Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 7
Azurmendi berez erlatibista eta eszeptikoa da, eta erlijio kontuetan eszeptizismoak kutsu agnostikoa hartzen du. Horrela, kontra egiten die Euskal Herrian soziologikoki ugarienak diren taldeei: Villasante eta Munillaren eiteko katoliko teistak, eta ustez hipermodernoak diren ateo zientifistak, XIX. mendeko positibismo zaharkituenaren fededunak izaten direnak, ia beti ohartu gabe.
Aurrena, ortodoxoena, Sukia, Cañizares eta Aita Sainduena: Elizaren doktrinak zeharo asetzen ei du zentzuaren eskakizuna, no problemo. San Agustinenean legetxe, Azurmendik “mito” deritzon fedearen edukiak ez dauka arazorik zientziarekin, egiarekin, errealitatearekin. Besteek dute beti errua: munduaren gaiztotzeak, kontsumismoak, gazteen errespetu faltak; Biblia bera ez da inondik inora arazo-iturri.
Hurrena, ukatzaileena, ateista zientfistena: lehenbailehen ahaztu behar dira umekeria horiek, ipuin horiek; modernian ez dute lekurik, antzinako kontuak dira, elkarrezinak zientziarekin eta pentsamendu razionalarekin: errealistak izan behar dugu, ez dagoenik ez bilatu. Aspaldi gainditu zuen zientziak erlijioa.
Gurean, jende gehienak bi jarrera horietako bat erakusten du.
EMOZIOA ETA JAKINTZA
Azurmendiren ustez, bizitza zentzuz jantzi zein zentzua ukatu, giza desirak egiten du. Horregatik inoiz ez dute inor konbentzitu Jainkoaren existentziaren edo inexistentziaren froga razionalek. Jendeari ez zaizkio axola, fedearen edo fedegabeziaren oinarrian ez dago-eta arrazoi logikoa, baizik eta emozioa, sentimendua, nahia. Azurmendirenean, mugarik esanguratsuena ez da fededuna eta fedegabea bereizten dituena, baizik tolerante librearen eta dogmatiko fundamentalistaren artekoa. Azurmendirekin ados, André Comte-Sponville ateistaren esanetan, ergela da aldarrikatzea “badakit badela Jainkoa” edota “badakit ez dagoela Jainkorik”. Zeren eta Jainkoa eta zentzua ez baitagozkio jakiteari. Zentzudunagoa eta zuhurragoa litzateke esatea “ez dakit Jainkoa badenetz, baina sinetsi nahi nuke badela”; edota “ez dakit Jainkorik badenetz, baina uste dut ez dagoela”; edota “ez dakit Jainkorik dagoen ala ez, ez naiz gai hori zehazteko, giza adimena ez da hain indartsua”.