Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Kokaina arrosa

Kokaina arrosa

Markos Zapiain 2025/10/21 17:40

Kokaina arrosarekin harrapatu dute Toledoko Artxidiozesiko apaiz bat Torremolinosen berriki, hamar papelina, eta atxilotu dute. Elizak ez du babestu.

Gero eta gehiago dira etorkin kristauak, baina ez dira Elizak nahi lukeen bezain maiz joaten mezetara. Zelan bete ostera ere tenpluak, nola erakarri fededun berriak, edo berreskuratu betikoak? Zein da erabili beharreko taktika egokia? Leon XIV.ak behin eta berriro idatzi du munta berezia eman behar zaiola komunikazioa fedearen alde ganoraz erabiltzeko estrategiak ondo pentsatzeari, eta estrategia berri horietako baten protagonista dateke Torremolinosko droga-zalea, gainera datorkigun korronte zabal baten aitzindari. 

Lekuko zuzenek kontatu didatenez, eta neuk egiaztatu ahal izan dudanez, meza katolikoak gero eta nabarmenago ari dira hartzen AEBetako meza ebanjelisten eta pentekostalen kutsua: espontaneotasuna, txisteak, espektakulua, emozio biziak... Martxa honetan, laster sartuko dituzte eliza katolikoetan ere gospel abesbatzak, bateriak eta gitarra elektrikoak, eta gure aiton-amonek eta hegoamerikar etorkinek txalotu, eskuak altxatu eta dantza egingo dute, eta gontzetarik jalgirik lurzoruan botata hankei eragin eta negar egingo dute, «aleluia!» deiadarkatu bitartean.

Gogoa nahastuta eta bizioak bultzatuta ekingo zion apika kokaina kontsumitzeari Torremolinosen atxilotuak. Ordea, gaur egun jende oro ohartzen da kokainak epe luzera dakarren hondamendiaz —eritasuna, polizia, azken beltza—, apaizak ere bai. Halatan, ez da erabat ezinezkoa Torremolinoskoak hondamendi hori bere gain jakinaren gainean hartu izana, ahal bezain sermoirik distiratsuenak egin ahal izateko benetako Jainko bakarraren amoreagatik. Arriskuen jakitun eta bere burua sakrifikatuz jo zuen menturaz kokainara, inspirazioa hauspotuta amerikar artzain ebanjelikoen tamainako energiaz predikatzeko, pulpitua utzi eta eszenatokian atzera eta aurrera lasterka eta jauzika ibiltzeko, fededunen baitatik deabruak uxatu eta sendatzeko, fededunen arimako korapiloak askatu eta Jainkoa haien barrualdean sartzeko.

Dena den, Elizak ez du aukera hori kontuan hartu nahi izan, eta inongo zalantzarik gabe baztertu du gizajoa. Baztertuen alde jokatzea da alabaina Jesu Kristoren agindurik inportanteenetakoa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.