Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 8
Teismoa eta ateismoa ez ezik, beste hiru jarrera ere aipatzen ditu zegamarrak: “mitologia berria” deitu izan dena: Hölderlin, Wagner, Nietzsche, Jünger eta Mirande kokatzen ditu hemen. Kristautasunarenak egin du, eman behar zuena eman du honezkero, arrazoi eta zientzia modernoek iraganera bota dute, eta orain erlijio berri bat asmatzea dagokigu, moderniaren kritiken ostekoa, gizakia eta natura ikuspegi berri libre bitalista batez ulertuko dituena. Feuerbachen eta Marxen fedea Gizadiarengan ere hementxe ikusten du Azurmendik.
Laugarren, Gandiagarena: haurtzaroko mitologiara itzuli da, bere buruarekin borroka egin eta krisia pasatu ostean. Mitologia guztia abandonatu ondoren zentzurik ez zuelakoan, “orain zentzu eder berriz betea ikusten du, baina oraingoa guztiz beste zentzu bat da” (Azken egunak Gandiagarekin, 354). Marxen eta Freuden kritikak ezagutu ditu, beste erlijio batzuek liluratu dute, baina ez du alternatibarik ikusi, eta ez du alternatibarik gabe bizi nahi izan. Ondorioz, itzuli egin da eta badu zentzua: zirtzikatu egin zitzaion, baina, bere poesia lekuko, edo, zehazkiago, bere poesiaren bitartez, berritu egin du, eta bertan bizitzeko moduko txabola zaio orain.
GALDERA GALDU
Azkenik, eta bosgarren, Azurmendirena berarena: Gandiaga ez bezala, zentzurik gabe gelditu da. Ez dauka alternatibarik behiala asebete izan zuen mitorako, alternatibarik dagoenik ere ez du uste. Mitoak maite ditu, baina zentzua puskatu zaio. Batik bat, zentzuari buruzko galdera bera arrakalatu zaiolako. Honezkero jakin ez daki zein galderari erantzuten omen zion zentzuak.
Gandiagarena zein Azurmendirena Odiseak izan dira, bakardadezko ezinegona bizi izandakoaren itzulerak. Aldiz, seminariotik leninismora eta segituan liberalismora aldatzea, gailen dabiltzan olatuetan kortxo, gogoeta kritikorik gabe, egindako etxetik egindako etxera ibiltzea, ziurtasunez ziurtasun, ez da Odisea bat: “Odisea da etxea utzi, galduta ibili, eta, batek ez daki nola, atzera Itakara itzulia aurkitzea. Bitartean, jakina, oso posible da Itaka hori arras aldatuta agertzea; edo Odiseo bera egotea aldatua beretarrentzat ere kasik ezagutezina izateraino, zakurren batentzat-edo ez bada; edo berak Itaka uste duen hori batere ez izatea Itaka, oraindik beaziarren beste uharteren bat gehiago baizik. Odisea ez da korronteak eta zorteak eraman zaitzaten uztea. Naufragioa da, borroka, desesperazioa, autoengainua, Gozo uharteko gozotasunaren limuria, meditazioa, ihesa zeure buruari eta gustuei, 'jainkoren baten' laguntza; azken finean, herrestan zaramatzan historia korapilotsu bat, antzaldatzen ari zaituena. Odisea da ez jakitea odisea dela; ez jakitea jada itzulia zaren ala inoiz baino galduago, eta ez jakitea jadagoneko etxerik eta Itakarik batere inon ba ote dagoen.” (Azken egunak Gandiagarekin, 345-6)
Azurmendi, horrenbestez, etxekoen tranbian ibili ondoren kanpora jauzi egitea deliberatu eta hainbat bilakaera eta aldaketa bizi izan ditu bere kasa, eztanda, etsipena eta barealdia, estasia eta hotza. Baina tranbiara igo da berriro. Hori bai, zeharo aldatua dago bera eta zeharo aldatua aurkitu du tranbia. Are, ez da ezinezkoa beste tranbia batera igo izana, edo kohete batera. Zentzuaren zati apurtuak baino ez zaizkio gelditzen, sakabanaturik. Galeren artean nagusi, esan bezala, zentzuari buruzko galderarena.