Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Kairoko Arrosa Purpura

Kairoko Arrosa Purpura

Markos Zapiain 2011/08/03 18:07

 

1985ean atera zen “Kairoko Arrosa Purpura”, Koldo Goitiak Woody Alleni buruzko bere liburu ederrean “Hamarkada emankorra” deitzen dion laurogeikoan; “Zelig”, “Boadway Danny Rose” eta “Hannah eta bere ahizpak” ere, zein baino zein zoragarriagoa, hamarraldi hartan eman zizkigun.

 

Gaurkotasuna ematen diote “Kairoko Arrosa Purpura”ri krisialdi ekonomiko latzean gertatzeak, senarrak Ceciliari (Mia Farrow) tratu txarra emateak eta honek, inguru goibelari eta bizimodu frustragarriari ihes egitearren, zinema erabiltzeak, irudimenaren gauzatzeetako bat.

 

Ceciliari, “Kairoko Arrosa Purpura” bosgarren aldiz ikusten ari dela, pertsonaietako bat pantailatik zuzentzen zaio; filmetik irten egiten da eta abentura zirraragarria biziko du Ceciliarekin.

 

Woody Allen musikaria izaki horretxegatik izango da agian ohi baino diskretuagoa musikaren erabilera sentimentalari dagokionez; era berean, Koldo Izagirrek Pako Aristi poetari buruz zioen musikari izateak askatu duela beharbada erritmoaren eta errimaren gehiegikerietatik.

 

“Kairoko Arrosa Purpura”k, edonola ere, bere mugak marraztuko dizkio irudimenari: egokia izan daiteke egunerokotasun aspergarri edo mingarri bati bolada batez ihes egiteko, baina ezin zara irudimen hutsetik bizi.

 

Batzuetan gertatzen da errealitatetik ihes egiteko irudimenean bizitzen hasi eta irudimenezko mundua askoz ere izugarriagoa bilakatzea errealitatea zena baino; eta halako batean beranduegi izan daiteke eta nekez aurki dezakezu itzulbidea.

 

Horrela irakur daiteke Stanley Kubricken “Eyes Wide Shut”, Nicole Kidman eta Tom Cruise protagonista. Krisialdi gogor batek jo du bikotea, jelosia-eta, irudimenean bilatzen du babesa bikotekide bakoitzak bere aldetik, baina fantasia hain bilakatzen zaie ikaragarri, ezen azken elkarrizketan, Tom Cruisek Nicole Kidmani “eta orain zer egin dezakegu?” galdetu eta erantzuna “larrua jo” baita, alegia, ukigarrienera itzuli, sentipen errealenetara, gorputzean lur hartzera eta atseden.

 

Edonola ere, “Kairoko Arrosa Purpura”k zenbait iradokizun egiten dizkigu, Institutuetako ikasleei lan bat eginarazteko abiapuntu izan litezkeenak:

 

Marxek erakutsi zuen kapitalismoak iraun ahal izatekotan noizean behin krisi gogorrak pairatu behar dituela. Bere barne kontraesanek putzura daramate berandu baino lehen. Krisi horiek txiroenek nozitzen dituzte batez ere. Oraintxe bertan horixe ari da gertatzen.

 

Filmeko garaian, krisi ekonomiko latzak jota dabil Amerikako Estatu Batuak, Depresio handiak jota zehazki, 1929ko krak-aren ostekoa. Ceciliaren senarra langabezian dago, bere lagun piloa bezala; Cecilia bera lan umiliagarriak egitera behartua... Ulergarria da, sasoi hartan komunismoaren mehatxua kokotean sentitzea kapitalismoaren aldezleek, alternatiba gauzagarritzat jotzea beldurrez. Filmean irain gisa erabiltzen da “komunista!”.

 

Bestalde, Marxek esan zuen erlijioa herriaren opioa dela. Irudimenezko kontsolagarrien bidez (hil ostean benetan ondo pasako duzu eternitate osoan, zeruan; gainera, zenbat eta gehiago sufritu gure mundu honetan, orduan eta zuzenago eta lasterrago sartuko zara zeruan), txiroak lasai atxikitzen ditu, benetako egoera justu bat lortzeko gogoa desaktibatzen die.

