Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Komunetan erdi negarrez

Komunetan erdi negarrez

Markos Zapiain 2022/10/05 12:15

Pasada bat izan zen astelehenean gure ikastetxean gertatu zena. Lehenbiziko aldia izan da ikasturte honetan, eta nekez errepikatuko da. Zalantzak izan ditut, kontatu ala ez, barruko sentimendu sakonak mugitu baitizkit, eta ez nago ohituta halako zirrara intimoak jendaurrean erakustera. Begiak busti zitzaizkidan. Nire hunkidura ezkutatzeko komunetan gorde behar izan nuen. Behin lasaitu ostean, lekuko zuzen izan ninduen jazoera gogoangarri horren berri eman nuen irakasle-gelan, ahal bezain objektiboki, baina lankideek ez zidaten sinetsi.

Kontua da herenegun, ikasle bi, beren kabuz, inongo presio edo txantaje emozional zuzenik gabe, inongo aginduri obeditzen ez ziotela, espontaneoki, euskaraz hizketan entzun nituela.

(Ondo ulertu banuen, propoliaren eragin onuragarriaz ari ziren.)

Tamalez, ez dira nire ikasleak. Jone Olaetxea eta Peio Agirre dira gure garaiko heroi horien izenak. Bilbotarrak dira, hamazazpina urte dituzte. Bizi daitezela zoriontsu bezain luzaro.

Euskararen aldekoei ere lotsa ematen die ikaskideei hizkuntza koofizial horretan mintzatzeak ez ezik whatsappa bidaltzeak ere, nabarmenkeria hutsa ei da. Uholde nagusi itogarriaren kontrakarrean, inor entzuten zutenetz jakiteke, friki xelebre gisa baztertuak izateko arrisku handiari aurre eginez, Peiok eta Jonek burua kuraia harrigarriz altxatu eta euskaraz mintzatu ziren beren artean. Urriak hiru zituen eta eguraldia ez zen txarra.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.