Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zein garesti izaten den gurean hitzaldi bat ematea, ez bada sukaldaritzaz

Zein garesti izaten den gurean hitzaldi bat ematea, ez bada sukaldaritzaz

Markos Zapiain 2013/01/13 12:15

Bi urtean behin egiten den Nazioarteko Ontologia Kongresuan Euskal Herriko Unibertsitateak hartzen du bere gain antolatze lanik funtsezkoena. Besteak beste, bertan mintzatu izan dira René Thom, Ulises Moulines, John Searle, Pedro Migel Etxenike, Steven Pinker, Daniel Dennett, Jonhatan Barnes, Alain Badiou, Xavier Rubert de Ventós, Ilya Prigogine eta Jacques Bouveresse. Kongresuan ingelesa eta espainola izaten dira nagusi, baina euskarari txokotxo bat gordetzen saiatzen dira. Hitzaldi horiek, euskarazkoak zein erdarazkoak, prestakuntza-lan franko eskatzen duten arren, ez dira ordaintzen, filosofia ez baita sukaldaritza.

Euskarazko gai nagusia, aurten, Lukrezioren poema zientifikoa izan da, Gauzen izaeraz. Aurrena hitzaldiak eta gero hizlarien arteko elkarrizketa. Udaberrian idatzi zidaten parte hartzeko eta udan denbora luzea eman dut prestatzen. Gauzen izaeraz ez ezik Epikuroren testu nagusien euskal itzulpena ere berrirakurri dut, Menekeorentzako gutuna eta Iritzi gorenak, Javier Agirrek ondua, baita Epikurori buruzko Jean Salem, Carlos García Gual eta Emilio Lledó-ren liburuak ere, eta Lukrezioren inguruko literatura niretzat berria erosi eta irakurri dut: Jean Salem bera (el puto amo), Marcel Conche, André Compte-Sponville …

Kongresua urrian izan da, Donostian. Aurten asteazkena dut egunik arinena: arreta ordu bi eta guraso ordu bat. Gurasoak ia inoiz ez dira ezustean etortzen, aldez aurretik deitzen dute. Eta arreta ordua izatez zaintza mota bat da: ikasleak etxeko lanak egiten dituzten bitartean zaindu behar dituzu, ez dira eduki zehatz bat transmititzeko ikastorduak. Horrenbestez, kongresukoei eskatu nien azteazkenean jartzeko nire hitzaldia. Urriaren 3an ipini zuten. Institutuan txukun-txukun utzi nuen zaintzako liburuan guztia idatzirik. Arazorik sortzeko inongo arriskurik ez.

Aurreko Ontologia Kongresu batzuetan aritua nintzenez, eta zuzendaritzek ez zidatenez inongo eragozpenik jarri, zaintzena konponduta utzi eta lasai asko abiatu nintzen kongresura. Biharamunean absentzia justifikatzeko paperak bete, EHUko justifikante ofizial zigiluduna erantsi eta itxuraz listo.

Itxuraz baino ez. Gure institutuak bi etxe ditu. Bi etxeak gobernatzeko hamar lagun zeuden lehen zuzendaritzan, etxe bakoitzak zuzendaritza bana. Orain, berriz, bi etxeak erabiltzen jarraitzen dugun arren, zuzendaritzan ez daude sei lagun baino eta lanez lepo ibiltzen dira. Irakasleok, oro har, zuzendaritzaren lana arintzen ahalegintzen gara, gure kabuz konpon dezakeguna gure gain hartuta, zentzuzko elkartasunak agintzen duen bezala.

Horri dago lotua ohartzeke egin nuen akatsa. Nik ez nekien, baina horrelako hitzaldi bat emateko derrigorrez eskatu behar zaio zuzendariari baimena eta berak erabaki behar du onartu ala ez. Ziur aski, aurrekariak aintzat hartu eta inertziaz uste izan nuen baimena nolabait erdi automatikoa zela, eta, institutuko martxan eragin nezakeen desoreka apurra nire aldetik bidera nezakeenez, burutik pasatu ere ez zitzaidan egin zuzendariaren denboraz eta arretaz kontu hutsal horregaz jabetzea, bere garunak are gehiago enbolikatzeko. Edo beharbada bai, baina litekeena da, maiz gertatzen den legez, aurreko egun haietan ez ikusi izana. Osterantzean beste barik komentatuko nion, ez nuen zertan ezkutukerian ibili. Onartzen dut nire errua, araudia bete beharra dago, 600 lagun gabiltza institutuan eta ezinbestekoa da diziplina eta ordena, egia da.

