioi inguru euro ematea, aldi berean Eskola Publikoetako Batxilergoetan irakaskuntzaren kalitateari erasaten dioten 35 ikasleko ratioekin gabiltzala, diru faltagatik omen. Gero eta nabarmenagoa da konponbidea ez dela indarrean daukagun erlijio askoren eskaintza, multikonfesionaltasuna, baizik eta laikotasuna: begirune osoa erlijioei eta fededunei, baina doktrina eta proselitismoa eskolatik kanpo.

Erlijioa ez, laikotasunaren aldezleok ez dugu erlijioa ikastetxeetatik egotzi nahi, besteak beste begien bistakoa delako erlijiorik gabe ezin direla ulertu ez Historia, ez Artea, ez Filosofia. Hortaz, normala da erlijioz beterik egotea Institutuetan irakasten diren Historia, Artearen Historia zein Filosofiaren Historia. Hori bai, programazioak idatzi eta gaiak irakatsi, adituak direla azterketa publikoetan frogatu duten irakasleek egiten dute, jakitatea xede, eta ez, katiximaren hedatzea helburu, Gotzainaren nihil obstat-ak bedeinkaturikoek.

Laikotasunaren hastapenak ez soilik Hezkuntzan, jendarteko hainbat esparrutan izaten dira onuragarriak, ustekabekoenetan ere. Didier Deschampsek Frantziako futbol selekzioaren ardura hartu zuenean, ostikolari katolikoak, ateoak, protestanteak, musulmanak, agnostikoak eta aingeru itxurako judu bat aurkitu zituen. Batzuk hasi ziren, kontzentratzioetan eta, beren fedeei loturiko menuak eta beste zenbait berezitasun errebindikatzen. Deschampsek gogor ezarri behar izan zuen laikotasunaren diziplina: fede partikularrei loturiko ohiturak, selekziotik kanpo. Hau errepublika txiki bat da. Eta Mundiala irabazi zuen.

 

Amaia
Amaia dio:
2019/01/30 23:40
Galderatxo bat egin al diezazuket? Masoia al zara?
Eskerrik asko.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2019/01/31 08:15
Oraindik ez erabat. Zer ba? Kutsu masonikoa sumatu diozu testuari ala?
Amaia
Amaia dio:
2019/01/31 09:07
Ba, masoien aurka nagoelako. Eta idatzi duzunari masoi kutsua ikusten diodalako. Errespetuz diotsut.
Gauza da, demokrazian baldin bagaude, ea gardentasuna horiei ere noiz iristen zaien...
Amaia
Amaia dio:
2019/01/31 09:12
Jakina da freemasoitzaren izaera anti-kristaua.Laikotasunaren aitzakia darabilena kristautasunaren aurka.
Amaia
Amaia dio:
2019/01/31 12:18
Hitz politak maila bajuko masoiak.
Maila altuko masoiak, joku zikiñekin.

Laikotasunaren defendatzaile sutsua nintzen duela gutxi arte, begiak ireki ditudan arte. Eta mendebaldean gertatzen ari den gerra ixila baina geldialdirik gabekoaz ohartu garen arte.

Masoiak, sionismoaren azpitik. Eta ikusten ari gara zer darabilkiten hitz eder guzti hauen azpitik.

Aparte, esan beharra dut pixka bat erridikuloa iruditzen zaidala gizon bat ("hecho y derecho" esaten den bezala) masoitzan botere morbo hori bilatzen ibiltzea eta traje erridikulu horiekin.

En fin. Begiak irekitzen hasi gera.

Data Ostekoa: Venezuelako Guaidó masoia da.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2019/01/31 12:44
Laikotasunak berdin gaitzetsiko luke masonismoa, guztioi dagokigun eremu publikoan abantaila bereziak bilatuko balitu

Laikotasunak ez du ezer katolikoen aurka, fededunen eta fedegabeen berdintasuna aldarrikatzen du espazio publikoan, eta begirunea eta babesa katolikoei eta beste edonori beren sinesmenek eskaturikoa indibidualki zein kolektiboki praktikatu ahal dezaten. Kontzientzia eta adierazpen askatasuna hiritar guztientzat

Hori bai, laikotasunari ez zaio etikoki onargarria iruditzen fede partikular batek pribilegioak izatea

Hastapen horietan ez dago katolikoen aurkako gorrotorik, horregatik dira laikotasunaren aldekoak ez soilik masoiak, baizik eta katoliko eta monoteista asko

Oso gutxi dira laikotasuna katolikoen aurka erabiltzen duten masoiak, laikotasuna hiritarren arteko harremanak kudeatzeko metodorik zentzuzkoena iruditzen zaienen aldean
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2019/01/31 13:17
Ez zait iruditzen Hezkuntza Laikoa elkarteko kideak konspirazio-asmo aitorrezinen batek bultzatzen dituenik; gardenak dira bilerak, irakaskuntzan dabilen jende arruntak eginak. Laikotasunera gehienbat Spinozak, Voltairek, Victor Hugok (laikotasunaren aldeko katolikoa berau, talentu handikoa, biziki maite zuen herriak), Deleuzek eta gisako pentsalariek bultzatu gaituzte; eta uste sendo batek: ez da normala Marcelino Oreja katoliko frankistak teokrazia batekin 1976an eta 1979an hitzartutako Konkordatuak gure hezkuntza-sistema determinatzea.

Esku beltz sionista batek ezkututik mugiarazten gaituela? Ez da OSOTORO ezinezkoa, baina nik oraingoz ez dut horren aztarna txikienik ere igarri.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.