Kriptomnesia eta antsietatea
Azterketako lehen ordu laurdena pentsatu beste ezer egiteke egotekoa ez bezala, bigarren jarduera egokia —Bilkurako ponentziaren funtsa—, uste dut niri bururatu zitzaidala, baina auskalo. Badago kriptomnesia izeneko buru eritasun bat: ziur zaude ideia zeuk sortu duzula, baina benetan beste bati hartu diozu, edo lapurtu, eta ez duzu aipatzen, eta hori itsusia da. Litekeena da neu ere kriptomnesikoa izatea: edozein bide darabil inkontzienteak autoestimua sendotzeko. Hala balitz, barka, iturri ahaztu hori; barka, original ezezagun hori.
Harira: nondik nora, ikasleei eskuliburu helenistiko-kognitibista bat idatzarazteko premia, edo egokitasuna? Antsietatearen hedatze deskontrolatua izan da egon naizen azken ikastetxeetan aurkitu dudan arazorik larriena. Batxilergoan pairatzen dute batik bat, eta batik bat neskek. Maizegi ikusten dituzu korridorean eserita, dardarka eta negarrez, beren onetik aterata. Eta ez da suspenditu dutelako, baizik eta 10 beharrean 8 edo 9 artera dutelako, eta horrela ezin ametsetako graduan sartu. Urtero eramaten du anbulantziak larrialdietara ikasleren bat.
Irakasleak ere jotzen hasi da. Batxilergoko bigarren mailan, ikasleek espero zutena baino nota txarragoak banatu baino hiru ordu lehenago harrapatu zuen irakasle sentibera bat. Anbulantziak eraman zuen halaber.
Ez da harritzekoa ikastetxeak berak hasi izana larridura kontrolatzen ikasteko jardunaldiak antolatzen. Ikasturte hasieran ematen zaie ikasleei apuntatzeko aukera, eta arrakastatsuak izaten dira.
Dena den, eskuliburu helenistiko-kognitibista idazteko praktika zabalduko balitz gisako ikastaroak eta anbulantziak aurreztuko genituuzke, larridura apaltzeko ere balio baitu. Biziki onuragarriak izaten dira batzuetan eskuliburua erabiltzearen ondorioak: putzutik ateratzen laguntzen du eta bizimodua hobetzen.