Joxe Azurmendi (3): "Politikoak eta epaileak dira torturaren errudunak, poliziak baino gehiago"
-Aspaldikoagoa da ETA-ren azken hilketa azken tortura kasua baino. “Barkamena, kondena, tortura”n oroitarazi duzunez, Gurutze Gorriak nazien hainbat kontzentrazio esparru arakatu eta ez zuen tortura eta hilketa aztarnarik aurkitu. Sobietarrek askatu arte esparruetan gauzatzen ari zen genozidioa ez zen izan zurrumurrua baizik. Estatua arrakastaz arduratzen da ezinezkoa izan dadin tortura frogatzea. Inkisizioaz geroztik Espainiak inoiz ez dio torturatzeari utzi.
-Politikoek torturaren existentzia ezin probatzeko neurriak ezartzen badituzte, badakitelako da tortura badagoela eta egon dadila nahi dutelako. Torturaren errudunak politikoak dira, poliziak edo guardia zibilak baino askoz gehiago. Eta epaileak. Zergatik ez dituzte eskuak garbitzen, kantatuko luke Iparragirrek.
-Esan liteke zure obran “espainola” pertsonaia kontzeptual bat dela, arerioaren mamitzea, Platonenean sofista, Nietzscherenean apaiza edota Marxenean burgesa bezala? Figura horren ezaugarri nagusia kontzientziak inbaditu eta kontrolatzeko grina litzateke, ez soilik jendearen jarduera publikoa, baizik bizitza pribatua eta sentimenduak berak menpean hartzekoa. Edonola ere, filosofoak nolabaiteko lilura ere sentitzen du gogorren borrokatzen duen etsaiarengana. Zer du espainolak liluragarri?
-Espainia gauza asko da. Hiriak, paisaiak, literatura, artea, jendea. Ederrak eta maitagarriak. Eta da Estatu bat, nazkagarria, eta tradizio politiko batzuk. Eta da Estatu horren zerbitzuko erakundeak, prentsa, intelektualak, kartzelak eta torturak eta burlak. Txikitako eskola falangistatik gure bizitza bete duen Espainia. Horrek denak liluragarritik ez du ezer. Hala ere, ez nuke esango oso kutsatuak ez gaudenik, urte asko da azpian gauzkana.
-Giza eskubideen aldeko kontsentsuak, eta Jon Miranderen nazismoaren aurkako jipoi orokorrak, ia ez dute zirrikiturik: hedabideak, testu liburuak... Aginteak beharrezko izaten du kontsentsu oihulari horiek ezartzea. Zer adierazten du horrek? Aldi berean, izan ere, aginte horrek berak Ernst Jünger doktore honoris causa ohoratu baitu, idazle nazi eta XX. mendeko gerra laudatzailerik sutsuenetakoa.
-A!, baina Jünger alemana da eta Mirande euskaldun abertzalea. Botereak, badakizu, bortxa legitimoaren monopolioa dauka. Monopolio horren zati garrantzizko bat gezur legitimoaren pribilejioa da, Machiavellik baino lehen Platonek ikusi zuen legez. Gero, zuk esan bezala, testu liburuek, prentsak, agintearen gezur ofiziala artaldearen egia bihurtzen dute, eta artaldearen egia kultura da. Gure artalde kulturan Arana Goiri arrazista da, eta Ortega y Gasset ez, intelektual espainol handia baita. Hori horrela da Euskal Herriko Unibertsitatean ere. Ernst Jünger ohoratzeak eta Mirande desohoratzeak logika berari erantzuten dio. Eta begira, logika hori oso espainola da.
-Gurean etika elkarri disparatzen ibiltzen garela diozu, grina politikoak bultzatuta. Zenbaitek dio politikak etikaren menpe behar duela, politikak ez duela merezi ez bada balio etiko gorenak helburu hartuta baino. Nolakoa behar luke etikaren eta politikaren arteko harremanak?
-Has gaitezen pentsatuz, edo aitortuz, politikak eta etikak ez dutela harremanik batere. Gero teorian zer harreman izan dezaketen, pentsa genezake. Eta pentsa dezagun gero, zer harreman zinez edukitzea nahi dugun. Jakina, hori ez da mahai inguru batean erabakitzen, eta bai egunoroko praktikan eta kulturan. Ordea, guk gauzak beti erabakita egotea nahi dugu eta praktikatik diskurtsora ihes egiten dugu, praktikan geuk egin nahi ez duguna teoriari eskatuz. Teoriak, ordea, berdin irudika lezake Jesus Nazaretekoa Erromako Zesarraren tokian, edo Fernando Katolikoa Printzearen eredu bezala. Gure moralerako ez digu ezer laguntzen. Hau da, politikarik ez dago eginda eta moralik ez dago eginda, libururen batean. Guk egin behar ditugu. Gizakia abere askea da, eta askatasunaren prezioa arazo moralak nahiz politikoak berak erabaki behar izatea da.