Juan Manuel Garcia-Ruiz eta materiaren autoantolakuntza
Txillardegiren baieztapen itxuraz enigmatikoa, alegia, materia, bizia eta pentsamendua ez direla kategoria guztiz bereiziak, fenomeno bakar eta beraren hiru adierazpen edo garapen-maila baizik, hobeto ulertzen lagun diezagukete Juan Manuel Garcia-Ruizen ikerketek.
Kristalografoa da Garcia-Ruiz, eta Protos proiektuaren zuzendaria. Lurrean bizia agertzea eragin zuten prozesu kimikoak eta fisikoak aztertzen ditu. Itxaso Jauregik Berria-ko Bizigiro atal liluragarrirako elkarrizketatu zuen.
Garcia-Ruizek uste du gai garela azaltzeko bizia nola sortu zen, eta gu nola agertu ginen. “Iruditzen zait edertasun zoragarria dela zehatz-mehatz deskribatu ahal izatea dena nola agertu zen, nondik atera ginen eta nola eboluzionatu dugun. Galdera hori egin behar diogu geure buruari, hori galdetzeko eginak gaude eta”. Garcia-Ruiz gai izan da laborategian sortzeko bizia agertu aurreko atmosferaren ezaugarriak, eta Lurreko egoera; halaber, eboluzioaren saiakera eta hutsegite ugariak ikertzeko moduko gune bat. Gaur egun, Lurrean bizia agertzeko prozesuan eragin zuten baldintza fisiko-kimikoak ikertzen dihardu batik bat. Haren ekarpenen artean nabarmendu dena da atmosfera eta ura ez zirela izan biziaren katalizatzaile bakarrak; munta handia izan zuten harriek ere, bereziki silizeak.
Garcia-Ruizen elkarrizketak eta lanak irakurrita, lehen begiratuan ematen du materialismo aleatorioaren tradizioan koka litekeela, Epikurorengandik Althuserrengana doana, Lukreziorengandik igarota. Kontuz ordea: Garcia-Ruizen esanetan, zoriak ez zuen bere kabuz bizia sortu; zoriak, materiaren propietateek eta naturaren lege fisiko-kimikoek elkarrekin ahalbidetu zuten biziaren sorrera. Materiaren antolakuntza espontaneoak badu gaitasuna biziaren ezaugarritzat jotzen ditugun zenbait egitura sortzeko, ezein organismo bizidunik egon aurretik ere.
Horrek Epikurorekin lotzen du, baina baita gaur egungo emergentismoaren zenbait bertsiorekin ere. Hainbat jakintzatan izaten ari da biziki emankorra Popperrek teorizatu eta Mitxelenak bere egin zuen emergentismoa.
Epikuro eta Lukrezio: materia, zoria eta jainkorik gabeko mundua
Epikuroren fisikaren oinarria atomismoa da. Atomoak eta hutsa besterik ez dago, eta atomoen mugimenduetatik sortzen dira munduko egitura konplexuak.
Lukreziok, Gauzen izaeraz obran, teoria hori zehaztu zuen. Hiru ideia azpimarratu zituen: aurrena, materia da errealitatearen oinarria. Ez dago naturaz gaindiko sortzaile baten beharrik; hurrena, naturak bere baitan ditu antolatzeko ahalmenak. Izaki bizidunak ez dira kanpotik ezarritako plan baten gauzatzeak; azkenik, kontingentzia funtsezkoa da. Mundua ez doa aldez aurretik finkatutako ezein helbururantz.
Lukrezioren “clinamen” delakoak, atomoen ibilbidearen desbideratze espontaneo aleatorioak, berebiziko garrantzia hartu zuen gero Althusserren interpretazioan.
Ordea, kontuz ibili behar hemen ere: clinamena ez da gaur egungo zientziaren ausazko prozesuen baliokide zehatza. Epikuroren fisikako kontzeptua da, eta Althusserrek metafisikoki berrinterpretatu zuen.
Althusser: topaketa aleatorioa eta egitura egonkorraren sorrera
Azkeneko urteetako idazkietan azaldu zuen Althusserrek materialismo aleatorioaren ideia, bereziki Le courant souterrain du matérialisme de la rencontre testuan. Lukreziok bezala, edozein teleologia ukatu eta aldarrikatu zuen ez dagoela mundua aurrez ezarririko xede batera gidatzen duen behar historiko edo metafisikorik.
Lehenik, elementuen topaketa gertatzen da. Topaketa horrek iraun dezake, edo ez. Irauten baldin badu, egitura egonkor bat sor daiteke. Eta egitura sortu ondoren, bere legeak eta erregulartasunak garatzen dira. Hor dago bereizketa erabakigarria: kontingentea izan daiteke topaketa, baina topaketatik sortutako egituraren funtzionamendua ez da ezinbestez aleatorioa.
Garcia-Ruiz: materiak bere burua antolatzen du
Garcia-Ruizek erakutsi du mineralen formazioak biziaren formak imitatzen dituela. Garcia-Ruizek laborategian sortutako biomorfoek izaki bizidunen antzeko forma harrigarriak dituzte: espiralak, harizpiak, egitura kurbatuak... Baina ez dira bizidunak. Silizearen eta karbonatoen prozesu fisiko-kimikoetatik sortutako egiturak dira. Muntazkoa da horren ondorio filosofikoa: biziaren itxura duten formak sortzeko ez da aurretik bizirik behar.
