Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Kolabo

Kolabo

Markos Zapiain 2024/11/13 09:47
Aritz Galarragaren Posteritatea-ren edizio fisikoaren hitzaurrea

Gero eta merke eta zehatzagoak dira zuhaitz genealogikoak; berriki jakin dugu kopista izan genuela arbaso bat, izkiriatzaile. Gutenbergen inprentak txirotasunean amildu zuen. Gugan bego. Boladan dago irakurgailu elektronikoen eta pantailen aurkako gurutzada berbatsua, betiko liburu-denda txikien eta paperezko liburuen leuntasun eta usainaren laudorio kurtsiekin nahasirik. Paperezko liburuak milaka eta milaka lagun utzi zituen haatik Europan langabezian eta miserian. Kapitalismoa ez du Amazonek jarri martxan. Liburuen aurkako herraren arrazoiak ez daude ezinbestez zentsurari eta faxismoari lotuak. Hor daukagu erruki eta elkartasun erretrospektiboa ere.

Asko irakurtzea txarra da, gorputz-arimetarako kaltegarri. Horixe da On Kixoteren, Virginia Woolfen eta Adolf Hitlerren kasuen irakaspen nagusia. Aritz Galarraga ere ez dut batere ondo ikusten. Irakurle porrokatuen mundualdiak aztertu, eta garbi dago: liburu barik, bizimodu eta izaera eder eta sakonagoak zituzketen. Uxue Apaolazak zioenez, larregi irakurtzeak bakartuko zaitu; autismoa ez dabil urruti.

Zaila da horrelakoak neurtzea, ez daukat estatistikarik eskura eta nire esperientzia mugatua da; baina esango nuke, oro har, asko irakurtzen duen jendea ergelagoa dela gutxi irakurtzen duena baino.

Zergatik erosten ditugu liburuak eta liburuak, senideak nazkatzeraino, ondo jakin arren ez dugula haiek irakurtzeko astirik izango, egunean hamaika orduz irakurriz ehunda hamar urtez bizirik ere? Nork ezagutzen du bere burua zinez atsegin duen irakurle amorratua? Zerk garamatza gehiegi irakurtzera, geure buruaz higuindu arte?

Txikitan maiz ikusten genituen gurasoak irakurtzen, ugaztunen artean garrantzitsua izaten da hausnarketarik gabeko imitazio primario lerdoa. Gainera, gure haurtzaro-gaztaroetan irakurtzea ondo ikusia zegoen. Eta sumatzen genuen boterea ematen zigula: irakurriz gero, hobeki mintzatzen ginen, zuzenago idazten genuen. Letretako oposizioak ateratzeko ere ez zetorren gaizki.

Gaur egun, hori guztia aldatu da. Badago gizarte osoa zeharkatzen duen hitzarmen isil bat, asko irakurtzen duela aitortzen duena bakean uzteko. Konfabulazio horrek ezkutatzen du herri xeheak zein eliteek benetan pentsatzen dutena: asko irakurtzen duena anakronismo hutsa da, bizitzari beldurra dion galtzaile biziotsua. 

Tamalez, beranduegi dugu irakurtzeari uzteko, edo neurrian irakurtzen hasteko, baina kultura eta hezkuntza sailburuek irakurtzearen onurak aldarrikatzen dituztelarik, adikzioa zer den ez dakiten fribolo kaskarinak iruditzen zaizkit; edo bestela, kezkagarriago, arrunt ongi dakite, eta horrexegatik goraipatzen dute, hain zuen: balizko irakurleak mundutik erretiratu eta desaktibatzeko.

Galarragak xiringa pasatzen dizu, irudi luke ez zaiola axola jendea kutsatzea; are, irudi luke ahalik eta jende gehien kutsatzea duela xede. Orain arte, Posteritatea-n bezala, liburuen propaganda eginez; aurrerantzean, arriskutsuago, editore lanetan. Ondo ematen du horrek guztiak Galarragaren maila etikoaren neurria.   

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.