Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Kant: gezurra, egiaren parasito

Kant: gezurra, egiaren parasito

Markos Zapiain 2026/05/09 12:22

Kantek dioenez, gezurtiak egia behar du, jendearen konfiantza egian. Bestela, inork ez lioke bere gezurra egiatzat hartuko, gezurra ez litzateke efektiboa.

“Ohituren metafisikaren oinarria”-n dazter Kantek promesa gezurtiaren paradoxa. Gezurra ezin da unibertsalizatu: diru-premia larrian dabilen norbaitek promesa faltsu bat egingo balu, bere maximaren unibertsalizazioak suntsitu egingo luke promesaren beraren aukera, zeren eta, guztiok horrela jokatuko bagenu, inork ez bailuke promesetan sinetsiko.

Ezinbestekoa du gezurrak, arrakastaz gauzatuko bada, egiaren konfiantza jendarteko praktikan aldez aurretik mamitu izana. Egia esateko ohitura orokorra behar du gezurrak; eta gezurtiak, besteen konfiantza. Promesen egiaren bermearen gainean baizik ez da posible promesa faltsua.

Bestalde, “Motibo onberengatik gezurrak esateko ustezko eskubideaz” artikuluan, Kantek dio gezurrak gizatasunari berari egiten diola kalte, zuzenbidearen iturburua bera hondatzen duelako, egiarekiko konfiantza publikoa ahultzen baitu.

Horrenbestez, Kantentzat, batetik, parasitoa da gezurra, egiari atxikiriko mintzamoldeen gainean bizi baita, egiaren odola xurgatuz; eta, bestetik, gezurra ezin da unibertsalizatu, unibertsalizatuz gero bere aukerak eta bere burua suntsituko bailituzke. Eta unibertsalizagarria izatea da Kanten iritziz edozein maximak etikoa izateko ezinbestez bete beharreko baldintza.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.