Joxe Azurmendi (2): "Ez zaizkit gustatzen inori lehenengo razionalitatea ukatu eta gero Jainkoaren edo giza eskubideen amorez harekin tolerante omen direnak"
-Diozunez, Platonen Hirian badago Justizia, badira Jainkoak, baina poesia egotzia da; aldiz, Heideggerren Hirian bada poesia baina Jainkoak joanak dira eta Justizia arrastorik ere ez dago. Zer iruditzen zaizu filosofia handiak utzi digun ondarea?
-Filosofia handiak irakatsi diguna da filosofia handia proiektu inposible bat zela. Akropoliko Museoan bezala da. Fragmentoak besterik ez da ikusten, eta noizean behin puska oso bat. Fragmento artean bizi gara. Gure tradizio erlijiosoen puskailetan esate baterako.
-Halatan, erlatibismoa aldarrikatzen duzu etikan, eta ihardukitzen dizute horrek edozein balorazio eragozten duela, erlatibista koherentearentzat berdin diola behartsuari laguntzea edo klitoria erauztea, giza eskubideak eta apartheida.
-Astakeria hutsa. Erlatibismoak, hain zuzen, arrazoiketa suposatzen du, eta arazo bakarra da arrazoiketa horren azken fundamentazioa. Alegia, sexu ablazioari buruz gerta daiteke zuk eta nik razionalki eztabaidatu eta konklusio kontrarioetara heltzea. Bigarren, zuk razionalki oinarritu dezakezu neskatoari klitoriaren erauzketa moral eta gizatiarki onartezina zergatik den. Baina haren amak pentsatzen badu europarren arrazoiketa guztiak baino bere tradizioak pisu moral handiagoa duela, alferrik ari zara. Arrazoiketak zuretzat balio du, harentzat ez. Zerk justifikatzen du arrazoiketak balio izatea edo ez? Bide batez: razionaltasunari baino gehiago tradizioari lotzen zaion jendea aurkitzeko ez dago Afrikara joan beharrik. Orain arazo hau sortzen da. Razionalki arrazoia zuk duzula zuretzat segurua denez, intolerantea izan behar al duzu neskatoaren amarekin? Logika inkisitoriala eta koloniala hori izan da. Ala arrazoia eta zuzentasuna sakrifikatu eta tolerantea izan, eta basajende horri irrazionalak izaten segitzea baimendu? Hau modernoagoa da. Nola justifikatzen da hori razionalki, ez karitatearekin? Erlatibisten erantzuna hau da: arrazoimenak ez dauka bere buruaz seguruegi zergatik egon, ez da absolutua. Zentzu ezberdinetan da erlatiboa. Perspektibaren kontua dago, hizkuntzaren kondizionamendua, giza arrazoimenaren mugatua, razionalitate tipo diferenteak, etab., eta batez ere arrazoiketaren balioaren oinarri historiko-kulturalen erlatibotasuna. Zu eta ni arazo moral edo politiko baten aurrean ados ez bagaude, adostasun bila eztabaida razionalean jarraituko dugu, biok ere gure kulturan razionaltasunaren balioa aitortua baitaukagu. Lehenago Bibliarekin edo Koranarekin argudiatuko genuen. Arrazoimenaren aitorpen amankomun honetan dago haren balioaren azken-azken oinarria, arrazoiarekiko gure fede eta adostasun kolektiboan. Harago joan eta razionaltasunaren balioa bera razionalki oinarritu nahi badugu, sorgin-kurubilean sartzen gara. Arrazoiaren balioa demostratzeko arrazoiaz baliatu beharra daukazu, baina arrazoiaren baliagarritasuna zen demostratzeko zegoena. Betaurrekoak bilatzeko betaurrekoak behar dituzunean bezala. Neskatoaren amak zure razionalitatea ez onartzea ez da derrigor irrazionala.
-Zer gertatzen da biok razionalak izan baina kontrako ondorioetara heltzen bagara?
-Arrazoimenean fededunok metodoaren arazoa dugu. Ematen du arrazoiketak nahitaezko adostasuna izan behar duela emaitza. Ados ez bagaude, arrazoiketan akatsa non dagoen bilatuko dugu. Aldez aurretik badakigu, edo uste dugu jakin, ongi arrazoituz gero ezin dugula ez ados bukatu. Arrazoimena bat da, metodo egokia erabiliz gero ezin da konklusio berera ez iritsi. Metodoak, ordea, konklusioaren egiari forma ematen dio, ez fundamentazioa. Nola eta ez dugun aurretik adostu fundamentazioa metodoaren egokitasun formalean datzala, koherentzia-eta. Hori egiten baitute gaur zientziek, oinarriztapen metafisikoen beharrik gabe. Zentzu horretan, zientziak izan dira lehenengo erlatibistak. Haientzat egiek ez daukate betikotasun eta aldaezintasun pretentsiorik. Besterik zen arrazoimenaren eta fundamentazioaren zentzu klasikoan. Descartesengan metodoa gune arkimediko absolutua zen, Kantentzat berdintsu. Egiak betiko izan behar zuen egia, edo ez zen egia. Razionalak beti eta edonon izan behar zuen razionala. Historia honetan ulertu behar da gaurko erlatibismoaren zentzua. Razionaltasunaren kontzeptua aldatu egin da, hori da dena. Razionalitatea ez dago bat bakarra, tipoak daude. Hori jakinda eztabaida genezake beharbada neskatoaren amarekin, gure razionalitateari uko egin gabe, baina haren razionalitate erlatiboa aitortuz. Gure arrazoiak nagusiarazten ahalegintzea da gure obligazio morala, eta haren razionalitateari errespetua inoiz ez galtzea. Erlatibismoak esan gura du badakigula gure arrazoizkotasunaren konfiantzak eta erabilera mendebaldarrak oinarri historiko, kultural, sozial konkretu batzuk dituela. Fundamentu pragmatiko, erlatiboa. Arrazoimen tolerante bat ez dakit beste nola justifika daitekeen. Ez zaizkit gustatzen inori lehenengo razionalitatea ukatu eta gero Jainkoaren edo giza eskubideen amorez harekin tolerante omen direnak. Erlatibismoak ez du esan gura arrazoimena erlatiboa dela eta baztertu egiten dugula. Filosofian, behintzat, arrazoimena beste baliabiderik ez dugu. Bakarrik esan nahi du arrazoiarekiko ere kritikoak izan behar dugula. Kanten lezioa da.