Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Komunitatearen gazi-gozoak (Azurmendi 6)

Komunitatearen gazi-gozoak (Azurmendi 6)

Markos Zapiain 2011/07/28 10:33

 

Berez ez dago zentzurik, ados; zuk janzten duzu bizitza zentzuz. Baina ez da egia osoa zentzua zeuk ipini duzula: komunitatean aurkitu duzuna onestea baita benetan egin duzuna, edo ezestea. Azurmendik dioen legez, “zerotik hasierarik ez dago adimenaren praktikan”.

 

Zentzua hizkuntzan mamitzen da. Eta hizkuntza bezala, zentzua ere komunitatean aurkitzen dugu nolabait. Ukatu ere, komunitateak eskaini digun zentzua ukatzen dugu. Hizkuntza eta zentzua legetxe, komunitatea babesa da, laguntza, gure ahalmen indibidualak garatzeko egokiera, baina aldi berean muga, itxitura, mehatxu. Esaterako, hitzek gure sentipenak eta sentimenduak bideratu eta gizarteratzeko balio dute, komunikatzeko, baita gure buruari ere; ordea, gure sentipen eta sentimenduak hein batean banalizatu egiten dira ulergarri bihurturik, izan lezaketen arraroa eta ezohikoa berdindurik gelditzen da. Lasaigarria da normaltasuna, baina bizipenen txirotzea dakar.

 

Arbasoek eskaintzen digute mitoaren aukera mundua zentzu batekin eta itxaropen apur batekin interpretatzeko. Ez du zertan derrigorrezko herentzia izan. Tradizio batek zentzu bila bidera gaitzake; besteak berriz zentzugintza oztopatu, zentzua asmatzeko edo are bilatzeko orduan itsutu, zentzuaren galdera bera mututu.

 

Lévi-Straussen metafora bere egiten du Azurmendik: tradizioa, komunitatea, bizitzaren zentzua, tranbia bat da. “Zu tranbian zoaz, tranbiak eramaten zaitu. Baina: bizitzako bidaiari pasibo hutsa ez bazara behintzat, zeuk erabaki behar duzu tranbiara igo ala ez, zein tranbiatara igo, edo ja tranbian bazatoz, eseriko al zaren, non eseriko zaren, leihotik paisaia begiratuko duzun, solastuko zaren bidaideekin ala isil-isilik zeuretzako bakarrik geratuko zaren, gogaitez edo goganbeharrez agian besteenganako, edo irakurtzen ala jaitsi egingo ote zaren, eta non, ala berton jarraitu, etab. Tranbia batean zoaz, eta tranbia badoa, baina berton zu nola joan, zeure erantzukizuna da.”

 

 

Erlijioan zentzuari betieratik, Jainkoaren magaletik, jariarazten zaio; aldiz, gogoeta razionalarentzat gizon-emakumea da zentzuaren iturria, nik ipintzen dut zentzua. Edozein gisaz, bizitzaren zentzuari buruzko galderei erantzunetako bat da erlijioa, baina bizitzaren zentzua zabalagoa da erlijioa baino. Bizitzaren zentzuaren galderari erantzunetako bat da Jainkoa. Hainbat dira erlijiosoak ez diren bizitzaren zentzuak. Esaterako, nola jarri gu geure komunitatearen aurrean: arazo hau ez da soilik erlijioan ageri. Eta hala ere bat egiten du Azurmendiren bizitzaren zentzuaren galderarekin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.