Garcia-Ruizek uste du artean bizirik ez zuen planetan bazirela egitura mineral autoantolatuak. Lur primitiboaren baldintza geokimikoek bideratu zituzten, eta egitura horiek kimika prebiotikoa katalizatu zuten. Horrek ez du frogatzen bizia nola sortu zen, baina badarakutsa bizira iristeko bidearen zati bat materia bizigabearen propietateetatik azal litekeela.
Eta hemen sortzen da Althusserrekiko lotura. Althusserren eskemaren arabera, kontingentea izaten da elementuen arteko topaketa; ondoren, haatik, harremana egonkortu liteke, eta egitura bat sortu. Eta legeak izaten ditu egitura horrek.
Garcia-Ruizen ikerketetatik, berriz, ondorioztatzen da ezen Lurreko baldintza geokimikoek bideratu zituztela autoantolakuntza mineralak; autoantolakuntza mineralek katalizatu zuten kimika prebiotikoa, eta honek ahalbidetu zuen biziaren sorrera.
Ez Althusserrek ez Garcia-Ruizek ez dute uste egitura konplexua aldez aurreko diseinu inteligente zein memelo baten gauzatzetik datorrenik. Desberdinak dira hala ere: Garcia-Ruizen ereduan, baldintza fisiko-kimiko jakin batzuk gertatuz gero, autoantolakuntza ez da topaketa aleatorio hutsa, baizik eta materiaren portaera erregularra. Halatan, haren ikuspuntua ezin da materialismo aleatorio hutsarekin identifikatu.
Zoria eta halabeharra
Jacques Monoden Zoria eta beharrizanak ere badu lotura Garcia-Ruizen pentsaerarekin. Monodek azpimarratzen du eboluzio biologikoan mutazioen ausazkotasunak eta hautespenaren beharrezkotasunak duten harremana. Edonola ere, biziaren sorrerari buruzko haren ikuspegia ere kontingentziaren aldekoa da: ez zegoen aurresaterik unibertsoak bizia sortuko zuela.
Garcia-Ruizen lanak beste alde bat nabarmentzen du: materiaren propietate fisiko-kimikoek egitura konplexuak sortzeko duten gaitasun erregularra. Eta galdera bat pizten du diferentzia horrek: zoriak sorturiko salbuespen miragarria da bizia (Monod), ala materiak baldintza egokietan garatzeko duen aukera naturaletako bat (Garcia-Ruiz)?
Bi aukera horiek ez dute elkar baztertzen. Baliteke biziaren sorrerak topaketa kontingente batzuk behar izatea, eta topaketa horien ostean prozesu fisiko-kimiko erregularrak abiatzea, Althusserren eskeman legez.
Epikurorengandik emergentismora
Epikuroren atomismoak munduaren azalpen materialista eskaini zigun. Garcia-Ruizen ikerketak, berriz, materiaren autoantolakuntza aztertzen du.
Materialistak dira biak, baina bigarrenak galdera berri bat planteatzen du: nola sortzen dira materia bizigabetik aurreko osagaietan bat-banaka agertzen ez diren propietateak? Eta galderak berak garamatza emergentismora.
Emergentismoaren bi bertsio bereizten dira: batetik, ahula: propietate berriak osagaien elkarreraginetatik sortzen dira, eta printzipioz prozesu fisiko-kimikoen bidez azal daitezke; bestetik, gogorra: maila berriek aurreko mailako legeetara erabat murriztu ezin diren propietate edo ahalmen kausalak dituzte.
Garcia-Ruizen esperimentuak lehenbizikoari dagozkio, eta ez dute bigarrena frogatzeko balio.
Garcia-Ruizen materialismo konplexua
García Ruizen ikerketa-programa Epikuroren eta Lukrezioren naturalismo materialistarekin bateragarria da; Althusserren materialismo aleatorioaren ikuspegitik ere interpreta daiteke; eta materiaren autoantolakuntzari ematen dion garrantziak emergentismo fisiko-kimikora ere hurbiltzen du.
Lukreziok naturaren fenomenoak jainkoen esku-hartzerik gabe azaldu nahi zituen. Garcia-Ruizek ere espresuki adierazi du ez dugula jainkorik behar biziaren sorrera azaltzeko. Dena den, litekeena da ateismoa baino emankorragoa izatea Lukrezioren eta Garcia-Ruizen arteko beste bat etortze hau: materia ez da pasiboa, ez dago zain, kanpoko indarren batek forma eman diezaion; aitzitik, materiak berak sortzen ditu formak.
Eta honek lotura argia du Goetherekin eta Humboldtekin. Goetheren naturaren morfologian eta Humboldten hizkuntzaren "energeia" kontzeptuan ere badago forma kanpotik ezarri ordez barne-dinamikatik sortzen delako ideia. Jakina, ez da gauza bera kristalen autoantolakuntza eta hizkuntzaren jarduera sortzailea. Hala ere, ezin uka antzekotasun horren indar filosofikoa.
Bi tradizio desberdinen arteko elkarrizketa ahalbidetuko luke horrela Garcia-Ruizen ikerketak: batetik, kontingentziaren materialismoarena, Epikuro, Lukrezio eta Althusserren ildotik; bestetik, autoantolakuntzaren eta formaren sorreraren kontzeptua, Goethe, Humboldt eta emergentismoarenetik.
Eta hortxe gelditzen da airean galdera filosofiko nagusia: materiaren autoantolakuntzak bizia sortzea posible egiten du soilik, ala joera ote du baldintza jakin batzuetan bizia sortzeko ere? Garcia-Ruizen ikerketek lehenbizikoaren aldeko oinarri esperimentala eskaintzen dute; bigarrena, berriz, ikerketa zientifikoaren eta eztabaida filosofikoaren eremuan dago oraindik.
