Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Laikotasuna mehatxu

Laikotasuna mehatxu

Markos Zapiain 2025/09/10 15:25

Batetik, alderdi politiko guztiek berdintzen dituzte gaur egun Frantzia maitatzea eta laikotasuna maitatzea. Laikotasuna omen da identitate frantsesaren ezaugarri nagusia. Eliza katolikoa estatuaren gainetik jartzeko tradizioan bizi izandako eskuin muturreko joerek ere laikotasunaren alde egin dute berriki. Disimulatzeko lanik ere ez dute hartzen, bistakoa baita soilik etorkin islamdarren aurkako iskilu gisa erabil dezaketen heinean aldezten dutela laikotasuna. Eta, dirudienez, 2027ko presidentzialak irabaziko dituzte.

Bestetik, Frantzian badute joera ez dagozkien merituekin gozatzeko eta laudatzeko beren burua. Adibidez, laikotasunaren txapeldun unibertsal agertu nahi izaten dute, mundua laikotasunaren faroarekin argitu duen aitzindari iraultzaile gisa, baina lehenago ezarri zen laikotasuna Mexikon Frantzian baino, eta laikotasunaren aldeko filosofia mamitsu bat lehenago sortu zuen Spinozak edozein frantsesek baino. Gainera, laikotasun frantsesak kutsu jakobino zentralista izan du, eta gaur egun ere halaxe jarraitzen du. Eta laikotasunari dagokionez, beste hainbat kontutan bezala, Frantziari kopiatzen ahalegindu baino ez du egiten Espainiak.

Ulergarria da Euskal Herrian laikotasunaren ideiari usain txarra sumatzea: eskola laikoa behar bezala ezartzeko ezinbesteko baldintzatzat baitzuten Parisen euskara desagerraraztea. XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, batera gertatu ziren Iparraldean eskola laikoaren hedatzea eta euskara ezabatzeko enegarren egitasmo biolentoa. 1882an inposatu zuen Jules Ferry hezkuntza ministroak eskola orotan frantsesa. Iparraldeko hainbat eskola, eskolaurre eta ospitaleri ematen dio izena gaur egun Jules Ferry laikotasun frantsesaren heroiak.

Idatzi zuen badaudela goi mailako arrazak —hala nola frantsesak eta alemanak—, erdi mailakoak —asiarrak—, eta behe mailakoak —afrikarrak, beltzak. Goi mailako arrazen betebehar etiko-politikoa behe mailakoak zibilizazioan sarraraztea da, bortxaz bada ere. Ideia horietan oinarrituta, Frantziak Aljeria kolonizatu zuen, populazioaren herena baino gehiago hilik. Eta ideia horiek ez ziren Aristotelesek esklabotza naturaltzat hartzera eraman zutenak bezain normalak eta hedatuak Ferryren Frantzian. Esaterako, gogor borrokatu zituen Clemenceau batek. 

Jules Ferry barne duen tradizioak bultzatuta dira gaur egungo laikotasunaren aldezle ezagunenak gure inguruan —hala nola Henri Peña-Ruiz Frantzian eta Fernando Savater Espainian— hizkuntza bakarra hauspotzearen eta ezartzearen aldekoak. Henri Peña-Ruizek, esaterako, kritika arin batzuk egin dizkio kolonialismo frantsesa oinarritu zuen ideologia laizistari, baina ez du deus ere esan laikotasunaren izenean Frantzia barruan hizkuntzak suntsitu dituen politikaren aurka. Eskola bakar doakoa Frantziako ume guztientzat, ezin ukatu ideia bikaina dela; baina inongo zalantzarik edo eztabaidarik gabe onartzea frantses hutsez eta tokian tokiko hizkuntzak deuseztaturik behar duela eskola uniforme horrek, ez da hain ideia ona. 

Fernando Savaterrek ere etengabe laudatzen du "el español, la lengua común". Baita Ameriketan ere, espainolez mintzo zirenek hango hizkuntzak borratu zituzten herrietan. Hor ez da ahalke historikoa falta? Esterminioaren ondorioz hitz egin dezakezu jende orok ulertzeko moduan, eta primeran datorkizu, bejondeizula; baina ez iezaiozu esterminioari ezikusia egin; eta, esterminioaz aprobetxatzeko orduan, lotsatu apur bat bederen.

