Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Kristiania eta gosearen zikloa (II)

Kristiania eta gosearen zikloa (II)

Markos Zapiain 2026/09/24 19:40

XIX. mendearen amaierako Kristianian kokatzen da kontakizuna, gaur egungo Oslon. Garai hartan Kristiania zuen izena. Nobelan, Kristiania ez da atzealde hutsa, ezpada beste protagonista bat. Etengabe dabil idazlea harat-honat kaleetan, parkeetan, enparantzetan, kafetegien inguruan, egunkarietako erredakzioetan, ostatuetan eta alokatutako geletan. Hiriaren geografia protagonistaren egoera ekonomikoarekin batera aldatzen da. Dirua duenean, hiri arrunt batean bizi dela sentitzen du; dirurik gabe, ostera, labirinto makur bihurtzen zaio idazleari Kristiania: janariz, beroz eta ostatuz hornitua dago, baina nekez eskura ditzake. Gainera, pobrezia, aldirietako auzo miserableetan ez ezik, hirigunean ere nabari da. Ondo samar doakion jendea du protagonistak inguruan, eta horrek bakardadea areagotzen dio.

Nobelaren berezitasunetako bat da ia ez duela tramarik: idazle gazte eta pobre baten gose fisikoa, degradazioa eta kontzientziaren gorabeherak eta eldarnioak kontatzen ditu Hamsunek. Idazlea aldi berean da narratzaile eta protagonista. Lehenbiziko pertsonan sartzen gaitu Hamsunek protagonistaren gogoan. Horregatik hartu izan da eleberri psikologiko modernoaren aitzindaritzat.

Hainbat aldetatik da Gosea 1890ean bezain modernoa egun. Ez dago “mezua” transmititzen duen narratzaile orojakilerik, edota protagonista psikologikoki koherente eta gardenik. Kontraesanek bizi dute idazlea, eta gorputzak, goseak, hitzek, harrokeriak, desirak eta irudimenak astintzen dute haren gogoa. Beharbada, eleberria ulertzeko gakoa ez da bakarrik gosea; aintzat hartu beharrekoak dira, orobat, gosetiaren kontzientzia eta kontzientzia gosetia. Nobelak argi ikusarazten digu bereizketa horren funtsa.

Aldi berean narratzaile eta protagonista den idazle horrek ez du izenik. Idaztetik bizi gura duen gaztea da. Saiakera filosofikoak idazten ditu, poeta izan nahi du. Goseak eragindako krisi existentzial eta mistikoetan idazten ditu sarritan sorkuntza-lanak. Haatik, biziraun ahal izateko ez dio kazetaritzari muzin egiten: artikuluak idatzi eta egunkarietara daramatza. Batzuetan argitaratzen dizkiote eta diru pixka bat irabazten du; gehienetan ez. Edonola ere, premia hutsak bultzatzen du kazetaritzara, ez du lanbide finkotzat nahi, sosa lortzeko bitarteko puntual gisa darabil.

Istorioak ez du urte askorik hartzen: aste edo hilabete gutxi batzuk baino ez, iruditu zait. Bestalde, egutegiko denbora baino muntazkoagoa da idazlearen gorputzarena: zenbat ordu daramatzan jateke, noiz jan duen azkenekoz, noizko espero duen artikulu baten ordaina eta ondoriozko sabelaldia. Zehazki, idazlearen gose-zikloen arabera antolatzen da denbora: aurrena gosea, hurrena dirua lortzeko aukera, gero janari apur bat, ondotik dirua bukatzen zaio eta buelta berriro gosera.

Amatiño
Amatiño dio:
2026/09/25 19:43
1962 urtean irakurri nuen "Hambre". Ez dakit zergatik. Behar bada joeran zegoelako nerabeen artean. Badakit gustatu baino, inpresionatu egin ninduela. Ez naiz gogoratzen zergatik inpresionatu ninduen. Badakidana da hurrengo bi-hiru urteetan hasi nintzela Zeruko Argian Eibarko berri-emaile, eta hamabost urte geroago enpresari izateari utzi eta lanbidez kazetaritzari ekin niola. Franco hiltzeaz aparte... Hamsunen eragina ote?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2026/09/26 10:19
Berriki audio-liburu gisa atera dute Hambre, gaztelaniaz, baina ez dut hartu. Oso ona da euskarazko itzulpena. Urteak joan urteak etorri, izugarrizko bibliografia bildu du Juan Mari Mendizabalek.

Ez dut uste Hambreren eraginagatik ekingo zenionik kazetaritzari, Amatiño, masokismorako joera izan ezean, eta ez du ematen. Merkatuko pieza tiranikotzat dauka Hamsunek kazetaritza, idazle gaztearen idealismoa xehatu eta haren gose fisiko zein psikologikoa areagotzen duena.

Prekarietateari eta biziraupen etsigarriari lotzen dio. Lanbide erromantiko intelektualki erakargarria izatetik urruti, bizirauteko borroka gupidagabean dago sartua. Protagonistak artikuluak idazten ditu txanpon gutxi batzuen truke (batzuetan argitaratzen dizkiote, maizetan ez); hala ere, txanpon triste horiek ez diote balio gosea asetzeko edo kalean ez geratzeko baino. Kazetari autonomoaren eta freelancearen irudi penagarria darakutsa, etsipenez eta ironiaz betea.

Kristianiako kazetaritzan ez dago lekurik zinezko arterako edo pentsamendu sakonerako. Protagonistak geniotzat du bere burua (oraintxe ikusi dut zelan bereizten dituen Euskaltzaindiak “genio” eta “jenio”), baina egunkariek artikulu axalekoak eta sentsazionalistak eskatzen dizkiote. Jan ahal izateko, bere talentua degradatu behar du, eta editoreen apeten eta publikoaren zalekeria arrunten arabera idatzi.

Egunkarietako editoreak botere arbitrarioaren adierazpenetako bat dira. Haien borondatearen eta umorearen mende dago idazle gaztearen patua. Nahiz eta batzuetan errukia erakutsi, sistema burges hotz baten ordezkari dira funtsean, eta ez zaie idazlearen miseria axola.

Gainera, idazlearen degradazio morala areagotzen du kazetaritzak. Gosearen eraginez, edozer idazteko prest dago artikulua saldu ahal izateko, baita sinesten ez dituen ideien aldeko testuak ere. Are, prest dago egia faltsutzeko ere. Hamsunenean, kazetaritza ez da egia bilatzeko tresna, baizik miseriatik ateratzeko aukera merkantilista aizuna, azken batean aukera barik ameskeria dela erakutsi eta huts egiten duena.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.