 

Ez al da zinema Ceciliaren erlijioa, eta Tom, nolabait, bere Jainkoa? Bizitza errealeko miseriatik ihes egitearren zinemako irudi liluragarrietan bilatzen du Ceciliak kontsolamendua, bere benetako egoera hobetzeko erabaki zehatzak hartzea ahazturik.

 

Tomek bere buruaz dio perfektua dela, eta egia da. Ordea, ez du existentzia enpirikorik. Jende erreal oro duzu akasdun. Ceciliaren jarrera erlijiosoa da: Tomek ez dio jotzen, ez du abandonatuko, ezin du traizionatu... Jainkoak bezala. Ez duenez existentzia enpirikorik, ezin zaitu traizionatu; aitzitik, errealitatea beti izan daiteke traidore. Lekaimeek Jainkoaren altzoan bilatzen dutena bilatzen du Ceciliak Tom bezalako pertsonaia irudimenezkoetan. Ez da harritzekoa garai batean neska asko maitasun-dezepzio baten ostean sartzea lekaime.

 

Hirugarrenik, ametsezko mundu lausotik, irudimen amorfotik, masturbazio-eragile liluragarrietatik, maitasunak eta soilik maitasunak ahal zaitu erreskatatu. Tom ez bezala, filmaren baitako filmeko gainerako pertsonaiak ezin dira pantailatik irten, ahalegindu arren. Tom maiteminduta dago. Maitasunak baizik ez dezake pertsonaia pertsona bilakarazi.

 

Errealitatearen eta fikzioaren arteko jolasari dagokionez, fikziozko Tom mundu errealean sartzen da maitasunaren bidez, baina Cecilia ere maitasunari esker sartuko da zeluloidezko fikzioan. Eta behin errealitatera itzuli ondoren, fikziozko pertsonaiak Tom, Jill eta Ceciliaren maitasun-elkarrizketarekin hunkitu egingo dira, gu hunkitzen garen bezalaxe fikziozko istorio erromantikoen eraginez.

 

Korapiloa are interesgarriago bihurtzen da behin ohartuta Jill errealaren lehiakidea, Ceciliaren bihotzaz jabetzeko orduan, berak sortutako fikzioa dela, Tom.

 

Laugarren: filmeko aktoreen eta pertsonaien ezaugarri nabarmenena izaera nartzisista da. Batetik, denek uste nahi dute protagonistak direla, eta gainerakoek hori garbi ikus eta onar dezaten; haserretu egiten dira, muzindu, besteren batek protagonista izaera hori ukatzen dienean.

 

Bestetik, Jill aktorea, nartziso guztiak bezala, ez da gai beste bat maitatzeko, bere burua ahazteko. Cecilia maite du, soilik Ceciliak etengabe goraipatzen duelako, oroz lehen aktore gisa. Maite duena ez da Cecilia, baizik eta bere buruaren isla edertua Ceciliaren mintzo liluratuan. Nartzisoak ezin du maitatu bere burua baino, ezin du beste batengana jauzi egin.

 

Nartzisoaren maitasuna lehiak elikatzen du. Filmaren amaieran, Ceciliak ez daki nor aukeratu, Jill aktorea edo honek sortutako pertsonaia, Tom. Baina Ceciliak Jillen alde egitean, orduan Jillek Ceciliarenganako interesa galdu eta abandonatu egingo du. Beste interpretazio hau ere sinesgarria da, eta gaiztoagoa eta sakonagoa egiten du Jill, humanoagoa: ez da Ceciliaz zinez amorostu, paper hori berariaz jokatu du, hotzean, Cecilia bereganatu eta Tom pertsonaia berriro pantailan sar dadin erdiesteko, betiko bake tristea hedaturik ostera ere guztientzat.

 

Azkenik, Emma prostitutak garbi bereizten ditu maitasuna eta larrua jotzea. Tomek aditzera ematen duenez, berriz, maitasunik gabe ezin da larrua jo baino; maitasuna egiteko, maitemindurik egon behar duzu. Eta berak ezin du amodioa egin maitemindurik daukan Ceciliarekin baino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.