Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 5
Estasia, xede pertsonala eta argiaz gain, Azurmendik beste hainbat zentzu-mota aipatzen dizkigu. Zentzua “arau bat izan daiteke, ispilu bat, esperantzarako argi bat, abisu eta oharkizun bat, mehatxu bat ere, edo atseden ordu bat soila. Gizakiak, burua gora mundu zabalean, txabola bat egiten duen bezalaxe mendi hegalean gorputzaren aterperako, mito bat (zentzu bat) egiten du, haren barruan habitatzeko, gogoaren txabola. Mito bat (Jainko bat) zentzu bat da; zentzua espirituaren txabola bat.” (Azken egunak Gandiagarekin, 142)
Zentzua mitoan mamitzen da, ipuinetan, hitzetan. Fedearen edukia bideratzen duten ipuinak ez dira azalpen razionalak. Zehaztasunak egiten ditu hemen Azurmendik: mitoen bidez bizitza zentzuz janztea ez da irrazionala, baizik zientifikoa ez bezalako arrazoimen baten erabilera. Arrazoimen zientifikoak ez du zentzurik behar. Eta erlijioari ere arrazoimen bat dagokio, ez da i-razionala ez a-razionala. Bestelako gogoa darabil, munduko liluren aurrean zabalik dago eta ez ditu usainak eta koloreak zenbakira txirotzen.
Ebanjelioak bezalako erlijioetako ipuinen baitan bizi da sinestunaren zentzua. Heltzen doan heinean ipuin horiek, beren esanahiak eta eraginak, aldatuz doaz. Sinestuna ere aldatuz doa ipuin horien eraginez. Eta aldaketa horien guztien arabera, modu beti berriz ulertuz joango da unibertsoa, errua, heriotza, biziraupena, eta abar. Ttarttalo eta Koranaren gisako ipuinak “gizakiak bizitzeko asmatu dituen laguntza eskaintzak” dira (AeG, 177), gizakiari babesa emateko moduko txabola espiritualak.