Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Kakalardo helezina

Kakalardo helezina

Markos Zapiain 2024/02/13 16:35

Wittgensteini lagun batek ziurtatu dio berak bakarrik dakiela bere mina zer den, eta bere oinaze propioari esker baino ez dakiela “min” hitzak zer esan nahi duen. Wittgenstein ez dago ados. Ez du uste “min” hitzak zer esan nahi duen jakin dezakezunik, zeure min pribatua bakarrik ezagututa.

Hasteko: hala balitz, besteen minari buruz ere horixe berorixe baieztatu beharko zenuke.

Bestalde, minaren kontzeptua hizkuntzan ikasten dugu, “min” hitza erabiliz eta erabilera horren jokoan sartuta. 

Kutxako kakalardoaren bidez ilustratu zuen Wittgensteinek desadostasun hori. Irudikatu zenbait lagun, nork bere kutxatxoa daukala, eta barruan “kakalardo” deritzoten zerbait. Inork ezin du besteen kutxan begiratu, berean baino ez; eta bakoitzak esaten du soilik bere kakalardoari begiratuta dakiela zer den kakalardo bat.

Baliteke, alabaina, beste zerbait izatea kutxetan. Gainera, ez da ezinezkoa zerbait hori etengabe aldatzea.

Edozelan ere, kakalardoei buruz mintzatzen dira lagunak: era ulergarrian eransten diote “kakalardo” hitzari esanahia, nahiz eta inork ez jakin besteek zer duten kutxetan; are, kutxa horietan zerbait ote dagoen. Beraz, garbi dago “kakalardo” hitzaren erabilera hori ez dela gauza baten izendapena.

Kutxan dagoen izakia ez da hizkuntza-jokoan sartzen; ezta "zerbait" gisa ere: baliteke kutxa hutsik egotea. Halatan, kutxan dagoenak edo ez dagoenak ez du garrantzirik. Lagunek “kakalardo” hitza nola darabilten, horrek erabakitzen du hitzaren esanahia, eta ez begiradatik gordetako balizko izaki pribaturen batek.

Kutxetako kakalardoek, kutxetako balizko izakiek, nolabait esateko, elkar neutralizatzen dute. Nire kakalardoak eta nire lagunarenak, batak bestea ezerezten dute. Eta geratzen den bakarra, irauten duen bakarra, “kakalardo” edo “min” hitzen erabilera da.

Wittgensteinen iritziz, hitzen esanahien izaera publikoa lotua dago gizakiok elkarri irakasteko dugun gaitasunarekin. Ordea, izaki pribatuak, kakalardoak, ez du zereginik irakaste-prozesu horretan, ezin baikara kakalardoraino heldu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.