Espantagarria da historia: urte gutxiren buruan bihurtzen du esterminioa irabazleentzat txit praktiko, esterminiotik txiripaz bizirik ateratako koitaduak ere berehala jartzen ditu hizketan "en nuestra hermosa lengua común". Eta Savater izan da gurean laikotasuna ganora handienaz aldeztu duen pentsalari erdalduna. Baina uste du jendarte laikoaren aldeko borrokak ezinbestez behar duela abertzaletasunaren kontrakoa ere; Savaterren hitzetan, “nazionalismoen sektarismo identitarioaren aurkakoa”. Europako estaturik laikoena delako da Savaterrentzat Frantzia Europako estaturik unitarioena. Mira por dónde autobiografian dioenez, behin batean, Filosofiako fakultateko eztabaida batean, Txillardegi, “que siempre me había parecido una persona bastante amable y educada, se empeñaba en hacer todas sus intervenciones en euskera”. Ez datoz bat euskaraz mintzatzea eta heziera ona, así ha sido toda la vida.

Laikotasunaren aldeko artikulu sendoak idatzia zen ordurako Txillardegi, baina baita euskaldunak —eleanitzak barne— gizarteko praktikan euskaldun elebakar gisa funtzionatzearen aldekoak ere, berehala egingo baitu bestela euskararenak, eta horrenbestez Euskal Herriarenak.     

Ederra da laikotasuna euskaraz ere defendatzeko tradizioa: Txillardegiz gain, hor dauzkagu Jean Etxepare, Emilio Lopez Adan, Tere Maldonado, Iratxe Momoitio… Erakutsi dute “euskal laikotasuna” ez dela oximorona, euskal laikotasunak ez duela ezinbestez espainola edo frantsesa izan behar, bateragarria dela laikotasuna aldeztea eta Euskal Herria Espainiako eta Frantziako batasun mesianikoetan urtu nahi ez izatea.

Herbeheretan ditu sustraiak euskal laikotasun horrek. Spinozaren esanetan, egia eta fedea bereizi behar dira, eta filosofatzeko askatasuna defendatu, esfera politiko edo erlijiosoetatik letorkeen edozein usurpazio ahaleginetik. Antolatutako superstizioak dira Spinozarentzat kristautasuna, judaismoa eta islama. Ez dute arrazoia oinarri, baizik ezjakintasuna eta emozioak, batez ere itxaropena eta beldurra. Eta Spinozaren obra tresna indartsua da jendearen bizitza publiko zein pribatuaren gaineko elizen kontrola saihesteko.

Frantsesek saldu nahi izan digute hizkuntza bakarraren ezarpenari lotutako laikotasuna dela kontzepzio arrazoizko, koherente, are posible bakarra, baina kontrakoa erakutsi digu Holandako tradizio frantsesa baino askoz ere antzinagokoa eta filosofikoki sendoagoa.

Laikotasunaren kontzepzio zentralista frantsesa, eta beraz espainola —elizaren eta estatuaren bereizketa onuragarriarekin batera hizkuntza bakarraren porrua sartu nahi duena—, ez dator bat Spinozaren eta bere adiskide Adriaan Koerbaghen proiektu federalistekin. Abokatua eta medikua zen Koerbagh, elizaren autoritatea autoritate zibilaren mendean jartzearen aldekoa.

Antolaera politiko deszentratzaileari lotu zioten XVII. menderako Herbeheretan laikotasuna. Benetako askatasuna probintzia bakoitzaren subiranotasunarekin identifikatzen zuten Spinozak eta Koerbaghek. Monarkia zentralistaren aldeko orangisten aurka jo zuten, eta De Witt errepublikazale federalistaren alde.

Behin batean, Spinoza kale-kantoi ilun batean labankadaz hiltzen ahalegindu zen fanatiko bat. Bizitza osoan gorde zuen longain arrakalatua, oroitzeko gizakiak ez duela beti askatasuna maite. “Caute” aukeratu zuen Spinozak ikurritz, “habil tentuz”.

Komisario batek, kalbindarren eraginez, Adriaan Koerbagh jendaurrean torturatzea proposatu zuen, eskuin eskuko eri pototsa ebakitzea eta mihia burdina gori batez zeharkatzea; gainera, hogeita hamar urteko kartzelaldia, ondasunak oro konfiskatzea eta bere liburu guztiak erretzea. Salaketa bakarra, liburu ustez biraolari bat idatzi izana. Azkenik, betiko gela ilunean torturatzera mugatu ziren, eta, herritik gurdi batean kateaturik paseatu ostean, espetxe bereziki zital batean hertsi zuten. Hamalau hilabeteren buruan, kartzelako bortxazko lanen gogorkeriak akabatu zuen. Hogeita hamabost urte zituen. Bere liburu eta izkribu gehienak suntsitu egin zituzten agintariek. Herbehereak ziren hala ere Europako herririk toleranteenak garai hartan, atera kontuak.  

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.