Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ikasleak kontserbadurismora bultzatu

Ikasleak kontserbadurismora bultzatu

Markos Zapiain 2024/12/14 13:55

Iraultzaile franko dagoenez eibar.org-eko blogen irakurleen artean, eskuliburuari leporatzen zaion bekatuetako bat aipatuko dut: borrokatzeko gogoa desaktibatzen lagundu ei dezake, kontrairaultzailea izan liteke.

Alta, bistan da ezin zuzenagoa dela sistemaren bidegabekerien aurka borrokatzea. Eta larridura nerabea izan liteke borroka horren bultzatzaileetako bat. Ordea, eszeptikoei ez ezik, estoikoei ere kontserbadurismoa leporatu zaie. Ez zaitez mundua aldatzen ahalegindu, aldatu zeure burua, egokitu zeure burua gizarteari, gizartea injustua izan arren. Amor fati, goitik behera onartu patuak dakarkizuna.

Dena den, ikasleek erakusten dutenez, badago jarrera estoiko hori borroka politikoan txertatzeko bide teorikorik.

Demagun guztia onartzera deliberatzen garela, amor fati, patuak gizarte hau ekarri dit, amen.

Alde batetik, edozein gisaz, onartu beharra legokeen errealitatearen aldeetako bat litzateke gizartea aldatzeko grina ere. Gertaera guztien maitasun horrek, bultzada iraultzaileak maitatzera ere eramango gintuzke.

Mundua maitatzeari eutsirik ere, xede politiko-sozialen aldeko borroka onartuko genuke berebat horrela, gizartea aldatu nahia ere errealitatearen edo patuaren alde edo adierazpenetako bat bailitzateke.

Bestetik, helburu horiek lortzeko borrokan, ez al da onuragarria eta praktikoa burkide eta borrokakideen arteko harremana lasai samarra izatea? Beti izaten dira zailak eta mingarriak giza harremanak, eta, dirudienez, are gehiago alderdi politikoen, gizarte mugimenduen edo komandoen baitan. Hala ere, helburuen bila erabili beharra dago indarra, eta ez burkideen arteko gatazketan alferrik galdu, batez ere ezkerreko mugimenduetan maizegi gertatzen den bezala. Ez dirudi txarra borroka irabazi arteko sufrimendu psikikoa poxi bat apaltzeak; besteak beste, buru-bihotzak ondo dituzula, eraginkorragoa izan baitaiteke zeure borroka.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.