Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Joxe Azurmendi kongresua: euskal pentsamenduaren ur-jauzia II

Joxe Azurmendi kongresua: euskal pentsamenduaren ur-jauzia II

Markos Zapiain 2026/11/15 11:36

Abenduaren 16, 17 eta 18an “Joxe Azurmendi kongresua: euskal pentsamenduaren ur-jauzia II” egingo da, edo ospatu, Donostiako Carlos Santamaria aretoan.

Azurmendiren hizkuntzaren filosofiaz arituko naiz ni, eta hor barneratzeko Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua da libururik muntazkoena. Mamitsua bezain trinkoa da, batzuetan zaila. Trilogia bateko lehenbiziko liburukia da. Volksgeist. Herri gogoa eta Espainiaren arimaz dituzu bigarrena eta hirugarrena. Elkarrek argitaratu zituen horiek biak, Azurmendiren liburu gehienak bezala. Dena den, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak kontatu didanez, Humboldt-liburua Elkarren argitaratzen saiatu ere ez zen egin. Hain iruditzen zitzaion Azurmendiri berari antikomertziala, ez zuen argitaletxea konprometitu nahi izan, eta UEUren argitalpen-zerbitzu akademikoagora jo zuen.

Hizkuntzaren filosofiaren historia bat da liburua funtsean, hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanetan zentratua, erdigunean noski Humboldt. Humboldtek bereganatzen ditu orrialde eta kapitulu gehien.

Kantekin ekiten dio liburuari, baina Kantengana iritsi arteko Descartes, Locke, Condillac, Hume ere jorratzen ditu; baita Kanten osteko Herder ere, zeinari kapitulu oso bat eskaintzen baitio. Humboldt bera da esan legez liburuko bihotza. “Humboldt arte, Humboldt, Humboldten ondotik” izan liteke liburua antolatzeko modu bat. Zeren aztertzen ditu halaber Humboldten osteko Cassirer, Wittgenstein, Heidegger, Sapir, Whorf, Chomsky, Txillardegi, Davidson, Pinker eta Fodor, besteak beste.

Kongresuko nire hitzaldiak Azurmendiren liburuaren eta hizkuntzaren filosofiaren aurkezpen bat izan nahi luke. Aipatu autore horien artean, aztertuko ditut Joxeren Kant eta Herder, ondotik Hegel eta Kojève excursus gisa (Azurmendik Humboldt-liburuan ez dio Hegeli garrantzi berezirik ematen, eta errusiarra aipatu ere ez du egiten, baina Kojèveri buruzko tesia zuzendu zidan, eta garai arteko elkarrizketen oihartzun gutxi-asko fidelak ekarriko ditut).

Hitzaldiaren muinean, jakina, Humboldt bera izango da. Gero, Ortega y Gasset, Shoko Kishitani japoniarra eta Chag Tun-sun txinatarra, Donald Davidson, Jerry Fodor, eta, Fodorren aurka eta Azurmendiren alde, Hilary Putnamen inurri marrazkilaria. Bukatzeko, Sverker Johanssonek giza hizkuntzaren hasiera posibleaz dioenaren berri emango dut, Humboldtek planteatu ezineko arazotzat zuen arren.  

Esan bezala, trinkoa da Humboldt-liburua, konplexua. Lehenbiziko irakurraldian, konplikatua da Azurmendiren eta Humboldten pentsaerak bereiztea; alegia, Humboldtek esandakotik Azurmendik zer bereganatu duen, zertan dituzten adostasunak, eta zertan bereizten diren.

Bereizten diren horretan, alde batetik, Humboldten zenbait planteamendu eta auzi ditugu, Azurmendik bere sentitzen ez dituenak; eta bestetik, ez baitziren alferrik igaro ehunda sei urte Humboldten heriotzatik Azurmendiren jaiotza arte, Humboldtek ezagutu ezin izan zituen auziei Azurmendik emaniko erantzunak. Adibidez, Humboldtek ez zuen Darwin ezagutu, eta bat eginik ikusten zituen hizkuntzalaritza eta antropologia. Pentsa nola irauli duen Darwinek antropologia. Biologoa izan baitugu, ez filosofoa, azken 150 urteetan filosofian eraginik handiena izan duen pentsalaria.

Sakonak dira Humboldten eta Azurmendiren oinarrizko adostasunak. Bistakoa da Humboldtek Azurmendiri daragion lilura, beste aditu askok ere sentitua, hala nola Chomskyk eta Azurmendik anaiatzat duen George Steinerrek.  Steinerren aipu hau dakar Azurmendik:

“Humboldten obran murgiltzeak beste maila bateko adimen batekin jartzen gaitu harremanetan. Inteligentziaren jolasak, ohar eta iruzkin isolatuen fintasunak, eta argudioen zabaltasunak leku paregabea ematen diete hizkuntzari buruzko haren idatziei, osatugabeak badira ere. Humboldt da beharbada, Platon, Vico, Coleridge, Saussure eta Roman Jakobsonekin batera, zerbait zinez berria esan duen idazle eta hizkuntzaren teorialari bakanetako bat.”

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.