Ondorioak iruditu zaizkik gehiegizkoak: joan den barikuan, 2013ko urtarrilaren 11, gertaerez geroztik hiru hilabete pasatxo zirela igaroak, José Otaduy Carballo ikuskariak jolas-orduan deitu zidan. Hiru hilabete hauetan ez ikuskaritzak ez zuzendaritzak ez dit ezeren berririk eman, ez dut nire bertsioa azaltzeko eta nire burua defendatzeko inongo aukerarik izan. Barikuetan 6 ikastordu dauzkat segidan, nekeza da 6 orduz jarraian jendaurrean berbetan jardun beharra, jolas-orduko hamaiketakoa atsedenaldi bakar. Otaduyk hamaiketakoa eragotzi zidan. Hurrengo hiru orduetan patata-tortilla eta kafe hutsa gosaldu izan banitu baino askoz ere ahulkiago mintzatu nintzen, euskal irakaskuntzaren kalterako, bien bitartean klarionaren desertoreen popak eta poltronak nahastuz zihoazela.

Ikuskariak jakinarazi zidan hiru hilabete lehenago Ontologia Kongresuan hitzaldi hura emateko institutuan arreta ordu bi eta guraso ordu bat galtzeagatik falta bat eta apercibimiento bat ezarri behar zizkidala, soldatatik egun oso bati dagokiona kentzeaz gainera. Larderiatsua zen tonua, zenbait jende ikuskaritzaz edo ikasketa burutzaz jabetu bezain laster Julio Zesar balitz bezala hasten da jokatzen.

Hain zuzen, gure zuzendaritzari dei mehatxari horren berri eman ondoren ikasketa buru batek esan zidan “agian guraso batzuek nahiago izango zuten zu egun hartan institututik ez joatea”. Agian bai eta agian ez. Dena den, ez al da tristea ikastetxe batean halako arrazoibideak erabiltzea? Otaduyrekin eta zuzendaritzarekin mintzatuta, irudi zuen gu barne hartzen gaituen hezkuntza publikoari lotutako erakunde batera nire ikasgaiari goitik behera datxekion hitzaldi bat ematera beharrean putetxe merke batera nintzela isil-gordeka joana.

Falta, apercibimiento eta mehatxu horiei dagokienez atzera egin dute. Hori bai, egun bateko soldata kenduko didate. Jakina, hitzaldia emateagatik xentimorik ere ez nuen kobratu. Hitzaldiagatik deus ez eta dietarik ere ez. Aurten institutuan 10etan sartzen naiz asteazkenetan (egun bakarra, beste guztietan 8:15), baina asteazken hartan hitzaldira garaiz iristeko goizeko 7:15etako trena hartu behar izan nuen Bermeon, gero Bilbon autobusa Donostiara, gero beste autobus bat Amaratik Antiguara. Bazkaldu eta Bermeoraino buelta, dena nik ordainduta. Aparte, hitzaldia behar bezala prestatzeko udan erosi nituen liburuak. Gurean ez da bat ere merke ateratzen hitzaldi bat ematea. Eta zertan da goitik bultzatu nahi omen duten autoformakuntza hori?

Hau idazten ari naizen bitartean irakasle gelako inprimagailuan bost folio agertu dira: “Viajes a Canarias. Grandes Ofertas”. Egia da, diziplina behar da, ohitura benetan usteletara bideratu diru publikoa alferrik ez xahutzeko kontrola.

urbinaga
urbinaga dio:
2013/01/14 13:39
Animo, dabilenari gertatzen zaio. Nabarmentzeak batzutan horrelako bekaizkeriak dakartzala. Burrokraziak ez du Lukrezioren poema zientifikoaren gozamena ulertuko.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2013/01/14 20:47
Raimundo, pena da baina apur bat ezagutzen nauen inork ez du nire bekaizkeriarik. Arazoa da txikitan matxakatua izan den zenbait jendek helduaroan boterea mendekua hartzeko erabiltzen duela, ia edonoren aurka, edo modu arras zurrunean bereizirik lagunak eta etsaiak. Horixe izan zen Tony Blairen Chancellor Jack Strawren kasua, halaber Luc Ferryrena, Raffarinen Hezkuntza Ministro izan zena. Buru handia izateagatik egin zieten bullying txikitan eta gero errugabeek pairatu behar haien mendekua. Injustuki erasotua izan naizelako sentimendua sekula santan bullyingik egin ez izanak areagotzen dit. Bueno, Epikurok eta Lukreziok ederki laguntzen dute halako hasbeherapenak leuntzen eta ilundurak argitzen.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.