Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 6
Pertsona konkretuen bizitza errealetan zentzua beti da plurala. Batetik, gertaera bera zentzu desberdinez hornitu dezake jendeak. Azurmendik oroitarazten digu adibidez Vesuvioren erupzioak zentzu desberdinak izan zituela biktima batzuentzat eta besteentzat, are kontrako zentzuak: Jainkoen zigor, Jainkoek gizakien debozioari jarritako proba, Jainkorik ez dagoelako froga nabarmena... Txit bestela, Pliniok, Jainkoak zeharo ahazturik, patuak zekarkion sumendiaren eztanda estoikoki onartu zuen.
Bestetik, bizitzaren zentzuak askotarikoak dira eta aldakorrak, baita batzuetan gutako bakoitzaren baitan ere, arima ugari barnebiltzen baitugu, zenbaitetan nolabaiteko harmonia lortzen dutenak, sarriago gatazkan dabiltzanak. Azurmendik horietako zenbait zerrendatzek dizkigu: arima edo arrazoimen bat izan dezakegu zientifiko zorrotza, bestea erdi mistikoa, poetikoa, hedonista, eszeptiko hotza, beste bat mailua maite duen filosofikoa, edota mailua eta igitaia...
Azkenik, Azurmendik azpimarratzen duenez, zentzua, bere baitan ere, singularrean aipatzen bada ere maiz, praktikan plurala izaten da: osagai etiko, estetiko, sentimental, politiko, filosofiko, erlijiosoen batuketa, giza esperientzian eta historian nahasturik baitabiltza etika, artea, politika eta erlijioa.
ATEISTEN ZENTZUA
Goetheren hitzak errepikatu izan ditu Azurmendik: Jainkoa, nork berea izaten du, komeni zaiona aukeratu edo asmatzen du. Jainkoari ukoa, berdin. Zentzua erlijiosoa izan daiteke, baina baita ateista ere. Zentzuz betea egon daiteke Jainkoari ukoa. Gurean, Jainkorik gabeko zentzuari dagokionez, Plinioren salbazio filosofiko pertsonalaren tankerakoek baino oihartzun handiagoa izan dute gizartea aldatzera emandakoek, justizia xede. Emilio Lopez Adan “Beltza”k laudorio bat egin zion Argia-n Iñako Trula bere adiskide hil berriari, eta hor munduko sufrimendua apaltzea ageri da zentzu gisa, eriak sendatzea, esplotazioa ezabatzea, orobat biolentzia eta tortura. Dena den, gure tradizioan, garamatzan tranbian, Gandiagarenean, oroz lehen erlijioak eman izan dio zentzua bizitzari, Jainkoak. Europan milioika lagun egon da Egiazko Jainkoaren alde bizia eskaintzeko prest. Iraultzak eta Aberriak ere bete izan dituzte zentzuz europarren bizitzak, baina ez hain luzaro. Gaur egun, betiko Europan, inor gutxiren bizitzari ematen diote zentzua Jainkoak, Iraultzak edota Aberriak, ez duzu idolo horien alde odola emateko gertu legokeen talde zabalik aurkituko. Pertsonen alde bai apika, seme-alaben alde. Aitzitik, ehunka mila lagun musulman topa ditzakezu orain bizia Egiaren alde emateko gertu. Michel Houellebecq batek uste du hortik etor daitekeela hurrengo zibilizazio-ziaboga garrantzitsua. Ostean, txinatarren uholde eskergak eramango omen ditu aurrean bai musulmanak eta bai ordurako geldituko diren kristau apurrak.