Kanpotiko kode morala versus borondate ona
Mitxelenak 1975an Txillidaz ziharduela idatziriko esaldi bik darakutsate mesfidatia zela errenteriarra kanpotik ezarritako edozein kode moralekiko, eta barne-jarrerak eta borondateak behar dutela etikan nagusi. Bestalde, bat datoz Mitxelenak beste hainbat idazkitan erakutsi jarrerarekin, eszeptizismo intelektuala eta zorroztasun etikoa uztartzen dituena.
Honatx lehenbiziko esaldia:
«Arteak ez luke etikari loturik egon behar, batez ere etika-lege horiek maizegi indarzaleek asmatuak direlako, nahasketa beste biderik ez baitute aurkitzen bere buruen alde jokatuko badute.» (Idazlan guztiak, XIV, 292)
Mitxelenak ez dio etika alferrikakoa denik, ezta arteak amorala behar lukeenik ere. Esaten duena da, batetik, artea ezin dela menperatu botereak ezarritako moral-kodeen bidez; eta, bestetik, arteari ez zaiola komeni boterearen interesen arabera dantzatzea. Mitxelenaren iritziz, etika-lege askok ez dute balio unibertsalik; aitzitik, agintariek beren interesak legitimatzeko asmaturiko tresnak dira. Halatan, artea moral ofizialaren zerbitzura jartzea arriskutsua da, propaganda bilakatzen ohi baita.
Mitxelenaren antidogmatismoa sumatzen da hemen ere. Ez zuen fede handirik moral-sistema itxietan. Bat zetorren horretan ere Popperrekin: jendarte irekiaren etsaiak dira beren burua egia osoaren jabetzat dutenak. Maizegi ezartzen dute kontrol politikoa etikaren izenean.
Bigarren pasarteak Mitxelenaren etikaren beste ezaugarri bat nabarmentzen digu, aurrekoari lotua:
«Bere eskuko den etikaren sortzaileak esan zuenez, eta ondorengo zuzen izan du Txillida, ez da deus mundu honetan eskubide osoz on dei dezakegun gauzarik, borondate ona izan ezik.» (Ibidem.)
"Bere eskuko den etikaren sortzailea" esapideak Immanuel Kanti egiten dio erreferentzia. Eta ez dirudi Txillida bereziki kantiarra izan zenik; bizialdi osoan ez, behinik behin. Dena den, ezin hautsizkoa dirudi Kant-Popper-Mitxelena katea. Gaur egun, “bere eskuko etika” baino sarriago darabilgu “etika autonomo”, “heteronomo”ri kontrajarririk. Hona hemen Kanten Ohituren metafisikaren oinarriak-en lehenbiziko esaldia:
«Es ist überall nichts in der Welt, ja überhaupt auch außer derselben zu denken möglich, was ohne Einschränkung für gut könnte gehalten werden, als allein ein guter Wille.» Gutxi gorabehera:
“Ez dago munduan ezer, ezta mundutik kanpo ere eskuarki, mugarik gabe ontzat har daitekeenik, borondate ona izan ezik.”
(Clément Rossetek esaldi horretan Kanten arazo mentalen bati antzeman uste izan dio, batik bat “ezta mundutik kanpo ere eskuarki” zehaztapen egiari zor aski txoroan.)
Mitxelenak bere egiten du Kanten intuizio etiko nagusietako bat: ekintzen balio morala ez dago emaitzetan, ez talentuan, ez adimenean, ezta arrakastan ere, baizik eta subjektuaren asmo edo borondate onean.
Bi esaldiak batera irakurrita, bistan da Mitxelenak ez duela arau heteronomoen ezein etikarik aldezten; ez du sinesten ez hamar mandamentuetan, ez kanpotik ezarritako bestelako kode zurrunetan, are gutxiago boterearen interesek kutsatutakoetan. Hala ere, ez da nihilista ez erlatibista; aldiz, unibertsalgarriak iruditzen zaizkion barneko zintzotasunari, borondate onari eta norberaren erantzukizunari ematen die lehentasuna.
Hortaz, immanentea da Mitxelenaren etika, ez soilik ez delako haraindiko transzendentziaren batean oinarritzen; gainera, honaindiko jokalekuaren mugen barruan ere, uste du kontzientziari dagokiola etika, eta ez kontzientziari kanpotik letorkiokeen inongo arau-katalogori, dela influencer edo guru batengandik, dela liburu sakraturen batetik. Zintzotasunak ez du zerikusirik gugandik at asmaturiko aginduak betetzearekin, at asmatu ostean guk ikasi eta erabilirikoak; alderantziz, giza neurri mugatuen barruan behar da bilatu. Eta, gizakia perfekzio morala erdiesteko gai ikusten ez badu ere, uste du duin izatera hel daitekeela, eta behin baino gehiagotan erakutsi duela egoera tragikoetan ere zintzoro jokatzeko ahalegina.
Mitxelenarentzat, munduak zentzu gardenik ez eskaintzeak ez du gizakia erantzukizunetik askatzen. Kanten oihartzuna nabari da hemen ere: ia guztia ken dakioke gizakiari, baina ez borondate onaren aukera.
Labur: Mitxelenaren etikaren arabera, fidagaitz izan behar dugu botereak ezarritako moralarekin; baina aldi berean ez diogu uko egin behar gure burua zorrotz epaitzeari. Giza ondasun gorena ez baita arrakasta, ezta egia osoaren jabetza ere, ezpada borondate ona.
